Pradalesen esanetan, neurriaren helburua da “ziurgabetasun globalaren, krisi energetikoaren, Ukrainaren inbasioaren eta munduko hornidura-kateetako tentsioen ondorioz sektoreak jasaten dituen kostu-igoerak arintzea. Gure kalkuluen arabera, deskontu hori ezartzeak hiru milioi euroko kostua izango du Interbiaken, diru-sarrera txikiagoengatik”.
Bestalde, deskontu berriak egongo dira erabilera-maiztasunaren eta motorraren tipologiaren arabera. Horrela, urtarrilaren 1etik aurrerako deskontuak eta hobariak eskaintzen dituen dekretuak jasoko duenez, % 13ko deskontua egongo da erabileraren maiztasunagatik. Hori da gutxieneko igarotze-kopuru batetik aurrera Europako Batzordeak baimendutako gehieneko ehunekoa, eta gaur egun bakarrik Supersurrean dago indarrean; baina datorren urtetik aurrera Bizkaiko ordainleku guztietara zabalduko da, 3,5 tonako baino gehiagoko kamioientzako ordainketa ezartzen duten bide berriak barne.
Erabilera-maiztasunagatiko deskontu konbinatuak ere izango dira. AP-8 eta Supersurren dagoeneko aplikatzen diren deskontu konbinatuez gainera, Supersur eta AP-68 errepideen erabilera konbinaturako deskontuak ezarriko dira. Horietan ere % 13 aplikatuko da. Era berean, gutxiago kutsatzen duten motorren tipologiaren araberako deskontuak egongo dira: % 25eko deskontuaz baliatuko dira ibilgailu astun elektrikoak, hibridoak eta gasaren bidez propultsatzen direnak, O eta ECO etiketa dutenak; % 20ko deskontuaz, EURO 6 ibilgailu astunak; eta % 15eko deskontuaz, EURO 5 ibilgailu astunak. Pradalesek aipatu moduan, neurriari esker sektoreak 2,6 milioi euro aurreztuko ditu urtean. “Beraz, aurreko kasuan bezala, Interbiak ez du diru-kopuru hori jasoko”.
Sektoreari laguntzeko beste neurri batzuk dira Bizkaiko elkarte adierazgarrienekin lankidetza egonkorreko plana egitea eta sektoreak lurraldearen jarduera ekonomikoari eta aberastasunari egiten dion ekarpen garrantzitsuari buruzko sentsibilizazio-kanpaina publikoa egitea.
Pradalesek salgaien garraiorako bide-mugikortasunaren eredu berriaren barruan kokatu du neurri-multzoa, eta azpimarratu du lurraldeko sektorea ordezkatzen duten elkarteekin lanean dabiltzala. Sektoreak 5.000 enpresa eta pertsona autonomo ditu, eta neurrien bidez xede hauek lortu nahi dira: sektoreari lehiakortasuna irabazten laguntzea, eraldaketa digitalei eta energetikoei aurre egitea, deskarbonizazio-helburuak lortzen laguntzea eta energia-krisiaren eragina arintzea.