Menditik patxadaz

Galtzadak

t/a: IƱaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka 2022ko urr. 7a, 09:52

Galtzadak gure oraingo errepideen aitzindari izan dira. Erromatarren aurretik bideak egon ziren zalantzarik ez dago, baina ez dakigu asko horietaz. Erromatar Inperioak ahalegin handiak egin zituen konkistatutako lurrak galtzaden bidez komunikatzeko, eta sare oso bat eraiki zuen. Euskal Herrian holako batzuk ba­ditugu, baina gehienak geroagokoak di­ra, Erdi Aroan sortutakoak hain zuzen.

Herriak eta hiriak lurrez komu­ni­ka­tzeko beharra agertu zen une batean, eta barrualdea eta itsas portuak ondo lotzeko beharra ere egon zen. Horrela, bidezidorrak edo gurdibideak galtzada bihurtuz joan ziren: harriak lortu behar ziren horretarako, landu, era berezian ipini, mendiak eta errekak igaro… Ho­rrek lana eta dirua eskatzen zuen, eta man­tentze-lanak, gero.

XI. mendetik aurrera, Europatik San­tia­go­ra joaten ziren erromesek bul­tza­da eman zioten galtzadak era­bi­ltzeari, Ondarroako edo Bermeoko por­tuetara hel­du, eta Iparraldeko bidea dei­tutakoa erabiltzen hasi ziren eta. Bes­te beharrizan nabarmena izan zen itsas portuak eta meseta komunikatzea, bereziki ko­mer­tzioari begira. Horren adi­bidea da ar­doaren eta arrainen galtzada, Errio­xa eta itsas portuak lotzen zituena, edo mesetatik jaitsi eta Urduñatik Bilbora joaten zena, eta handik Gernikara, Ber­meon amaitzeko.

Txorierritik gutxienez bi galtzada ga­rrantzitsu igarotzen ziren. Haietako bat aipatutako Bilbo-Bermeokoa zen: Ar­txanda zeharkatu ostean, Zamudio, Le­zama eta Larrabetzuko lurretan sartu, eta Morgatik Gernikara heltzen zen. Gehienek bezala, 2,5 metroko zabalera zuen, al­boe­tan lauza lauak eta erdian nerbioa. Bes­tea Bilbo-Plentziakoa zen: Artxandatik ere sartzen zen Sondikara, Loiura, eta Lau­ro­e­tatik joaten zen Laukizera.

Gure mendi-ibilaldietan hainbat gal­tzadaren arrastoak aurki ditzakegu, lu­rrean harriak jartzeko eragatik bereizten direnak. Gehienak desagertu dira edo orain­go asfaltoaren azpian egongo dira. Hori bai: bidea mendian gora zuzen ba­doa eta aldapatsua bada, antzinako gal­tzada ez den seinalea da, zeren horiek portuak zeharka eta aldapa gutxi zeudela zeharkatzen zituzten.

 

Ibilbide proposamena

Bilbotik Bermeora joaten zen gal­tzadaren zati bat egitea da gure pro­posamena, Lezamatik Bilbora hain zu­zen. Hamar kilometro eskaseko ibilbidea da eta bidea patxadaz egitea merezi du, badago zer ikusi eta. Lezamako elizaren ondotik hasiko gara Zamudiorantz, eta Donejakue bideko seinale horiak lagun izango ditugu bide osoan. Lehenengo biribilgunearen ondoren Kurtzeko er­mi­ta dago, harrizko zutabe dotoreak di­tuena. 

Bigarren biribilgunean kontuz ibili beharko dugu: seinale nagusiek aurrera, Zamudiorantz, jarraitzeko adierazten dute, baina guk ezkerretara egingo dugu. Hortik ere marka horiak topatuko ditugu. Hurrengo biribilgunean ere adi ibiliko gara: eskuinean oinezkoen bi­dexka hasten da, zuhaitzpean, pa­seo­rako benetan polita dena. Laster errekatxoa igarotzeko Erdi Aroko zubi aipagarria topatuko dugu. Errekaraino jaitsi ahal gara eta harriak behatu ahal ditugu: erdikoan gurutze bat dago mar­katuta, eta alde banatan L eta Z hizkiak; bai, Lezama eta Zamudioren arteko mugan gaude. 

Bide ederrari jarraituko diogu. Autobi­de azpitik pasatu ostean, haren bazterretik aldapa itsusia igo, eta ezkerrean dagoen bidezidorra hartuko dugu. Aldapatsua da eta, hortaz, argi dago handik ez ze­la galtzadarik pasatzen. Aurrerago to­pa­tuko dugu asfaltoko errepidea; gal­tzada bere azpitik joango zen, ziur asko. Errepide nagusia gurutzatu, eta Erdi Aro­ko galtzadaren arrastoak ikusiko ditugu. Gu­nea itxita dago gaur egun, hura babesteko asmoz. Zamudiotarren galtzada moduan ere bada ezaguna. 

Ostean, bide nagusitik irtengo gara. Kartel bati kasu eginez, eskuinaldeko bi­dezidorretik segitu, eta 100 bat me­trora gerra garaiko bunkerra eta lu­bakiak aurkituko ditugu. Eta handik 50 metrora, orain dela lau mila urte eraikitako dolmenaren arrastoak. Me­tro batzuk aurrerago, eskuinetara, Avril mendiko tontorrera igo ahalko ga­ra, eta hango gotorlekua bisitatu. Hori frantsesen agindupean eraiki zu­ten eta karlisten garaian erabili zen. Artxandako inguru horrek badu zer kontatu. Dolmenen indusketan ibi­litakoek esan zutenez, leku berean topatu zituzten historiaurreko harrizko gezi-puntak, karlisten garaiko munizioa eta 36ko gerraren bonben zatiak.  

Donejakue bideko markak berriro azalduko dira. Haiei jarraituta, Arabella, Begoña eta Mallonako eskaileretatik behera Bilbora helduko gara. Bidaia bi­ribiltzeko, Unamuno plazako Arkeo­lo­gi Museoan sartuz gero, beste gau­za askoren artean, Artxandako dol­menetan aurkitutako geziak ikusi ahal­ko ditugu. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).