Euskara gutxi Txorierriko kaleetan

Aikor aldizkaria 2022ko urr. 14a, 11:21

Soziolinguistika Klusterrak aurkeztu berri ditu Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren Txorierriko datuak, eta, euskarari dagokionez, ez dira onak: euskara nagusi izen zen behatutako solasaldien % 10,7an. Neurketa 2021eko urrian egin zuten Txorierriko sei udalerrietan eta guztira 5.909 solasaldi behatu zituzten; elkarrizketa horietan 18.015 solaskide izan ziren.

Klusterrak emandako datuen arabera, gaztelania da gure kaleetan gehien erabiltzen den hizkuntza: % 88,4. Euskararen ostean daude frantsesa (% 0,2) eta beste hizkuntza batzuk (% 0,7). Datuak herrika ere jakinarazi dituzte. Horrela, Larrabetzu da euskara gehien entzuten den Txorierriko udalerria (% 47,3), eta Loiu, gutxien entzuten dena (% 2,4). Zehatz-mehatz, hauek dira herri bakoitzari dagozkion datuak:

 

Loiu

Sondika

Derio

Zamudio

Lezama

Larrabetzu

Euskaraz

2,4

4,0

4,2

8,6

20,6

47,3

Gaztelaniaz

96,7

95,4

95,0

89,4

78,3

51,8

Frantsesez

0,8

0,1

0,1

0,2

0,5

0,1

Beste hizkuntzetan

0,0

0,5

0,7

1,8

0,5

0,8

  

Bestalde, hiztunen ezaugarrien araberako datuak ere jaso dituzte txostenean. Euskarari lotutako datuei erreparatuta, emakumeek gizonek baino euskara gehiago erabiltzen dute kalean: % 11,7 eta % 9,7 hurrenez hurren. Adin-tarteak kontuan hartuta, umeak dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak: % 16,4, hain zuzen. Haien atzean daude heldu gazteak (% 12,8), adinekoak (% 6,8), heldu nagusiak (% 6, 7) eta gazteak (% 6,4).

Herriz herri

Derion, gizonek (% 4,3) emakumeek (% 4,1) baino euskara gehiago erabiltzen dute kalean. Adin-tarteari dagokionez, heldu gazteek gehiago egiten dute euskaraz (% 8,2). Ondoren daude haurrak (% 7,9), heldu nagusiak (% 1,8), gazteak (% 1) eta adinekoak (% 0,8).

Larrabetzun, emakumeak gizonak baino gehiago mintzatzen dira euskaraz kalean: % 53,3 eta % 42,2. Era berean, umeak dira euskaraz gehien egiten dutenak (% 64) eta haien atzean daude adinekoak (% 48,6), heldu gazteak (% 43,4), gazteak (% 40,3) eta heldu nagusiak (% 31,5).

Lezaman behatutako kaleko solasaldietatik ateratako datuen arabera, bertan emakumeek gizonek baino gehiago egiten dute euskaraz (% 22,7 eta % 18,8 hurrenez hurren). Umeek ere gehiago erabiltzen dute euskara (% 26,7), eta haien ostean, heldu gazteek (% 23,1), heldu nagusiek (%16,8), adinekoek (% 10,3) eta gazteak (% 6,3).

Beste aldetik, Loiuko kaleetan ere emakumeek gizonek baino gehiago erabiltzen dute euskara: % 2,6 eta % 2,2. Hiztunen adinari dagokionez, heldu gazteek gehiago egiten dute euskaraz (% 4, 1). Haien atzean daude umeak (% 4), adinekoak (%1,4), heldu nagusiak (%1,2) eta gazteak (% 0,5).

Joerari jarraituta, Sondikan ere emakumeak gizonak baino gehiago mintzatzen dira euskaraz kalean, aldea oso txikia bada ere: % 4,1 eta % 3,9. Era berean, umeak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (% 7,8), eta ondoren daude heldu gazteak (% 5,4), gazteak (% 1,9), heldu nagusiak (% 1,7) eta adinekoak (% 1,2).

Azkenik, Zamudioko kaleetan ere euskara gehiago entzuten da emakumeen ahotik gizonen ahotik baino: % 9,9 eta % 7,3. Adina kontuan hartuta, umeek gehiago egiten dute euskaraz (% 12,2), eta haien atzean, heldu gazteek (% 11,2), gazteek (% 5,9), heldu nagusiek (% 5,3) eta adinekoek (% 3,3).

Ondorio batzuk

Soziolinguistika Klusterrak atzo aurkeztu zituen datuak Txorierriko Baserri Antzokian, Derion. Azaldutakoaren arabera, Txorierriko kaleetan behatutako solasaldietan, 10 lagunetatik bat ari zen euskaraz. Halaber, euren hitzetan, emakumeek gizonek baino zertxobait gehiago euskaraz egitea Euskal Herri osoan errepikatzen den joera da, adin-talde guztietan, adinekoetan izan ezik.

Sexuaz eta adinaz gainera, beste aldagai batzuk hartu dituzte kontuan emaitzak aztertzeko orduan, hala nola solas-taldea nortzuek osatzen zuten. “Euskararen erabilera handiena umeen artean behatu da, eta heldu gazteen erabilera hurbiltzen zaio. Izan ere, horiek dira umeekin harreman handiena dutenak. Helduek gazteagoekin harremanetan euskararen aldeko hautua indartzen dute, beharbada, gurasoek haurrekin euskaraz aritzeko arau soziala indarrean dagoelako. Fenomeno horren bilakaerari arreta hurbiletik jartzea komeniko da”.  

Fenomeno horrekin lotzen da euskararen erabileran haurren presentziak duen eragina. “Euskal Herriko kaleetan pertsona nagusiak euskaraz gehiago aritzen dira haurrak hurbil daudenean, eurak bakarrik daudenean baino. Joera hori orokorra da, eta Txorierrin ere araua hala betetzen da. Badirudi pertsona nagusiek euren harreman horizontaletan gaztelaniarako joera sendoagoa dutela, eta haurrekin daudenean errazago baztertzen dutela joera hori: nagusien arteko taldeetan entzuten da gutxien euskaraz, eta haurrekin daudenean, aldiz, nabarmen igotzen da euskararen erabilera”.  

Euren ustez, datozen urtetako bilakaerari begiratzekoan, garrantzitsua izango da haurren eta gazteen joerei erreparatzea. “Txorierrin, haur ta heldu gazteen artean datu baikorrak agertu dira. Dena dela, gogoan izan behar da egungo profil linguistikoa eta garai bateko euskaldunen profila ezberdinak direla. Horregatik, kanpo-eraginak tartean, zaindu beharrekoak dira haur eta gazte horien hizkuntza-erraztasuna, euskaraz modu lasaian aritzeko aukerak eta euskarazko sozializazioa. Herritar guztiek dute zeregina eginkizun horretan”.

Aurkezpenean Txorierriko euskaltzaleak eta eragile nagusietako ordezkariak batu ziren. Datuak aurkeztuta, lantaldeetan aritu ziren eskualdeko kaleetan euskara gehiago entzuteko proposamenak eta irtenbideak aztertzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).