Euskara gutxi Txorierriko kaleetan

Hausnartzeko garaia

Aikor aldizkaria 2022ko aza. 4a, 08:32

Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren Txorierriko datuak bildu ditu Soziolinguistika Klusterrak txosten batean. Euskararen erabilerari dagokionez, ez dira datu onak, behatutako solasaldien % 10,7 baino ez baitira euskaraz izan. Neurketa 2021eko urrian egin zuten Txorierriko sei udalerrietan eta guztira 5.909 solasaldi behatu zituzten; elkarrizketa horietan 18.015 solaskide izan ziren.

Klusterrak emandako datuen arabera, Txorierriko kaleetan gaztelania entzuten da gehien: % 88,4. Euskararen atzean daude frantsesa (% 0,2) eta beste hizkuntza batzuk (% 0,7). Datuak herrika ere jakinarazi dituzte. Horrela, Larrabetzu da euskara gehien entzuten den Txorierriko udalerria (% 47,3), eta Loiu, gutxien entzuten dena (% 2,4). Bestalde, euskararen kale-erabilera % 20,6koa da Lezaman, % 8,6koa Zamudion, % 4,2koa Derion eta % 4koa Sondikan. Txostenaren egileek azpimarratu dutenez, hurrengo joera hau nabarmentzekoa da: Bilbotik zenbat eta hurbilago egon, hainbat eta euskara gutxiago egiten da kalean.

Datuak aztertzeko orduan, zenbait aldagai hartu dituzte kontuan; sexua haien artean. Hala, Euskal Herri osoan errepikatzen den joerarekin bat etorrita, emakume txorierritarrek gizon txorierritarrek baino euskara gehiago erabiltzen dute kalean: % 11,7 eta % 9,7 hurrenez hurren. Adin-tarteak kontuan hartuta, umeak dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak: % 16,4, hain zuzen. Haien atzean daude heldu gazteak (% 12,8), adinekoak (% 6,8), heldu nagusiak (% 6, 7) eta gazteak (% 6,4). Haurren eta heldu gazteen euskararen erabilera batezbestekoaren gainetik dago.

Solas-taldea nortzuek osatzen duten ere aztertu dute, eta kale-erabilera orokorraren joera errepikatzen da. Horrela, haurren eta heldu gazteen artean euskaraz egiten da gehien: % 10,5 eta % 8,5 hurrenez hurren; erabilera nabarmen baxuagoa da gainerako adin-tarteetan: % 5,7 gazteen artean; % 4,4 heldu nagusien artean, eta % 5,3 adinekoen artean. Beste aldetik, datuen arabera, solas-taldea umeek eta nagusiek osatzen dutenean, euskararen erabilerarik altuena izaten da: % 20,7. Datu hori ere bat dator Euskal Herriko joera nagusiarekin. Izan ere, azaldu moduan, umeak tartean daudela, euskaraz aritzeko joera nagusitzen da. Klusterren ustez, nolabaiteko arau soziala da eta sendoagoa da haurren eta heldu eta gazteen kasuan, ziur asko gurasoek seme-alabei euskaraz egiteko erabaki sendoa hartu dutelako. Azkenik, haur eta nagusien arteko solasaldietan umea hizlaria denean, euskararen erabilera % 23koa da, eta hizlaria nagusia denean, % 19,8koa.  

Euskal Estatistika Erakundeak 2016an argitaratu moduan, Txorierriko biztanleen ia erdia, % 49,8, euskalduna da, eta % 19,5ek euskara ulertzen dute. Hortaz, 10 biztanletik ia zazpi dira euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai. Gaitasun hori kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako VI. Mapa Soziolinguistikoak hirugarren gune soziolinguistikoan (% 50-80 udal-gaitasuna) kokatzen du Txorierri. Herriz herriko datuei dagokienez, derioztarren % 40,2 da euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai; larrabetzuarren % 76,1; lezamarren % 67,1; loiuztarren % 49,6; sondikoztarren % 43,9; eta zamudioztarren % 49,2.

Herriz herri

Derion, kalean euskara erabiltzeko orduan, alde txikia dago gizonen eta emakumeen artean, nahiz eta, Soziolinguistika Klusterraren datuei erreparatuta, lehenek gehiago erabiltzen duten: % 4,3 eta % 4,1 hurrenez hurren. Adin-tarteari dagokionez, heldu gazteek gehiago egiten dute euskaraz (% 8,2). Ondoren daude haurrak (% 7,9), heldu nagusiak (% 1,8), gazteak (% 1) eta adinekoak (% 0,8). Joera orokorrari jarraituta, euskara gehiago egiten da haurren artean (% 2,2) nagusien artean baino (% 1,7), eta solasaldietan umeak eta nagusiak daudenean euskararen erabilera % 12,2koa da.  

Larrabetzun, emakumeak gizonak baino gehiago mintzatzen dira euskaraz kalean: % 53,3 eta % 42,2. Era berean, umeak dira euskaraz gehien egiten dutenak (% 64) eta haien atzean daude adinekoak (% 48,6), heldu gazteak (% 43,4), gazteak (% 40,3) eta heldu nagusiak (% 31,5). Umeen artean ere euskara gehiago entzuten da (% 59), nagusien artean baino (% 33,6), eta umeen eta nagusien arteko hizketaldietan euskara da nagusi: % 65,7. Bestalde, 2017an ere euskararen kale-erabilera neurtu zuten Larrabetzun, eta urte bietako neurketen datuak alderatuta, ikusi daiteke euskararen kale-erabilerak behera egin duela adin-tarte guztietan. Horrela, erabilera orokorra % 55,1ekoa zen orain dela bost urte; % 71,6koa, umeen kasuan; % 54,3koa, gazteen kasuan; % 50,8koa, helduei dagokienez (% 38,1, 2021ean); eta % 48,6ekoa, adinekoen kasuan.   

Lezaman behatutako kaleko solasaldietatik ateratako datuen arabera, bertan emakumeek gizonek baino gehiago egiten dute euskaraz kalean (% 22,7 eta % 18,8 hurrenez hurren). Umeek ere gehiago erabiltzen dute euskara (% 26,7), eta haien ostean, heldu gazteek (% 23,1), heldu nagusiek (% 16,8), adinekoek (% 10,3) eta gazteek (% 6,3). Era berean, euskara gehiago entzuten da umeen artean (%  15,3) nagusien artean baino (% 9,7), eta umeen eta nagusien arteko elkarrizketa denean, euskararen erabilera % 39koa da.  

Beste aldetik, Loiuko kaleetan ere emakumeek gizonek baino gehiago erabiltzen dute euskara: % 2,6 eta % 2,2. Hiztunen adinari dagokionez, heldu gazteek gehiago egiten dute euskaraz (% 4, 1). Haien atzean daude umeak (% 4), adinekoak (%1,4), heldu nagusiak (%1,2) eta gazteak (% 0,5). Solasaldietan bakarrik umeak daudenean, euskararen erabilera % 2koa da, eta bakarrik nagusiak daudenean, % 1,1koa; umeak eta nagusiak daudenean, berriz, % 5,1ekoa.  

Joerari jarraituta, Sondikan ere emakumeak gizonak baino gehiago mintzatzen dira euskaraz kalean, aldea oso txikia bada ere: % 4,1 eta % 3,9. Halaber, umeak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (% 7,8), eta ondoren daude heldu gazteak (% 5,4), gazteak (% 1,9), heldu nagusiak (% 1,7) eta adinekoak (% 1,2). Euskararen erabilera % 3,6koa da umeen artean; % 1,3koa, nagusien artean; eta % 10,2koa, elkarrizketa umeen eta nagusien artean denean. 

Azkenik, Zamudioko kaleetan ere euskara gehiago entzuten da emakumeen ahotik gizonen ahotik baino: % 9,9 eta % 7,3. Adina kontuan hartuta, umeek gehiago egiten dute euskaraz (% 12,2), eta haien atzetik, heldu gazteek (% 11,2), gazteek (% 5,9), heldu nagusiek (% 5,3) eta adinekoek (% 3,3). Txorierriko gainerako herrietan ez bezala, Zamudioko umeen arteko solasaldietan euskararen erabilera txikiagoa da, nagusien arteko solasaldietan baino: % 4,5 eta % 5,3 hurrenez hurren. Joera nagusiarekin bat etorrita, umeen eta nagusien arteko solasaldietan, euskararen kale-erabilera % 21,ekoa da. 

Hausnartzeko unea

Soziolinguistika Klusterrak Txorierriko Baserri Antzokian, Derion, aurkeztu zituen euskararen kale-erabileraren datuak. Aurkezpenean, eskualdeko euskaltzaleak eta eragileak batu ziren, 50 lagun baino gehiago, eta datuak ezagututa, lantaldeetan aritu ziren Txorierriko kaleetan euskara gehiago entzuteko proposamenak eta irtenbideak aztertzeko.

Gazteen lan-mahaiaren arduradun ibili zen Aitziber Argiarro, Txorierriko Euskaraldiaren dinamizatzailea ere badena. Azaldu digunez, datuek berretsi dute lantaldeko gazteek kalean sumatutakoa, eta azpimarratu du gazteen artean batez ere kontzientziazio- eta motibazio-falta dagoela. Era berean, nerabezaroa etapa korapilatsua dela kontuan hartuta, hark ere gaztetxoen euskararen erabileran eragin negatiboa duela aipatu du.

Gazteek esparru akademikotatik kanpo ere euskaraz egiteko proposamenak bota zituzten lantaldean, eta haietako batek ikastetxeetan bertan du abiapuntua. “Zigorretik edo inposiziotik baino, euskararen erabilera samurtasunetik eta maitasunetik transmititu behar da. Metodoa aldatu beharra dago; hala ere, badakigu hori modu objektibo batean gauzatzea zaila dela, euskararekiko maitasuna helarazteko modua edo iaiotasuna irakaslearen araberakoa delako”. Txorierriko gazteak batzeko erreferentziazko gunea sortzea ere garrantzitsutzat jo dute. “Gazteon aisialdia, eta ez erakundeek-eta antolatutako aisialdia, emateko lekua izan behar da. Horrela, eta kontuan hartuta Bilbotik zenbat eta hurbilago egon, euskararen erabilera txikiagoa dela, hiriburura joatea ekidingo litzateke, eta gune hori baliatu, euskararen erabilera gazteen artean kutsatzeko”. Bestalde, uste dute udalek eta erakundeek egoerak sortu behar dituztela gazteek euskaraz hitz egiteko beharra sentitzeko. “Jarduera hau edo bestea antolatu, baina euskara hutsean”.

Olga Loroño Txepetxa AEK euskaltegiaren arduraduna ustez, datu kezkagarriak dira orokorrean. Azken urteotan ikusi duen moduan, ikasle asko, edo gehienak, titulu bila joaten dira euskaltegira. “Galdu da euskara jakiteagatik eta euskaraz hitz egiteagatik ikasteko gogo hura. Eta, beste aldetik, gogoa duenak eta denbora eta dirua inbertitzen duenak, beharbada, ez du euskara erabiltzeko gune erakargarri nahikorik, eta ikusten du, Txorierriko edozein herritan bizitzeko eta integratzeko, euskara beharrezkoa ez dela. Horrek motibazio-falta ekartzen du”.

Nolanahi ere, bere iritziz, euskararen erabilera neurtzeko orduan ez dira kontuan hartu pertsonen portaeretan eragina duten gizartearen joera batzuk. “Momentu konplexuak bizi ditugu, eta aurreikuspen ekonomikoak kezkagarriak dira. Ondorioz, indibidualismoaren joera areagotzen ari da, eta komunitate-sentimendua galdu. Askotan hitz egiten da norbanakoaren erantzukizunari eta babes politiko handiagoaren beharrari buruz, baina, nire ustez, komunitate-sentimendua ere ezinbestekoa da euskara erabiltzeko, babesteko eta sostengatzeko. Eta norbanakoaren erantzukizunaren eta erabaki kontzientearen gainetik egon behar du, askotan horiek ez direlako nahikoak izaten”. Bestalde, hizkuntza-politika eraginkorragoak sortzea ezinbestekotzat hartu du. “Benetako plangintza eraginkorrak egin behar dira, herrien ezaugarriak kontuan hartuta eta, arlo guztietan eragin ahal izateko, eragile guztien parte-hartzea bultzatuz”. Lehen bezala, euskaltegiak kalera ateratzeko beharra ere azaldu du. “Euskara ikasten dabilen jendea badagoela ikusarazteko. Halaber, harremanak estutu edo indartu beharko genituzke beste egitasmo batzuekin, esaterako, Berbalagun egitasmoarekin… Asko dago hausnartzeko, eta lan handia, egiteko”.

Xabi Goienetxe TOTOAN Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak aipatu moduan, datu txarrak izan arren, inportantea da “sumatzen genuena” zenbakitan ikustea, “kontzienteago egiten gaituelako”. Bere esanetan, azken 20 urteotan behera egin dute euskararekiko presio sozialak eta, neurri batean, euskararen prestigioak, eta horiek biak daude hain erabilera txikiaren arrazoien artean. “Beste aldetik, egitura handietan plan orokor bat falta zaigu, non hainbat esparru ez formalak banan-banan aztertzen diren; adibidez, lagun arteko aisialdia”.

Etorkizunari begira eta egoerari aurre egiteko, arreta umeengan, gazteengan eta guraso gazteengan ipintzea proposatu du. “Tresnak ipini behar dira ume txikien gurasoen eskura, ipuinak, jolasak… non topa ditzaten jakin dezaten. Era berean, euskararen prestigioa eta beharrizana jakinarazi behar zaie, eta seme-alabak txikienak direnean euskara ikasteko erraztasunak eman. Izan ere, hori momentu kritikoa da, non gurasoak nahiko prest dauden euskara ikasteko”.

Emaitzek ez dute Laura Martinez Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko euskara teknikaria ustekabean harrapatu. Hala ere, haiek  horiek egungo testuinguruan kokatu behar direla azpimarratu du. “Bi urteko pandemiak kalean izan du eragina, eta ikastetxeetan eskola-saioak bertan behera utzi izanak ekarri du umeen eta gazteen euskara-maila behera egitea. Kaleko giroa pixkanaka berreskuratuz joan arren, harreman digitalak nagusitu dira, eta beste aldetik, beharrezkoa bada ere, migrazioak hizkuntzan duen eragina ere hartu behar da kontuan”. Nolanahi ere, lanean jarraitu ahal izateko, arreta datu positiboetan ipini behar dela uste du. “Euskararen erabilera gaztetu da, gehien erabiltzen dutenak umeak eta heldu gazteak direlako. Hori oso lorpen sozial handia da. Bestalde, euskararen ezagutza nahiko altua da Txorierrin, eta horrek ere aukera asko zabaltzen dizkigu”.

Bere ustez, euskal kontzientzia sortzeko beharra dago, eta euskara positibismotik transmititu. “Modu batean edo bestean sustatu behar dugu erabilera umeengan eta gazteengan. Arlo batzuetan, arlo digitalean esaterako, ez da erraza izango, hor ingelesa eta gaztelania nagusi direlako, baina hausnartu beharko da nola egin. Halaber, euskararen ezagutza bermatu behar da Hezkuntzan, eta ez bakarrik maila akademikoan. Helburua, euskaraz hitz egitean eroso sentitzea da. Euskaraldiaren atarian gaudela, adierazi du egun horietan biziko dugunak indarra eman beharko ligukeela urte osoko hainbat praktika aldatzeko,  taberna eta dendetan  hasieratik euskaraz aritzeko adibidez. “Horretarako, lanean jarraitu behar dugu merkatariekin eta ostalariekin”. Gainera, aipatu du Txorierriko herri-batzordeek hilabeteak daramatzatela lanean, ilusioz eta gogoz. Baserri antzokian kale erabileraren aurkezpenean hainbeste jende batu izana ere esanguratsua dela nabarmendu du eta horrek erakusten duela kezka eta ilusioa egon badaudela erabileran eragiteko.

Azkenik, beharrezkotzat jo du eremu ez formaletan umeentzako eta gazteentzako aisialdi-eskaintza biderkatzea, eta egitasmoak beren-beregi bultzatzea gazteentzat. “Euskara hutsezko guneak sortzea ere garrantzitsua da, baita erreferente euskaldunak sortzea ere”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).