Azaroak 25 gehiagorik ez

Aikor aldizkaria 2022ko aza. 16a, 12:28

Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina bat abiarazi du azaroaren 25erako, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunerako. Kanpainak "Lor dezagun aurtengoa azken A25 izatea. Bat gehiago ere ez" du lelotzat.

Kanpaina aurkezteko, ekitaldia egin da Bilboko Emilio Campuzano Lanbide Heziketako Zentroan. Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak materiala banatu du hango ikasleen artean. "Emakumeok argi eta garbi esaten dugu nazkatuta gaudela eta ezin dugula heriotza gehiago jasan. Ez eraso, ez indarkeria matxista gehiago", esan du Laespadak. 

“Kanpainak feminismoaren eta emakumeen indarra ikusgai egin nahi du, eta matxismorik gabeko gizartea aldarrikatu. Umiliazioak, irainak, erasoak eta hilketak amaitu behar dira, geure burua aske, libre, seguru eta bizirik nahi dugulako", esan du diputatuak. Kanpainak Bizkaiko herritar guztiengana iristea du helburu, eta horretarako, komunikazio-plan zabala erabiliko da: prentsa tradizionala, gizarte-sareak, garraiobideetako kanpo-publizitatea...

Era berean, materiala banatuko da 6.300 dendatan, 230 ikastetxetan, eskola-kiroleko 643 erakundetan, 71 kiroldegitan, 171 osasun-zentrotan eta mota guztietako 469 erakunde eta elkartetan. Laguntzaileen artean daude, besteak beste, Athletic Club, Bilbao Basket, Lointek Gernika, Balonmano Zuazo edo Lutxana Arraun Taldea bezalako kirol profesionaleko taldeak.

 

Datuak

Teresa Laespadaren hitzetan, azken hamarkadan, Bizkaian, indarkeria matxistak 15 emakume hil ditu eta urtero bi mila emakumek baino gehiagok jasaten dute indarkeria matxista; iaz, 2.307 emakumek, alegia. Kasuen % 72tan, bikotekidea edo bikotekide ohia izan zen erasotzailea. Datuak Bizkaiko Indarkeria Matxistaren Behatokiaren webgunean kontsulta daitezke.

Biktimei arreta emateko, Aldundiak laguntza-zerbitzua eskaintzen du. Iaz, 228 pertsona artatu ziren berehalako harrera-zentroan: 131 emakume, 96 seme-alaba eta mendeko pertsona heldu bat. Egonaldi ertain eta luzeko harrera-zentroak ere badaude, eta iaz horietan 94 pertsona artatu ziren: 51 emakume, 43 seme-alabarekin. Datorren urtean, sexu-erasoen biktimei laguntzeko zentro berri bat jarriko da martxan, eta horrek emakume horiei laguntza psikologikoa, juridikoa eta soziala emateko programa bat ere izango du.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).