Ia 1.700 txorierritar dabiltza hizkuntza-ohiturak aldatzen

a: Idoia Andres 2022ko aza. 25a, 10:10

Azaroaren 18an Euskaraldia hasi zen, eta Txorierrin 1.691 lagunek eman dute hizkuntza-ohiturak aldatzea helburua duen ariketa sozialean parte hartzeko izena. Zehatz-mehatz, 415 txorierritarrek aukeratu dute belarriprest rola, eta 1.276 txorierritarrek, ahobizi rola. Euskaraldiaren aurtengo leloak adierazten duen moduan, hitzez ekiteko garaia da.

Ariketak abenduaren 2ra arte iraungo du. “Txorierriko euskaldunak aktibatu ditu Euskaraldiak. Aktibatu ez ezik batu ere batu ditu, 15 egunean txapa ipinita ibiliko direnez, euskal hiztunek identifikatuko dutelako euskaraz nork egiten duen eta euskara nork ulertzen duen. Beraz, hizkuntza-ohituren aldaketa halabeharrez gertatuko da. Nolanahi ere, Euskaraldia bukatuta ikusi beharko da aldaketa hori egonkortzen den edo lehengora bueltatzen den”, azaldu du Aitziber Argiarro Euskaraldiaren Txorierriko dinamizatzaileak.

415 txorierritarrek aukeratu dute belarriprest rola, eta 1.276 txorierritarrek, ahobizi rola

Azaldu duenez, eskualdeko herri guztietan lortu da batzordeak sortzea eta ariketan izena eman dutenen kopurua ere poztekoa da. “Ariguneei dagokienez, entitateen parte-hartzea ere oso positiboa da, eta aurreko edizioaren aldean parte-hartze hori bikoiztu egin da herriren batean”. Euskaraldiari hasiera emateko, aurkezpen-ekitaldiak egin ziren hainbat herritan eta institutuan. “Ariketa bera izango da erdigunea. Hau da, ez da ekitaldi berezirik antolatuko, baina Euskaraldiak lekua izango du herrietan egiten diren ekintzetan, horietan, modu batean edo bestean, Euskaraldiari lotutako keinuak egingo direlako. Hortaz, ariketa berak hartuko du garrantzia, eta herri-batzorde bakoitzak hartuko du Euskaraldia bere herrian lantzeko ardura. Bestalde, itxiera-ekitaldia abenduaren 2an egingo da Lezaman eta asmoa da egun horretarako batzea parte-hartzaileen testigantzak eta plazaratzea 15 egun hauetan zein lorpen egon diren”.

Herrietan egiten diren ekintzetan egingo dira Euskaraldiari lotutako keinuak

 

Euskaraldiaren aurtengo helburuetako bat da gazteen parte-hartzea handitzea eta ikus dezatela garrantzitsua dela haiek ere ariketan parte hartzea. Eta helburu hori betetzeko hain zuzen ere sortu da Gazteen Euskaraldia institutuan. “Institutuko batzordeko kideek bideoa grabatu zuten zenbait entitatetan eta hura aurkeztu zuten Euskaraldiaren Txorierriko aurkezpenean. Era berean, aurkezpena egin zuten institutuan, eta ikasleen artean txapak banatu. Asmoa da ikasleek jakitea Euskaraldia dagoela eta ikaskide batzuk horrekin ibiliko direla, eta elkarren arteko errespetua eta elkarri ulertzea sustatu. Horrezaz gainera, nahiko genuke batzordea egonkortu eta institutuan betiko geratu dadin, gazteak kontzientziatzen jarraitzeko”.

Beste helburu bat da kalitateko ariketa izan dadila. “Arreta zenbakietan ipini beharrean, nahi dugu parte-hartzaileek kalitateko ariketa egitea eta euren rola egoera guztietan bete ahal izatea. Horretarako, aholkuak zabaldu dira gizarte-sareetan eta herrietan ipinitako mahaietan. Nolanahi ere, zalantzarik izanez gero, onena da herri-batzordeetara jotzea”.

Aurtengo helburuak dira gazteen parte-hartzea handitzea eta kalitateko ariketa izatea

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).