Zehatz-mehatz, azken 20 urteetako datuak aztertu dira. Txorierrin 17.404 biztanle zeuden 2001ean, eta 21.532 biztanle, 2021ean. Hazkunderik handiena Derion izan da: % 43; eta txikiena, Lezaman: % 9. Gainerako herrietan, hurrengo hazkunde hauek egon dira: Larrabetzun, % 30; Loiun, % 23; Zamudion, % 15; eta Sondikan, % 12.
Hego Euskal Herrian ere handitu da biztanleria azken bi hamarkadetan, % 8,3 hain zuzen ere. Hazkunderik txikiena Bizkaian izan da: % 2; eta handiena, Nafarroan % 19. Bilbo Handiko biztanleria, berriz, % 0,9 gutxitu da.
Adin-tarteak kontuan hartuta, 20 urtetik beherakoak hazkunderik handiena izan du gurean: % 53. Horrela, 2001ean adin-tarte horretako 2.764 herritar zegoen gurean; eta 4.234 herritar, 2021ean. Bestalde, 20 urtetik 59 urtera bitarteko txorierritarren taldea % 11 handitu da (10.100 biztanle, 2001ean; eta 11.227 biztanle, 2021ean); eta 60 urtetik gorakoen taldea, % 33 (4.540 biztanle, 2001ean; eta 6.071 biztanle, 2021ean).
Jaiotzen harira, gorabeherak izan arren, goranzko joera egon da 2015era arte. Urte horretan 240 ume jaio ziren Txorierrin; gainera, aipatu beharra dago ia erdia, 117 hain zuzen, Derion jaio zirela. Harrezkero beheranzko joera nabarmena egon da, eta 20 urtean izandako jaiotze-kopururik txikiena 2021ean izan zen: 115 ume. Heriotzei dagokienez, gorabeherak egon dira eta 2016an hil ziren txorierritar gehien: 224.
Bestalde, jaiotzez eta heriotzez gainera, pertsonen mugimenduak ere kontuan hartu behar dira populazioaren bilakaera aztertzeko orduan. Esaterako, barne-migrazioari dagokionez (autonomia-erkidego bereko udalerri batetik bestera zein autonomia erkidego batetik bestera: EAE-Nafarroa), 2017an eta 2018an etorri ziren pertsona gehien Txorierrira bizi izatera: 1.285 lagun urte bakoitzean. Aitzitik, 2013an Txorierritik alde egin zuen lagun-kopuru handienak: 1.284 lagun.