Jakina denez, zergak dira Sistema publikoaren sostengua. Udalkutxa bera –transferentzia arrunten % 93 dena– Foru Aldundiak kudeatu eta banatzen du, eta lurraldeko zerga-bilketan du bere iturri ekonomikoa. Bizkaiko ia udalerri guztietan Udalkutxa da diru-iturri nagusia. Txorierriri dagokionez (kasua ez errepikatzeko) aipatzekoa da Loiu eta Zamudioren kasua: udalerri horiek zergen bidez Udalkutxaren bidez baino diru gehiago biltzen dute. Udalkutxaren diru-partida proportzionaltasun formula bati jarraituz banatzen da udalerrien artean, eta faktore hauek hartzen dira kontuan: 81.137 kuota finko bat udal bakoitzarentzat gehi beste aldagai hauek: udalerrietako populazioa, bere ahalegin fiskala, eskola unitateak, langabezia, dispertsioa eta hondartzak eta halako faktore bakoitzari portzentaje ezberdin bat aplikatuta. Ondarearen kapitulua osatzen dute aprobetxamenduetatik, alokairuetatik eta kontu ezberdinetako interesetatik sortzen diren sarrerek.
Sarrera arruntekin jarraituz, hasierako barra-grafikoetan zifra absolutuak agertzen dira, eta ondorengo grafiko zirkularretan ehunekoetan azaltzen dira. Alde batetik, udal bakoitzak sarrera propioetan –zerga eta tasen diru bilketan– duen ahalmen ekonomikoa agerian utzi nahi da, eta bestetik, Udalkutxako sarrerak udal batzuetan betetzen duen ehuneko gehiengo esanguratsua agertu. Obra-lizentziek iraganeko pisua izan ez arren, garrantzizkoak izaten jarraitzen dute hiru herritan, eta ondareari lotutako sarrerek, Lezama salbu, pisu gutxi dute.
Hirugarren grafikoan, zergak, tasak eta Udalkutxa aurkezten dira biztanleko. Zifra absolutuetan dauden ezberdintasunak gehiago parekatzen dira biztanleko zifratan. Kalkulu hau egiteko, 2021eko urtarrilaren 1ean izan den populazioa hartu da Eustatetik. Txorierri biztanleri ertain-baxuko eskualdea da eta jarduera ekonomikoa pisuzkoa du, horregatik zerga eta tasa bilketan sarrera-kopuru altuak ematen ditu beste eskualde ekonomiko batzuekin alderatuta. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da, neurri handi batean, zergen eta tasen bitartez eskuratzen den diru-sarrera industria guneetatik etortzen dela, eta biztanleek ez dutela karga fiskal hori zuzenean jasaten.
Sarrera arruntez gainera, bi atal gehiago daude aurrekontuetan: 6 eta 7 kapituluetako kapital-sarrerak, eta 8 eta 9 kapituluetako finantza-sarrerak. Seigarren kapituluan udal lurrak, eraikinak edo tresneriak salduz biltzen diren diru-sarrerak daude, eta zazpigarren kapituluan, Aldunditik eta Jaurlaritzatik jasotzen diren dirulaguntzak, batez ere azpiegitura-inbertsioak ehuneko-kopuru batean finantzatzeko. Finantza-sarreratan bederatzigarren kapitulua da esanguratsuena, bertan finantza-entitateekin sinatzen diren maileguak daudelako. Maileguak sarrera bat dira, baina pasibokoa; hau da, zorra sortzen dute. Mailegu-zorra 2021eko abenduaren 31n zero izan zen Txorierriko lau herritan, eta beste bitan, Larrabetzun eta Lezaman, 112.338 eurokoa eta 144.828 eurokoa hurrenez hurren.
2022an, erlatiboki, kapital- eta finantza-sarrerak kopuru txikikoak dira Txorierriko herri guztietan, Larrabetzun izan ezik: Deriok, 49.000 euroko sarrerak; Larrabetzuk, 726.000 euro; Lezamak, 0 euro; Loiuk, 10.818 euro; Sondikak, 12 euro; eta Zamudiok, 25.010 euro. Larrabetzuko kasuan, udaletxea berritzeko finantza entitate batekin formalizatzeko aurreikusita zuen 600.000 euroko mailegua ez da 2022an sinatuko.
2015ean, Txorierriko udalerriek oro har 30.924.000 euroko sarrerak izan zituzten udal-aurrekontuetan. Kopuru hori 37.024.000 eurokoa izan zen 2019an, eta 2022rako 36.355.000 eurokoa izatea aurreikusita dago. Krisialdia eta pandemia tartean izanda ere, eutsi egin zaio udalen jarduera ekonomikoari, eta etorkizunak hobera egingo duen esperantzari ere eutsi behar.