Euskaraldia

Distantzia luzeko lasterketa

a: Idoia Andres 2022ko abe. 21a, 11:19

Euskaraldia hirugarren aldiz egin da aurten, eta gurean 1.718 txorierritar ibili dira hizkuntza-ohiturak aldatzen; 428 belarriprest eta 1.290 ahobizi hain zuzen. Ariketa amai­tuta, herrietako batzordeak batu dira ondorio nagusiak aztertzeko. Ondorio horietako bat hauxe da: aurten Eus­karaldiak ez du izan batez ere lehen edizioan izandako pre­sentzia edo protagonismoa. Hala ere, azpimarratu dute ari­ketari etorkizuneko ikuspuntutik begiratzeko beharra. 

Aitziber Argiarro Euskaraldiaren Txorie­rriko dinamizatzaileak azaldu duenez, Eus­karaldiak kalean protagonismo txikiagoa eduki izana joera orokorra izan da eta ezin da bakarrik Txorierriri lotu. Joera hori ulertzeko, bi arrazoi nabarmendu di­tu. “Alde batetik, oraindik nabariak dira pandemiaren ondorioak eta kostatzen zai­gu herrigintzara hurbiltzea. Bestetik, lehen edizioak berritasuna ekarri zuen, eta horrekin batera, ilusioa; hirugarren edizio honetan, berriz, mundu guztiak jakin du Euskaraldia zer den, ez da ariketa berria izan, eta, hortaz, zailagoa da hasierako ilusio hori berreskuratzea”. 

Zenbakiei begiratuta ere, ez da egon espero zen parte-hartzaileen kopurua. “Dena dela, kontuan hartu beharra da­go, zenbait arrazoi tartean, pertsona ba­tzuek ez dutela ariketan izenik eman, na­hiz eta ariketan parte hartu. Orduan pertsona-kopuru hori ez dago datuetan islatuta”. Izan ere, batzuek pentsatu dute au­rretik izena emanda zutenez ez zela be­harrezkoa hori berrestea. 

Nolanahi ere, ondorio larririk ate­ra gabe, Argiarrok uste du ezin­bestekoa dela Euskaraldiari epe luze­ra­ko ikuspuntutik heltzea. “Bidean go­rabeherak izango di­ra. Adibidez, le­henengo edizioak ilusioa ekarri zuen; bigarrenean pandemian izan ginen; eta pentsatzen dut hirugarren edizio ho­netan egonkortze-prozesua hasi du­gula… Beraz, garrantzitsua da ariketari etorkizuneko perspektibatik begiratzea: hau distantzia luzeko lasterketa da eta inportanteena da pixkanaka-pixkanaka go­ra eginez joatea”.   

Bestalde, batzordeko kideek ezinbes­tekotzat jo dute batzordeak indartzea. “Be­ha­rrez­koa da batzordeetara jende ge­­hiago batzea, lan handiagoa egin ahal izateko eta lagun gehiagorengana aile­­gatu ahal izateko. Hala ere, sasoi ba­tean izan bada ere, Euskaraldiak eka­rri du ingurua euskalduntzea”. Horri dago­kio­­nez, antolatzaileek deia egin diete be­la­rriprestei eta ahobiziei 15 egunean egindako urratsei jarraipena emateko. Txo­­rierriko batzordeek deia bera egin du­te. “Inportantea da bakoitzak hartutako ro­­lari eustea eta Euskaralditik sortutako ha­rremana egonkortzea eta urtean zehar ha­ri jarraitasuna ematea”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).