Editoriala

Euskararen erabilera

Aikor aldizkaria 2022ko abe. 23a, 10:10

Euskaraldia joan egin zaigu eta go­gor heldu zaigu negua; alegia, Txo­rie­rriko biztanleon euskararen era­bileraren datuak ezagutu bezain laster, hotz gelditu gara. Zeren datuok ez baitira, ez, datu onak euskara egunero erabili gura dugunontzat. Edozelan ere, datuok aurreko Aikor! aldizkarian etorri dira; beraz, ez dugu horretan astirik emango.

Denbora eman beharko dugu, eta ez gutxi, irtenbideak aurkitzen eta ir­tenbideok martxan jartzen, zeren ezin baikara konforme egon % 10,7ko erabi­le­rarekin. Eta neurri handian geure esku dago.

Has gaitezen, beraz, egoera aztertzen. Batetik, inoiz baino euskaldun gehiago ateratzen dira irakaskuntzatik eta, bes­tetik, erakundeak ere zeregin horretan ahal­egindu egiten dira; baina, nahiko da? Da­tuok irakurtzen argi dago ezetz, ez dela na­hiko. Hel diezaiogun, beraz, lehenengo pun­tuari, hau da, irakaskuntzari; eta gain­begirada txiki bat emanez argi dago de­rrigorrezko irakaskuntzatik ateratzen di­ren gazte portzentaje handi bat ez de­la euskaldun peto ateratzen, ezta hu­rrik eman ere. Horra hor lehenengo ara­zoa. Baina, jarrai dezagun bigarren puntua aztertzen, hau da, instituzioen aldekotasuna aztertzen; eta hor ere asko egiten den arren, arazoa bideratzeko ez dela nahiko nabarmen ageri da. Eta, az­kenik, maila pertsonala zein pribatua az­tertutakoan, zer esango dugu erabilera % 10,7koa bada eta ez % 50ekoa, gure ezagutzari dagokiona.

Horiek horrela, eta aztertutako bi es­parru horietan hobekuntzak egin dai­tezkeen eta egin behar diren arren, zentra gaitezen egitekoak zehazten hurrengo bi esparruotan: 

1– Aisialdia: aisialdia ez estrukturatua edo, beste modu batean esanda, aisialdi informala eta euskaraz ia ez da existitzen. Beraz, aisia, jolasa, gozamena eta, agian, maitasuna erdararekin elkartuta doaz ge­hienentzat. Euskara, ordea, ikasketekin, az­terketekin eta gogortasunarekin er­la­zionatu eta, seguruenik, sentitu egiten da. Hori guztia irauli behar dugu ki­rol­erako, musikarako, dantzarako eta go­zamenerako guneak sortuz. Euskara gure gauza onetarako erabili behar dugu eta.

2– Lan esparrua: kasu askotan gaz­teak irakatsi eta trebatu egiten ditugu euskaraz, gaur egun gehienak. Baina lan mundura doazenean gaztelanian aritu be­har dira. Hori kontraesana! Ahalegin izu­garria egin behar dugu esparru ho­netan. Izan ere, lehen ez bezala, gaur egun enpresek natura eta ingurunea erres­petatu behar dute: ezin dituzte lu­rrak kutsatu, ezta errekak ere, eta airea ku­tsatuz gero ordaindu behar dute, kar­bono dioxidoa kasurako. Eta kultura? Ez du­te errespetu behar? Mundu honetan ere trantsizioa egin beharko da arauak jarriz, epeak emanez eta dirulaguntzak bi­deratuz.

Eta irakurle hori, nik neuk, zuk zeuk eta guk geuk ere ahalegindu beharko dugu zeregin hauetan edonon gaudela; ber­din etxean, berdin lanean, berdin ins­tituzioetan, berdin aisialdian gaudela hel­burutzat hartu behar dugu euskara, osa­suna eta ekologia hartzen dugun hein berean. Langileon osasunaren aldeko pre­sioa izan zen gakorik indartsuena, gi­zarte osoak kontuan har zezan, eta, gaur egun ekologisten presioa da akuilurik in­dartsuena, klimaren aldaketaren aurka egiteko; beraz, zelan ez da izango presio soziala armarik indartsuena, euskararen alde egiteko? 

Jar gaitezen martxan, astitik galdu ba­rik, denok batera eta norabide berean. Be­har dugu eta.