Irakurriz etxeko txikiek (eta ez hain txikiek) hiztegia ikasten dute, ideia berriak barneratzen dituzte eta imajinazioa garatzen dute. Asko irakurriz gero eskolan hobeto ibiliko dira, ortografia-akats gutxiago izango dituzte eta ahozko eta idatzizko jardunean erosoago arituko dira.
Baina, nola lortu ume eta gaztetxoek irakurtzeko zaletasuna izatea? Etxean gauza asko egin ditzakegu gure seme-alabei irakurtzeko zaletasuna piztu dakien. Hona hemen horretan lagun dezaketen gomendio batzuk:
- Gurasoak irakurtzen ikusita, errazago. Neska-mutilek ikusten badute etxekoek (ia) egunero hartzen dutela tartetxo bat irakurtzeko, errazagoa izango da jokaera hori imitatzea. Umeak zer ikusi, hura ikasi. Utz ditzagun mugikorrak apur batean eta irakur dezagun patxada ederrean.
- Ume-umetatik ohitura hartzea. Irakurtzen ikasi aurretik eguneko momentu jakin batean eurekin jesarri gaitezke eta ipuinen bat irakurri, ohean daudela, esaterako. Une ederra bada (aitatxo edo amatxorekin, pasadizo liluragarriak...), sentsazio horrekin lotuko dituzte liburuak eta irakurtzen ikasitakoan gogotsu helduko diete liburuei.
- Goazen liburutegira! Mota askotako liburuak daude liburutegian, eta gainera leku atseginak dira. Egin dezagun eten bat lasai egoteko herriko liburutegian; jesarri gaitezen etxeko txikitxoekin, aulki batean edo lurrean, berdin dio. Azalak eta orrialdeak. Ukitu, ikusi, usaindu eta entzun. Bidaiatu. Herri batzuetan, Lezaman esaterako, eskolakoekin joaten dira herriko liburutegira. Eta, jakina, umeek errepikatzeko tentazioa izan dezakete!
- Gure eskutik, liburu-dendara. Zoazte seme-alabekin herriko edo inguruko liburu-dendaren batera. Azter ditzatela liburuak, esku artean izan eta, tarteka, eros dezatela haien gustukoren bat. Dendarako bidea ikas dezatela, txikitatik.
- Opari berezitzat har ditzatela. Opari bikaina da liburu on bat. Ate bat zabaltzea da, norberaren barrura zein kanpora. Gabonak, urtebetetzeak, oporrak. Ez dago horretarako une desegokirik.
- Idatz ditzatela ipuinak. Ume gehienek imajinazio handia daukate, ez jarri mugarik. Asma ditzatela istorioak, eskatu ahoz kontatzeko. Eta, animatzen badira, esan idatziz jartzeko. Txorierriko ipuin-lehiaketa aukera polita izan liteke idazten hasteko. Irakurtzea eta idaztea lotuta doaz, beti.
Liburuek, ezer baino lehen, gozamen iturri izan behar dute. Baina, horrez gain, begirada ere aldatu ahal diete neska-mutilei. Bidaia horren bidez lurralde ederrak ezagutu ahal ditzakete: elkartasuna, enpatia, berdintasuna, integrazioa, errespetua... Bateragarriak dira, eta beharrezkoak.
Idea batzuk
Umeak
Txominen sentimenduak, Lisbet Slegers. Sentimenduei buruzko liburu bat, txikienekin dibertitzeko.
Kuku bilduma, hainbat idazle. B urtetik aurrera emozioak lantzeko bilduma.
Amak batzuetan trumoiak izaten ditu buruan, Bea Taboada. Emozioak ulertzeko eta emozioekin
bizitzeko.
Gazteak
Subnormala, Iñaki Zubizarreta. Eskola-jazarpenaren inguruko komikia.
Beldurrik gabe, Manuel L. Alonso. Nork bere mugak gainditu eta hazteari buruzkoa.
Iruleak, Garazi Albizua. Emakumeen ahalduntzea.
Helduak
Maskulinitateak, R.W. Connell. Maskulinitate eredu hegemonikoa krisian sartzen den une horiek harrapatu eta ikertzen ditu.
Emearen bidea super gizakiaren aroan, Galo Martinez de la Pera. Emearen bidean, herrigintza eta feminismoa uztartzen dira.
Isildutako eskuak, Jon Abril. Emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian.