Santimamiko jaiak arriskuan

a: Santimamiko jai-bztordea 2023ko urt. 30a, 12:04

Herritarrei halabeharrez egin die deia Santimamiko jai-batzordeak, bertan parte hartu dezaten. Izan ere, kide gutxi dira antolakuntza- eta laguntza-lanetan eta ez dakite aurten jaiak prestatzeko moduan egongo diren. Egoera hain da larria, ezen adierazi baitute jaiak desagertzeko zorian egon litezkeela.

Abuztuaren 17an Santimami da, eta Zamudioko eta Derioko lurretan dagoen ermitan jaiak izan ohi dira hiru egunetan, hilaren 16tik 18ra hain zuzen ere. Jaiak “betidanik” egin dira eta, nagusienetakoek gogoratzen dutenez, ekintzak ermita zaharrean ere eginak dira; ermita hori beste leku batean zegoen. Hala ere, jai-batzordeak erabaki gogorra eta zaila hartu behar izan zuen iaz: egun bakarreko jaiak antolatzea. “Egoera larria da. Joan den urtean, jai-batzordean 6-7 lagun ibili ginen kudeaketa-lanak egiten: planifikazioa, ekintzak kontratatu, dirulaguntzak eskatu eta justifikatu… Baina lagun-kopuru hori ez da nahikoa jai-egunetan bertan izaten diren ekintzak aurrera ateratzeko. Horregatik erabaki genuen jaietako egunak murriztea. Pandemia dela-eta jaiak bi urtean bertan behera utzi ondoren, jaiak berriro antolatzea inportantetzat jo genuen, baina egin beharreko ahalegina oso handia izan zen. Zenbait lan aldi berean egin behar dira, eta pertsona batzuek momentu batzuetan lagundu ziguten arren, ezin izan genien lan guztiei heldu”, azaldu dute.

“Iaz 6-7 lagun ibili ginen jai-batzordean, baina kopuru hori ez da nahikoa jai-egunetako ekintzak aurrera ateratzeko”

Gainera, aipatu duten moduan, jai-batzordeko kide batzuk «nagusitxoak» dira eta jadanik ezin dute gazte zireneko erritmoan eta bizitasunean lan egin. “Kide batzuek 20 urte baino gehiago daramatzate jai-batzordean, eta ordezkorik ezean hura desagertuko da”. Jai-batzordeko kide-kopuru egokiari dagokionez, azaldu dute jaiak antolatzeko nahikoa dela 8-9 lagunek osatutako taldea, baina lagun gehiago behar direla jaietako egunetan ekintzak aurrera atera ahal izateko. “Batez ere momentu kritikoetan, zereginak batera etortzen direlako: adibidez, mus lehiaketa izaten den bitartean, txanda egin behar da txosnan, gaueko tortillak egiten hasi eta bestelako kudeaketak egin. Iazko jai-egitaraua erreferentziatzat hartuz gero, esaterako, une batzuetan 15-16 pertsonaren laguntza beharko genuke. Nolanahi ere, bakoitzak noiz lagundu ahal dugun ere kontuan hartzekoa da: bakarrik ekintza zehatz batean lagundu ahal izatea eta egun osoan laguntzeko aukera izatea ez dira berdin”.

“16 bat pertsonaren laguntza beharko genuke batez ere momentu kritikoetan, zereginak batera etortzen direlako”

 

Jarrera proaktiboa

Laguntza dena dela ere, ongi etorria da Santimamiko jai-batzordean. “Ez gabiltza profil zehatz bateko lagunen bila; animoa eta jarrera proaktiboa izatea nahikoa da. Guztiontzako zereginak izaten dira”. Eta, egia esan, zeregin asko egoten dira ospakizun-ekitaldien eta jai-giroaren atzean. “Jaiak baino lehen, adin guztientzako ekintzak antolatu behar dira eta horiek eskaintzen dituzten enpresekin harremanetan ipini. Logistika-arloko gauzak ere kontuan hartu beharra dago: komunak, edariak eta janaria, izotzak, sukaldeko materiala erosi, lehiaketetarako sariak erosi, ermitaren ingurua garbitu eta jai-gunea prestatu, txosna ipini… Bestalde, txosnan edariak atera behar dira jai-egunetan, eta janaria prestatu. Sardina-jana, txitxi-burruntzia, txokolatea… ere prestatu behar dira txosnatik kanpo, eta lehiaketetako zehetasunak eta sariak prest eduki. Era berean, garbitze- eta atontze-lanak egin behar dira ekintzen aurrean eta ostean: parrilak prestatu, mahaiak antolatu, ermita mezarako prestatu… Baita ekintzak egitera etortzen direnei harrera egin ere, eta haiei adi egon. Azkenik sorgina erre behar da”. Alabaina, sorgina erreta ez da lana amaitzen. “Txosna, ermita eta jai-eremua jaso eta garbitu behar dira, eta gastuen kontuak egin eta udaletxean aurkeztu”.  

Santimamikoak egunean gozatzeko jaiak dira, familian eta lagun artean. Berbena edo kontzertu handirik barik, adin guztietako ekintzak izaten dira: lehiaketa gastronomikoak, mus-txapelketa, umeentzako herri-kirolak eta ekintzak, meza, fanfarrea, herri-bazkaria… “Ezagutzen duguna eta egiten dakiguna antolatzeko joera dugu, horrek antolakuntza errazten duelako. Halere, ideia berriak beti dira ongi etorriak, eta proposamenak entzuteko prest gaude. Abuztuan Txorierrin geratzen garen askok oso egun onak pasatzen ditugu Santimamiko jaietan: oso giro polita izaten da, euria egiten duenean ere bai!”. Horrela, bada, deia egin diete jai-batzordean modu batean edo bestean parte hartzeko prest dauden guztiei. “Ea elkarrekin jaiei bultzada berria ematerik dugun! Lan batzuk korapilatsuak dira, eta beste batzuk errazagoak, baina guztiok lagundu ahal dugu, guztiok dakigulako gauza horiek egiten”. Jai-batzordean parte hartzeko, mezua bidali behar da santimamielkartea@gmail.com helbide elektronikora. “Animatu, Santimamiko jaiak arriskuan daude eta!”.

“Abuztuan Txorierrin geratzen garen askok oso ondo pasatzen dugu Santimamiko jaietan: oso giro polita izaten da”

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).