Barra-grafikoetan kopuru absolutuak azalduko dira; zirkulu-grafikoetan, bakoitzaren pisu erlatiboak ehunekoetan; eta hirugarrenean, biztanleko zifrak. Beste gastu garrantzitsu bat finantza-gastuetan egon daiteke, finantza-erakundeekin maileguak sinatzen direnean. Nolanahi ere, Txorierriko udalen kasuan, maileguek oso zorpetze-maila txikia eragiten dute: ez dago Sondikan, Loiun, Derion eta Zamudion; eta Larrabetzun eta Lezaman eramangarria da. Azken udalerri horietako finantza-karga, interesak eta amortizazioak 22.468 eta 25.334 eurokoak dira hurrenez hurren.
Grafika horietan azaltzen diren lau kapituluak banan-banan zehaztuko ditugu ondorengo lerroetan. Langileen gastuak dira langile funtzionarioei, estatutupekoei eta laboralei ordaintzeko erabiltzen den dirua, baita hautapenezko kargudunei edozein kontzeptugatik ematen zaizkien ordainsariak ere. Gastu orokorrek, bestalde, udal-gasturik handiena ekartzen dute: materiala erostea, bulegoetarako eta informatikarako gaiak, hornidura-gastuak, energia eta erregaiak, arropa, elikagaiak eta tresneria, herri-konponketak, mantentze-lanak eta artapenak. Mankomunitateari eta dirulaguntzen transferentziei dagokienez, gasturik handiena Mankomunitateari egiten zaion diru-ekarpena da: % 80 inguru. Mankomunitateak kudeatzen ditu gehienbat kaleak garbitzea, herri-argiteria eta hondakinak biltzea, eta neurri txikiago batean, euskara, lana eta enplegua, genero-berdintasuna, osasuna, hezkuntza, gazteak eta galdutako animaliak. Familientzako eta herriko elkarteentzako dirulaguntzak, berriz, % 15-20 dira, eta, halaber, bazkide izategatik kanpoko erakundeei ordaintzen zaien kuota ere kontuan hartu behar da: Eudel, UEMA, Jata Ondo… Azkenik, inbertsioak bideratzen dira azpiegitura-gastuetara, iraupen luzeko ondasunetara eta izaera immateriala duten erosketa ez suntsikorretara; lurrak, eraikinak edo epe luzerako makineria erosteari lotutako gastu finkoak dira. Zamudioren kasuan, kapital transferentzietan 60.100 euroko dirulaguntzak daude jarrita, inbertsio moduan hartu daitezkeenak; guztira 118.594 euroko kopurua osatuta. Udalak lau bide ditu inbertsioei aurre egiteko: sarrera arrunten eta gastu arrunten artean aurrezki garbia lortu; Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak jaso; hirigintza-jarduerako eskubideetatik diru-etekinak atera; edo finantza-erakundeekin mailegua formalizatu, hau da, zorpetu.
Hala ere, aurrekontuetan agertzen diren kopuruak eta gero benetan erabiltzen direnak ez dira beti bat etortzen. Horrela, bada, aipatutako hiru kapituluetan desbideratze txikiak egon daitezke, eta nabarmenak, inbertsioetan. Sarritan, urte baterako aurreikusitako inbertsioak hurrengo urteetan eginez joaten da, eta, hortaz, zeharo aldatzen dira grafikoetan azaltzen diren kopuruak. Horren adibide, Larrabetzuko inbertsioko kopuruetan udaletxearen berriztapen integrala dago sartuta, datozen urteetan burutzen joango dena. Biztanleko grafikoetan jaso dira aurreikusgarriago diren hiru kapituluak. Loiuko eta Zamudioko zifra handiak izaten dira, alde batetik, euren jarduera ekonomikoagatik, eta bestetik, erlatiboki biztanle gutxi dutelako. Deriok, ordea, erlatiboki biztanle-kopuru handia du eta, ondorioz, zifra txikiagoak ditu.
Langileen gastuak, gastu orokorrak eta Mankomunitateari eta dirulaguntzei lotutako gastuak batera aztertu behar dira, inbertsioekin batera, udalen jasangarritasuna bermatzen dute eta. Neurri handiago edo txikiago batean, guztiek dute inbertitzeko asmoa, nahiz eta inbertsioa epe luzerakoa izan. Aipatutako kapituluak eta zorpetze orekatua izatea ezinbestekoak dira udalerrien zerbitzu eta baliabideak egoki garatzeko.