Zamudioko eta Larrabetzuko sei neska gaztek osatzen dute Anpuluek taldea. Azaldu digutenez, haietako batzuk dira Txorierriko Neska Gazteak taldearen partaide ohiak, eta beste batzuk, kide berriak. “Taldea berpizteko beharra sentitu genuen, eta indar handiagoz itzuli”. Feminismoak eta gaztetasunak batzen dituzte. “Gure herrietan badaude talde feministak, baina horietako kideak helduagoak dira eta, arazo komunak ditugun arren, kezkak ez dira beti berberak. Izan ere, guk zapalkuntza jasaten dugu, alde batetik, emakumeak izateagatik, eta beste aldetik, gazteak garelako: gaztetasunari lotutako prekarietatea, gure ahotsa ez da hainbeste kontuan hartzen... Horregatik erabaki genuen taldea sortzea. Dena dela, harreman on-ona dugu gainerako taldeekin eta beti gaude elkarlanean ibiltzeko prest”.
Euren errebindikazioen artean batez ere lau azpimarratu dituzte. “Euskal Herri euskaldunagoa eta feministagoa lortu nahi dugu, eta gure artean harremanak saretu, uste dugulako emakumeen arteko saretzea oso garrantzitsua dela gure segurtasunari begira aurrerapausoak bermatzeko. Era berean, Txorierrin kontzientzia feminista indartu eta sortu nahi dugu, eta gaur egungo sistema cisheteropatriarkala desegin, eta beste bat sortu, non pertsona guztion nahiak eta beharrizanak kontuan hartzen diren”. Urte hasieran, bertso-poteo feminista egin zuten, eta lodifobiari buruzko hitzaldia. “Datozen egunei begira, gure arteko zaintzaren eta zaintza orokorraren inguruko kafe-tertulia antolatu nahi dugu, eta martxoaren 11n taldea aurkeztuko dugu Hori Bai gaztetxean. Egun osoko egitaraua prestatuko dugu: bazkaria, mahai-ingurua, olinpiadak, kontzertuak… Aurkezpena Txorierriko neska gazteak harremanetan jartzeko tresna izatea nahi dugu. Era berean, gure jarduna eta ekintzak plazaratuko ditugu bertan, ea borroka honetara gurekin ahalik eta neska gehien batzen diren!”.
Isilik ez
Hemeretzi urtetik 24 urtera arteko neskek osatzen dute Anpuluek taldea. Aspaldi honetan, feminismoaren kontrako jarrera ageri da Estatuko zein Euskal Herriko gazteen artean. “Hori ez da kontu berria. Borroka feministak ekarri du emakumeok ez isiltzea eta gizonek dituzten pribilegioak mahai gainean jartzea; hortaz, asko haserre dira. Ahaldundu gara eta zalantzan ipini dugu cisheteropatriarkatua; eta ez zaie gustatu. Nolanahi ere, ondo egiten gabiltzan seinalea dela uste dugu”. Jarrera matxistei egunero egin behar diete aurre. “Txisteak, aipamenak, ukituak jaietan, ikasgelan mutilen ahotsa emakumeena baino lehenago entzutea, hitza kentzea… Gauza handiak direnean jendeak onartzen du, baina txikiak badira, ahoberoak gara”.
Zalaparta handia sortu da “Bakarrik bai da bai” legearen inguruan. Legea sakon ezagutzen ez duten arren, eta adituak ez direla azpimarratu badute ere, euren iritzia dute. “Garrantzitsutzat jotzen dugu, erdigunean gure onespena ipintzen duelako: ez dugu geuk frogatu behar erasoa jaso dugula, eta, hortaz, ez gaituzte epaitzen; gainera, babes handiagoa dugu salatzen dugun momentutik. Gure ustez, epaile matxista batzuek legea txarto interpretatu dute zigorrak murrizteko, eta eskumako alderdi eta komunikabide batzuk hori erabiltzen dabiltza, legeak atzera egin dezan eta, besteak beste, gure onespena erdigunetik kentzeko. Ikusiko dugu azkenean zer gertatuko den… Dena dela, nahiz eta legeak inportanteak izan, ez dute arazoa konpontzen: arazoa sistema osoarena da eta hor jarraituko du, beste sistema-mota bat sortu ezean”.
Elkarlanean
Aipatu moduan, Anpuluek taldeko neskak prest daude gainerako elkarte feministekin elkarlanean ibiltzeko. “Azaroaren 25aren haritik deitutako mobilizazioekin bat egin genuen, eta aurrerantzean ere haiekin bat egitea espero dugu. Izan ere, deialdi bat egin beharrean, indarrak batzea da inportantea. Beraz, lagunak animatuko ditugu euren herrian antolatutako ekintzetan parte hartzera”.
Mugimendu feministak Martxoaren 8ko errebindikazioen erdigunean zaintza ipini zuen iaz. “Bide beretik jarraituta, aurtengo leloa izango da «Denon bizitzak erdigunera». Sistema honetan, langile-klaseko emakumeok hartu dugu zaintzaren ardura beti, etxean, lantokian, harremanetan… Lan hori isilpean egiten dugu eta doakoa da. Gugatik ez balitz, ez litzateke zaintza-sistema sostengatuko. Horregatik, hura iraultzeko aldarrikapena ez da bakarrik Martxoaren 8ra bideratuko: mobilizazio-prozesu baten hasiera izango da eta epe ertainera ere deituko da mobilizazioetara”.
Euskal Herriko Neska Gazteen sarearen parte ere badira. “Kezka eta beharrizan antzekoak ditugulako sortu zen taldea, elkarlanean ibiltzeko eta gure arazoei era bateratsuan erantzuteko. Elkartzeko eta ahalduntzeko gunea da, eta gure borroka euskaraz egitea hautu dugu; hala ere, euskara ez dakiena ez dugu baztertzen, eta baliabideak sortzen ditugu gurekin jardun dezan. Banatuta eta isolatuta egon gaitezen nahi du sistemak, eta, horren aurrean, gure esparruak sortzeko eta autodefentsa feministaz armatuta borrokatzeko beharra ikusten dugu: guk egiten ez badugu, ez du beste inork gugatik egingo”.