Aldundiak martxoaren 20tik 29ra irekiko du “Udalekuak 2023” programan izena emateko epea

Aikor aldizkaria 2023ko mar. 13a, 12:04

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek Udalekuak 2023 programa antolatzen dute batera. Udalekuek jolas- eta hezkuntza-programa zabala eskaintzen die umeei eta gazteei. Aurten, 3.993 haurrek hartuko dute parte Euskal Autonomia Erkidegoan; horietako 1.288, Bizkaian: 1.198 euskaraz eta 90 elebidunak. Programan izena emateko epea martxoaren 20tik 29ra bitartean egongo da irekita (13:30ak arte), eta horretarako aukera bi daude: www.bizkaia.eus/udalekuak webgunean; ala Bizkaiko foru, udal edo eskualdeetako bulegoetan. Udalekuak uztailaren 1etik 29ra bitartean egingo dira, biak barne. Udalekuetan 7 eta 13 urte bitarteko haurrek parte hartzeko aukera izango dute.

Udalekuek elkarbizitzarako jolas-gune bat eskaintzen die neska-mutilei, beren autonomia pertsonala sendotzeko. Gainera helburu batzuk ezarri dituzte: oporraldiak gozatzea; aisialdi hezitzailea bultzatzea; ingurune naturalera hurbiltzea eta ingurumenarekiko errespetua sustatzea; euskara aisialdian bultzatzea; eremu bakoitzeko ohiturak eta baliabide kulturalak ezagutaraztea... Programa hiru Kultura diputatuek aurkeztu dute gaur goizean: Lorea Bilbaok (Bizkaia), María José Telleriak (Gipuzkoa) eta Ana del Valek (Araba).

Udalekuak Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako 15 tokitan jarriko dira. Bizkaiak zazpi eguneko egonaldiak eskainiko ditu Gorliz, Lapurreketa (Dima), Lurraska (Ajangiz), Zugaztieta (Trapagaran), Meakaur (Morga) eta Legasako (Bertiz - Arana) aterpetxeetan. Gipuzkoakoak hauek dira: Orio, Zarautz, Hondarribia, Abaraxka (Azkoitia), Bertiz eta Irrasarriland. Eta Arabakoak, hurrengoak: Barria, Zuhatza eta Espejo. Ume bakoitzak bere herrialdean emango du izena, baina beste herrialdeetara ere joan ahal izango da.

Umeek hainbat kirol- eta kultura-jarduerak egingo dituzte udalekuetan: museoetara bisitak, txalaparta, birziklatze-tailerra, mitologiari buruzko gaualdiak, gynkanak, mendi-ibiliak, eskalada, rapela, tirolina, arku-tiroa, paintballa, arborismoa, orientazio-jolasak, laser tag, segwaya, mendiko bizikletako jaitsiera, arrauna, piragua, kanoi-jaitsiera, pedaloia, optimist, wind surfa, multiabentura, herri kirolak (trontza, artaburuak, zakulariak, txingak, sokatira), ferrata bideak, baratzeko jarduerak, animaliekin egindako jarduerak eta elikadurari buruzko tailerrak... Ekintza guztiak kanpainaren liburuxkak jaso ditu eta www.bizkaia.eus/udalekuak helbidean daude irakurgai.

Izen-emateak hiru partaideko taldeetan egin ahal izango dira. Eskaera kopurua lekuak baino handiagoa bada, zozketa egingo da apirilaren 26an. Aurtengo kuota 135 eurokoa izango da. Horren truke, zerbitzu hauek eskainiko dira: ostatua, gosaria, bazkaria, askaria eta afaria, dinamizazio zerbitzua, istripu eta erantzukizun zibileko asegurua eta joan-etorriko garraioa jatorrizko lekutik (Donostia, Ansio eta Gasteiz). Gainera, gizarte-laguntzak jasotzen dituztenek eta familia ugariek hobariak izango dituzte. Aldundiek plazen % 5 gordeko diete hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonei: desgaitasun fisikoa, psikikoa, sentsoriala edo soziala.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).