Ibilbideak 3,2 metroko zabalera izango du hasierako sei kilometroetan; eta 3,5 metrokoa, gainerakoan. Lurzorua zagor artifizialezkoa izango da. Gainera, 446 metroko tunela ere eraberrituko da, bere segurtasuna bermatzeko: inpermeabilizatuko da; LED argiak jarriko dira bertan; hormigoizko horma batek indartuko du tunelaren egitura; eta aisialdirako guneak ere atonduko dira. Trenbide Zaharraren lanak bide naturalen Estatuko programaren barruan daude. Hau da, Espainiako Gobernuak ordainduko du 7,3 milioi euroko eraberritzea. Foru Aldundiak lurzoruak utziko ditu eta ibilbidea mantenduko du. Proiektua Bilbo eta Lezama lotzen zituen trenbide zaharraren ibilbidean jarriko da. Hori 1901ean utzi zitzaion erabiltzeari.
Bizi Txorierri
Bizi Txorierri elkartea 2007an hasi zen Lezamako Trenbide Zaharra berreskuratzea aldarrikatzen. Taldeak “pozik” hartu du proiektua, baina baita “lasaitasunez” ere. “Lan ikaragarria egin dugu horren alde: martxak eta hitzaldiak antolatu ditugu, komunikabideetara jo dugu, bloga genuen... Askotan esan digute proiektua aurrera egingo zela, baina azkenean ez da inoiz egin. Badirudi oraingo egitasmoa serioa dela. Ikusiko dugu eta egiten bada, ongietorria izango da. Bazen garaia!”, esan du Gorka Saratxu taldekideak. “Antza denez, norbaitek begiak ireki ditu eta konturatu da Lezamako Trenbide Zaharra oso leku polita dela. Artxanda bultzatu nahi dute eta horri lotuta dago. Gainera, toki ederra da ibiltzeko eta bizikletaz aritzeko. Jende askok disfrutatuko du”.
Lehen, taldeak mendi martxa antolatzen zuen Trenbide Zaharraren balioa azpimarratzeko, baina pandemia etorri zenetik, bertan behera gelditu da. Aurten, martxa berriro egiteko asmoa dute. “Pena izan zen. 2020an, Txorierriko udal batzuek eta Mankomunitateak bat egin zuten gurekin eta eskaera Eusko Jaurlaritzan aurkezteko zorian egon ginen. Proiektua aurrera doala ikusita, berriro egingo dugu martxa, ziur asko irailean edo”.