261.000 euskal hiztun gehiago

Aikor aldizkaria 2023ko mar. 21a, 12:02

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) VII. Inkesta Soziolinguistikoren datuak ezagutzera eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Datuak 2021. urtean egindako inkestetan oinarritzen dira, eta haien arabera, gaur egun duela 30 urte baino 261.000 euskaldun gehiago daude; hau da, euskaldunen kopuruak 12 puntuko hazkundea izan du 1991. urtetik hona: 24,1etik 36,2ra. Hamasei urtetik gorako biztanleen % 36,2 da euskalduna; % 18,6, euskaldun hartzailea; eta % 45,3, erdalduna. Sexuari dagokionez, emakumeen % 36,5 da euskalduna, eta gizonen % 35,8.   

Inkestaren datuei erreparatuta, euskal hiztunen profila gaztetu da azken 30 urtean. Horrela, 16 urtetik 24 urtera bitarteko gazteen % 74,5 da euskalduna; 1991. urtean, berriz, adin-tarte horretako gazteen % 25 zen euskalduna. Gainera, orain dela 30 urte adin-talderik euskaldunena zen 65 urtetik gorakoena, eta gaur egun da euskararen ezagutza apalena duena (% 22,1). “Edozein hizkuntza gutxituren biziberritzean egon litekeen daturik onena da gazte-belaunaldiak euskara ezagutzea: hizkuntza-ordezkapena iraultzen ari den adierazle nagusietakoa da”, esan zuen Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak datuen aurkezpenean. “Eskolaren eta helduen euskalduntzearen eragina nabarmen sumatzen da datuetan. Gizarteak azken hiru hamarkadetan egindako apustu sendoaren adierazlea ere bada hau guztia”.

“Euskal hiztunen profila gaztetu da azken 30 urtean: 16 urtetik 24 urtera bitarteko gazteen % 74,5 da euskalduna”

Euskaldunen igoera hiru lurraldeetan gertatu da. Gipuzkoan dago euskaldun gehien: % 51,8 (bi puntuko igoera, hamarkada batean); ondoren Bizkaian: % 30,6 (bost puntuko igoera); eta azkenik, Araban: % 22,4 (sei puntuko igoera). EAEko euskaldunen % 55,4 bizi da gune soziolinguistiko erdaldunean edo nahiko erdaldunean, eta % 44,7 gune euskaldunetan.

Inkestan jaso denez, euskararen erabilerak ere egin du gora: biztanleen % 21,9k hitz egiten du euskaraz erderaz beste edo gehiago. Zehatz-mehatz, 6,4 puntuko igoera egon da: 412.000 biztanle, 2021ean; eta 271.121 biztanle, duela 30 urte. Igoera hiru lurraldeetan izan da, baita hiru hiriburuetan ere. Gazteek erabiltzen dute euskara gehien: % 33,5ek; eta gutxien, 65 urtetik gorakoek: % 16,7k. Biztanleria gehien bizi den gunetan gertatu da igoera, baina erabilerak herri txikietan egin du behera: 9,7 puntuko jaitsiera. “Aldaketa horretan eragina izan du, besteak beste, lurralde barruko zein kanpoko mugikortasunak”.

“Erabilerak 6,4 puntu egin du gora: biztanleen % 21,9k hitz egiten du euskaraz erderaz beste edo gehiago”

Lehen hizkuntza

Hizkuntzaren erabileran eragiten duten faktore nagusien artean azpimarratu dituzte hizkuntza-erraztasuna eta harreman-sarea. Hizkuntza-erraztasunaren harira, euskaldunak irabazi diren neurrian, gora egin du erdaraz hitz egiteko erraztasun handiagoa duen euskaldunen kopuruak. Hala, gaur egun, euskaldunen % 44,3k erraztasun handiagoa du erdaraz hitz egiteko (% 37,8 zen 1991n), eta euskaldunen % 27,4k erraztasun handiagoa, euskaraz aritzeko (% 34,6 zen 1991n).

“Euskaldunak irabazi diren neurrian, gora egin du erdaraz hitz egiteko erraztasun handiagoa duen euskaldunen kopuruak”

Erraztasunak lotura handia du lehen hizkuntzarekin. EAEko 16 urteko edo gehiagoko biztanleriaren % 18,4k euskara bakarrik jaso du etxean; % 6,5ek, euskara eta erdara; eta % 75,1ek, erdara. Adinari erreparatuta, 16 urtetik 24 urtera bitartekoen % 24,1ek euskara soilik jaso du etxean; eta % 13,8k euskara eta erdara. Gainera, duela 30 urte euskaldunen % 79,3 ziren euskaldun zaharrak, eta ordutik hona pisua galduz joan dira: 31,2 puntuko jaitsiera, hain zuzen. Euskaldun berrien kasuan, aldiz, 22,7 puntuko hazkundea egon da (% 36,9 gaur egun); eta jatorrizko elebidunen kasuan, 8,6 puntuko igoera (% 15,4 gaur egun).    

Erabilera-esparruak ere aztertu dira inkesta soziolinguistikoan eta ikusi da “testuinguru formal zein informaletan egin dela gora”. Udal-zerbitzuetan egiten da gehien euskara (% 27,4); ondoren, lankideen artean ( % 26,8); eta gero, osasun-zerbitzuetan (% 23,1) eta lagunen artean (% 22,1). Interneten eta gizarte-sareen erabiltzaileen % 19,5ek maiztasun handiz erabiltzen du euskara ingurune digitalean.   

Aldeko jarrerak

Bestalde, familiaren bidezko euskararen transmisioak gora egin du bikote euskaldunetan zein mistoetan. Guraso biak euskaldunak direla eta bien lehen hizkuntza euskara dela, seme-alaben % 98k euskara soilik jaso du etxean, eta % 2k euskara eta erdara. Gurasoetako bat euskalduna denean eta bere lehen hizkuntza euskara denean, seme-alaben % 84k euskara eta erdara jaso ditu, eta %16k erdara. Guraso biak euskaldunak izanik euren lehen hizkuntza erdara denean, berriz, seme-alaben % 35ek euskara soilik jaso du etxean; % 36k, euskara eta erdara; eta % 29k, erdara. Guraso euskaldunaren lehen hizkuntza erdara denean, seme-alaben % 57k jaso ditu euskara eta erdara. Sexua ere hartu da kontuan familiaren bidezko transmisioan: bikote mistoetan, euskara eta erdara transmititzen ditu ama euskaldunen % 49,9k eta aita euskaldunen % 41,7k.

“Familiaren bidezko euskararen transmisioak gora egin du bikote euskaldunetan zein mistoetan”

EAEko 16 urteko edo gehiagoko biztanleen % 67 dago euskararen erabilera sustatzearen alde; % 26,3 dago ez alde ez aurka; eta % 6,8 aurka. Euskara sustatzearen alde daudenen ehunekoak 12 puntuko hazkundea izan du azken 30 urteotan. Era berean, biztanleen % 74,7k uste du euskara jakin behar dela Administrazioan sartzeko; % 89,3k, haur guztiek euskara ikasi behar dutela; eta % 49,3k irratian eta telebistan programa gehiago euskaraz eman behar dituztela. Zupiriaren ustez, “Euskararen legeak, gizartearen aldeko adostasunak eta jarritako baliabideek lagundu dute euskararen biziberritze-prozesua positiboa izan dadin. Datuek berresten digute gizarteak euskararen alde egindako apustua sendoa izan dela, eta gaur egun ere sendoa izaten jarraitzen duela”.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).