Aldaketa klimatikoari aurre egiteko estrategietako bat da erregai fosiletatik energia berriztagarrietara pasatzea, baina horrek ere arazoak ditu. Aipatutako elementu gehienak urriak dira eta oso leku gutxitan izaten dira. Gainera, elementu horiek prozesatzea konplexua eta garestia da, eta energia handia kontsumitzea ekartzen du. Konponbidea topatzeko, materiak berrietan ikertu behar dugu, baina ez edonola.
Senentxu Lanceros da Materialen, Aplikazioen eta Nanoegituren Euskal Zentroaren (BCMaterials) zuzendari zientifikoa. Bere esanetan, garai batean, material berri bat garatzeko, hura berezia egiten zuten ezaugarriak bilatzen ziren: errendimendu hobea, miniaturizazioa, kostua murriztea… Egun, jasangarritasuna ere hartzen da kontuan: lehengaien kostu energetikoa, eskuragarritasuna, biodegradagarriak diren, berrerabili daitezkeen, ondo birziklatu… Beraz, kontua ez da bakarrik material berriak topatzea: egokiak eta jasangarriak ere izan behar dira.
Bideko proiektuaren kidea da BCMaterials. Egitasmoak guztiz biodegradagarriak diren bateriak sortzea du helburu, eta dagoeneko hasi dira paperez egindako bateria batzuk garatzen. Adibidez, FlowER bateriak ditu sustraiak, zurtoina eta hostoak, eta bere fluidoen sistemen bidez landare baten bizi-zikloa imitatu dezake. Bestalde, nekazaritzan erabiliko diren sentsoreak elikatzeko gai izango da, eta, guztiz biodegradagarria denez, bere bizi-zikloa amaitzean ez du hondakin arriskutsurik utziko.
CIC Energigunen ere hainbat proiektu interesgarritan dabiltza. Esaterako, baterietan litioa erabili beharrean –urria dena–, gatz arruntaren sodioa erabiltzen duten bateriak garatzen dabiltza.
Rodioaren erreserben % 80 Hego Afrikan dago, eta haziz joaten den arren, urtean bakarrik 30 tona ekoizten dira; urtean 3.000 tona urre inguru ekoizten dira, hala ere. Nikelaren munduko erreserben % 22 Indonesian dago: kromoan eta estainuan aberatsa da, eta orain dela gutxi adierazi dute esportazioak eteteko asmoa.
Erabaki politikoak eta pertsonalak tartean, ikerketa da aipatutako metalekiko dugun mendekotasuna ekiditeko eta etorkizun jasangarriago baten bidean ipintzeko gakoetako bat, zalantza barik.