Eztabaida potoloak eta begirada askotarikoak behar ditugu, bizitza guztiei sostengua emateko zaintza-sistema publiko eta komunitario bat eraikitzen hasteko.
DENON. Denon bizitzek dute balio bera, eta denok dugu zaintzarako eskubidea, baita zaintzeko ardura ere. Emakumeok sostengatzen dugu zaintza-sistema, eta, gainera, hainbat jatorritako emakumeok gara kasu askotan. Zaintza-banaketa demokratikoa eta parekidea behar dugu. Lan-arloan ere aitortu behar da zaintza-lanetan diharduten emakumeek bizitza sostengatzeko egiten duten lana, bai sozialki, bai lan-baldintzak hobetzeari dagokionez.
BIZITZAK. Zaintza-sistemaren antolamenduaren erdigunean bizitzak egon behar dira. Zaintzaren beharrizanak negozioa izateari utzi behar dio, izan ere, egun erabat pribatizatua eta merkantilizatua dagoen eremua da: haien lagunen artean negozioa banatzeko, administrazio publikoaren kudeatzaileek sare publikoa desegin dute, etxez-etxeko laguntza, zaharren egoitzak, osasungintza, bestelako gizarte-zerbitzuak… Logika merkantilistatik antolatu dute guztia, zaintzaren eta langileen lan-baldintzen kalterako. Sektoreko patronalak eta instituzioek urgentziaz hartu behar dute ardura, eta sektoreko hitzarmenak desblokeatu. Sektorea publiko bihurtzeko bidea hasi behar da.
ERDIGUNERA. Feministok agenda politikoan eragitera etorri gara. Mugimendu feministaren gidaritzapean, eremu sozialetik eta laboraletik konkistatuko dugu erdigunea.
Zaintza beharrezkoa da bizitza(k) sostengatzeko, bizitza osoan eta eremu guztietan. Gizaki interdependenteak gara. Ahultasun hori aitortzeko beldurra kendu, eta egindako baieztapenaren balio iraultzailean sinesten dut. Balio politikoa eman diezaiegun zaintzari eta hitzaren beraren osotasunari, eta bidea egin dezagun guztion bizitzak erdigunean ipintzen dituen eredu baterantz. Sistema osoa zalantzan jarri dezagun. Zaintzak, dena aldatzeko.