ESTRATEGIAK: erosketa-saskian dirua aurrezteko erak
• Erosketak, beharrezkoak diren elikagaietara mugatu: asteko jatorduak planifikatu, erosketa zerrenda egin eta beharrezkoa dena erosi. Kapritxoak aldi batera utzi eta erosketak goserik gabe egin.
• Prezioak konparatu: denda eta kate ezberdinek eskaintzen dituzten prezioak konparatu, elikagai bakoitza non erosi jakiteko.
• Ez utzi markak erabakia baldintzatzea: markaren ospea ez da beti kalitatearen sinonimoa. Marka ezezagun batzuk (“marka zuriak”) kalitate handikoak dira eta, aldi berean, merkeagoak.
• Ez utzi etiketak engaina zaitzaten: etiketan “eskaintza” edo “beherapena” hitzak dituzten produktuak beti ez dira merkeagoak izaten (marketin estrategiak izaten ohi dira). Produktua merkeagoa den jakiteko, prezioak pisuaren arabera alderatu, ez salmenta-prezioaren arabera.
• Erosi elikagaiak ontziratu gabe: iraupen luzeko elikagaiak, hala nola zerealak, arroza, fruitu lehorrak eta lekale lehorrak, ontziratu gabe edo ontzi handietan merkeagoak eta jasangarriagoak dira.
• Gogoratu aurrezteko modu bat janaria ez xahutzea dela. Produktu batzuk iraungitzear daudenean merkeago daude, baita kantitate handietan erosiz gero ere. Xahutzea saihesteko, erosi soilik jatea aurreikusten duzuna, eta aldian-aldian, elikagaien iraungitze data begiratu, iraungitzear dauden elikagaiei lehentasuna emateko. Jakiak kontserbatzen ikastea ere garrantzitsua da.
• Kontuz! Ez da gauza bera iraungitze-data eta lehentasunezko kontsumo-data. Lehentasunezko kontsumo datak adierazten du elikagaiaren propietateak noiz arte mantentzen diren bere horretan (betiere ontzia ireki ez bada), baina data horretatik aurrera, kontsumitzeko segurua izaten jarrai dezake.
AHOLKUAK: elikadura egokia eta merkea eskuratzeko bideak
• Sasoiko fruta eta barazkiak hartu. Merkeagoak izaten dira eskaintza eta eskariagatik. Gainera, zapore eta aroma handiagokoak izaten dira (benetakoak); beraz, ez da beharrezkoa izaten gatza eta koipea gehitzea jakiaz disfrutatzeko. Azkenik, jatorrizko bitaminak eta propietateak askoz hobeto kontserbatuko dituzte.
• Ekidin jaki ultraprozesatuak: galletak, opilak, snack-ak, freskagarriak eta aurrez prestatutako platerak dira gehien kontsumitutako ultraprozesatuak, eta gure osasunari ez diote mesede egiten: gatza, azukrea, gehigarriak eta gehiegizko kaloriak izaten dituzte, besteak beste, eta kontrara, ez dituzte osasungarriak diren substantziak (bitaminak, mineralak eta zuntza) edo kopuru txikian izaten dituzte.
• Hobe lekaleetatik proteina jasotzea animalietatik baino: lekaleak oso proteina-iturri ona dira, eta haragia baino merkeagoa.
• Gogoratu hidratatzeko erarik onena ura hartzea dela: freskagarriek, aurrez prestatutako zukuek eta edari alkoholdunek ez dute behar beste hidratatzen (batzuek kontrakoa lortzen dute), eta gainera ura baino garestiagoak eta kaltegarriagoak dira.
GURE BALIZKO ALIATUAK: mugikorreko aplikazioak.
Erosketak egiterakoan, arrakasta handia izaten ari dira mugikorreko app-ak. Alde batetik, dirua aurrezteko, produktu batek supermerkatu ezberdinetan dituen prezioak konparatzen dituztenak.
Bestalde, nutrizioko app-ak, elikagaia osasungarria den ala ez adierazten dutenak, Nutriescore sistema (elikadura-konposizioaren araberako nutrizio-semaforoa), NOVA sailkapena (prozesamendu mailaren araberakoa) edo/eta gehigarri kantitateak kontuan hartuta, besteak beste.
Aplikazio horiek erabilgarriak izan daitezke, baina ez lirateke izan beharko gure erabakiak hartzeko irizpide bakarra: izan ere, osatu gabeko informazioa ematen dute eta horrek balorazioak okerrak egitea eragin dezake.