Zelan joan da areto-bira berezi hori?
Oso ondo, bai gure aldetik, bai publikoaren aldetik; poz-pozik gaude. Izan ere, guk normalean ez dugu aretoetan jotzen eta kontzertu ezberdinak izan dira. Gainera, proposamen berriak aurkeztu ditugu kontzertuetan, bakoitzean sorpresa bat egon da, pegatinak eta kalkomaniak banatu ditugu, opariak… Beldur apur batekin ibili ginen hasieran: guk plazetan jo ohi dugu eta, jai-giroan egonda, badakigu haiek beteko direla; kasu honetan, berriz, ez genekien aretora joan beharrari publikoak nola erantzungo zion. Baina dena ederto atera da. Beste aldetik, niri, pertsonalki, asko gustatu zait esperientzia: soinu-probak nahi duzun orduan egin ditzakezu, areto osoa zuretzat duzu, ez dago hotzik… (kar-kar).
Udaberriarekin batera herri eta auzo gehienetako jaiak etortzen dira; zelan datoz hurrengo hilabeteak?
Bada, maiatzetik irailera arte ez dugu asteburu librerik; adibidez, jada 13 kontzertu kontratatuta ditugu ekainerako. Ziur asko, kontzertu gehiago aterako dira, jai-batzorde batzuk beranduago hasten direlako jaiak prestatzen, adibidez, irailetik aurrera ospatzen direnak. Guk, normalean, hilabete pare bateko geldialdia izaten dugu neguan, baina kontzerturik irteten bazaigu, kontzertua egiten dugu.
«Ehoziri-lanik» egin behar?
Batzuetan, bai; esate baterako, zapatu batzuetan bi emanaldi egin beharko ditugu ekainean; edo barikutik astelehenera arte egun guztietan izango dugu kontzertua.
Gainera, zuenak hiruzpalau orduko kontzertuak dira.
Bueno, kontzertuen iraupena murriztu da aspaldi honetan, eta, baten batek lau orduko kontzertua egiteko eskatzen jarraitu arren, gaur egungo joera da hiru orduko kontzertua egitea, gero dj-aren txanda delako. Esan beharra dago alde horretatik gure baldintzak hobetu direla, lehen festa guk amaitzen genuelako, eta ordu txikietara arte jo behar; gogorra zen. Niri asko gustatzen zait kontzertuaren ondoren herrian gelditu eta giroa ezagutzea; egin dezaket orain.
“Baldintzak hobetu dira: lehen festa guk amaitzen genuen, eta ordu txikietara arte jo behar; orain, dj-ek”
Lehen aipatu duzunez, berrikuntzak sartu dituzue ikuskizunean, zeintzuk?
Lehenengo eta behin, kanta-errepertorio osoa aldatu dugu, eta 32 abesti berri ikasi, zenbait talderen abestien pot-pourriak joko ditugulako. Ekipo osoa ere aldatu dugu: anplifikadoreak baztertu eta gitarrarako eta baxurako pedal zehatz batzuk sartu, bateriarako pad bat, soinu elektronikoak… Era berean, keinua egiten diegu erritmo latindarrei, LGTBI komunitateari lotutako kantei; autotunea ere sartzen dugu… Hori guztia erromeriaren esentzia galdu gabe, ez dugulako orkestra bihurtu nahi. Zentzu horretan, orain arte egindako kontzertuek aukera ekarri digute jakiteko zerk funtzionatzen duen, eta zerk ez, eta beharrezkoa izanez gero, aldaketak egin. Berezia izango da, kontzertu batetik bestera aldaketak egongo direlako, beti ere herri edo publiko bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta.
“Kanta-errepertorioa aldatu dugu, soinu elektrikoak sartu, autotunea, soinu latindarrei keinu egin…, baina esentzia galdu gabe”
Modak erromeriara ere ailegatu dira?
Azken batean, txosnetako musika aldatu da, eta tabernetako musika ere askotarikoa da; euskal musika urbanoa egiten da, musika elektronikoa ere modan dago… Guk pentsatu genuen hori guztia erromeriara eramaten ez bazen, beharbada, beldurragatik zela edo teknikoki zaila delako; eta erabaki genuen gure ikuskizunetan sartzen saiatuko ginela, baina, lehen esan moduan, iparra galdu gabe. Nire ustez, ona da, ze euskal musika gero eta askotarikoagoa da eta, horri dagokionez, tabu guztiak gainditu dira: hori hain zuzen erromerian ere plazaratu nahi dugu. Halaber, ustekabeko faktorea da publikoarentzat, ez duelako halakorik espero, eta bere onena ematen du.
Nolanahi ere, abesti batzuk beti jo beharko dituzue…
Jakina! Sarri sarri, Lokaleko leihotik, ETSen edozein kanta, Otra noche, Gatiburen abesti asko… Eta Zetaken Itzulera ere derrigorrezko bihurtu da. Eta ez pentsa: gertatu zaigu abestiren bat errepertoriotik kendu, hura jotzen aspertuta gaudelako, eta gero publikoak abesti hori eskatu izana (kar-kar).
«Lur orotako» musikariak izan behar duzue?
Bai. Inprobisazioa batzuetan beste batzuetan baino hobeto irteten da; hala ere, behin agertokian zaudela, motibatuta, eta zure eta publikoaren arteko konexiorik badago, giltzarria da inprobisazioa. Kontzertu eta herri bakoitza ezberdina da, eta jakin behar duzu hango publikoaren gustuetara moldatzen, eta behar izanez gero, errepertorioa aldatu. Beste alde batetik, eta azpiegiturei dagokienez, alde handia dago, esaterako, hiriburu batean jotzearen eta herri txiki batean jotzearen aldean: lehenengoko agertokia itzela da, beharbada, eta bigarrenekoa, txiki-txikia; baina azken horrek egundoko ahalegina egin du zu kontratatzeko, eta ederto dago.
“Agertokian zaudela, motibatuta, eta zure eta publikoaren arteko konexiorik badago, giltzarria da inprobisazioa”
Zein da 15 urtean plazaz plaza ibiltzeko sekretua?
Hori galdetzen diet nik gainerako taldekideei, ze orain ditugun baldintzak ez dira hasierakoak; orain asko zaintzen gaituzte. Nik uste dut taldekideak oso erromeriazaleak direla, zeren, egia esan, honekin bakarrik ezin baita bizimodua atera. Publikoa ere giltzarria da, oso polita delako haiekin konektatzen zarenean eta zugana hurbiltzen direnean esatera zure lana asko gustatzen zaiela. Askotan eguna alaitzen dizute, benetan.
Sasoitsua
Kassen esanetan, sasoi onean dago erromeria. “Duda barik. Erromeria asko egiten dira, eta erromeria-talde anitz daude. Gainera, talde horietako askok ibilbide luzea dute: Xabik, Garilak 26k, Zirkinik Bezek… eta Akerbeltzek ere bai. Herri guztietan programatzen da erromeria eta poztekoa da. Bestalde, dj-ak modan daude, eta hasieran pentsatzen nuen, agian, kaltea ekarriko zigutela, baina ez da horrela gertatu. Izan ere, erromeriak oso ondo funtzionatzen du: zuzeneko musika da, konexioa dago publikoaren eta musikarien artean, elkarri eragiteko aukera dago… Oso indartsu gaude”.
Hain handia da Akerbeltzek publikoarekin duen konexioa, ezen jarraitzaile sutsuak ere baitituzte, plazaz plaza jarraitzen dietenak. Oso bitxia iruditzen zaigu, eta batzuetan ardura apur bat ere ekartzen digu, gure buruari galdetzen diogulako beti kontzertu antzekoa ikusteaz aspertzen ez ote diren. Edozelan ere, ilusio handia egiten digu, gure lana gustuko duen jendea dagoelako eta euren babesa dugulako”.