Nahiz eta negoziazioan aurrerapausoak egon direla onartu, LABen ustez, proposamena ez da nahikoa, asanbladara eraman ahal izateko, “artikulu askotan enpresak ez duelako inolako konpromisorik hartzen. Lan-batzorde bat baino ez da proposatzen, zeinetan, enpresak horretarako borondaterik badu, eskariak aztertu, baloratu eta adostuko diren”. Sindikatuak esan du aurreko hitzarmena indarrean egon den bitartean enpresak hainbat bider urratu dituela bertan jasotakoak. Hortaz, ez dira fio “lan-batzorde horietan akordioak lortuz gero enpresak akordio horiek betetzeaz”.
LABek adierazi moduan, alde sozialari, aldiz, konpromiso askoz irmoagoa eskatzen diote: “ekintza administratibo eta judizialei uko egitea eta hitzarmen kolektiboaren indarraldia amaitu arte greba-eskubidea ez baliatzea, hitzarmenaren edukiak aldatu edo hobetzeari dagokionez. Hau da, trukean bake soziala eskatzen zaie langileei. Hori gutxi balitz, akordioa ez du aurrerapenik jasotzen, aldi baterako ezintasunei dagokionez edota lanpostuak ez amortizatzeari dagokionez”.
Sindikatuak langileen borroka aitortu du, eta proposamen zehatzak eskatu dizkio enpresari. “Izan ere, Vectaliako langileek behin eta berriro ikusi dute enpresak ez zuela hitzarmenean jasotakoa betetzen. Hala gertatu da aurreko hitzarmenarekin, CCOOk eta UGTk sinatu zutenarekin”. Adibideak ipini dituzte. “Esaterako, enpresak amortizaziorik ez egiteko konpromisoa hartu bazuen ere, dagoeneko 20 egin dira, hitzarmenaren sinatzaileek onartu dituztenak. Bestalde, enpresak ez du eguneroko zerbitzuak jakitera emateko agindua betetzen, eta ez ditu langileak aintzat hartzen: adibidez, autobus-lineak eta horietan jarduteko esleitutako langile-taldeak nahastu egiten dituzte alde sozialaren oniritzirik gabe, eta gerora helarazten dute informazioa. Horrezaz gainera, beste egora batzuei ere egin behar diete aurre egunerokoan, hala nola langile gutxi izateari eta azpikontratazioei”.