Sondikako zaindaria da San Joan, eta bihar hain zuzen ere hasiko dira herriko jaiak. Txupina arratsaldean botako da eta, ohikoa denez, Gorabide elkartearen kideek lagunduta jaietako zapiak banatuko dira. Hamahiru urtetik 18 urtera bitarteko gazteek “Humor amarillo” ekitaldian parte hartu ahalko dute, eta bertan proposatzen zaizkien erronkei aurre egin. Talo txikiak dastatzeko aukera egongo da, eta zortzi urtetik 12 urtera bitarteko umeek Iron Team ekintzan parte hartu ahalko dute. Lagun-taldeek bost probari egin beharko diete aurre: igeri egitea, bizikletaz ibiltzea, patinetan ibiltzea, saskiratzeak eta korrika egitea.
Ekitaldi nagusiak izateaz gainera, San Joan gaueko kalejira eta sua dira Sondikako jaietako ekitaldirik ikusgarrienetakoak eta, hortaz, erakargarrienetakoak. Argi-zuziak 22:15etik aurrera banatuko dira udal-liburutegian eta handik kalejiran irtengo da San Joan landaraino. Batu Klang eta Batikumba taldeek girotuko dute kalejira. San Joan landan sua piztuko da, eta Pentagrama soinu-tresnen elkartearen laguntzaz abestuko da herriko zaindariaren omenez. Oxabi erromeria taldeak eta Dj Markelinek musika ipiniko diote San Joan gauari.
Loiun, Lauroeta auzoan ospatuko dute San Joan gaua, Goskoetxe Bideko landetan. Hango jatetxe batek antolatuta, umeentzako ekitaldia eta txokolatada egongo da 18:30etik 20:00etara. Ondoren, musika egongo da Sabin Guarestiren eskutik, eta 22:00etan kalejira egingo da eta sorgina erreko da. Dj batek musika ipiniko du gaua biribiltzeko.
Derioko eskolaren kanpoaldean, 18:00etan, dantzen alardea egingo du Lainomendi dantza-taldeak. Ostean, diskofesta egongo da, eta poteoa, Ipar Alde abesbatzak girotuta. Txokolatada eta txitxi-burruntzia izango dira 20:30ean, eta sua 22:00etan piztuko da. Gaua amaitzeko, Urbasa kaleko ikuskizuna izango da 22:30ean.
Ekitaldiak Bidekoetxe parkean egingo dituzte Zamudion. Eleder magoak magia-saioa egingo du 19:00etan, eta San Joan sua 20:00etan piztuko da. Txitxi-burruntzia erreko da, eta 21:00etan erromeria hasiko da Joselu Anaiak taldearen eskutik.
Lezaman ere zenbait ekintza antolatu dituzte San Joan gaua ospatzeko. Iluntzeko 8,30etik aurrera bokatak eta edariak banatuko dituzte, eta sua 22:15ean piztuko dute. Jarraian, saioa egingo dute Kurutze dantza-taldeak, Ekidazu abesbatzak, Sorginakek eta Burrundadie Batukadak, eta musikak 24:00ak arte jarraituko du.
Larrabetzun, Saltoka Dantza Plaza egingo dute 19:00etan, eta 22:30ean, antzerkia, Hori Bai gaztetxetik hasita. Larrabetzuarrek ere sua piztuko dute bihar.