Sukaldean
Hostoak erabili daitezke edari freskagarriak egiteko eta koktelei zaporea emateko. Era berean, gozagarria da eta erabili dezakegu saltsak prestatzeko edo entsaladetarako menda-ozpina egiteko (menda-kimu bat litro erdi kalitateko ardo-ozpinetan sartuko dugu, eta 14 egunean beratzen eduki. Iragaziko dugu).
Errezeta: menda-xarabea
Xarabea prestatzeko beharko dugu katilukada bat ezti puru, katilukada bat iragazitako ur eta katilukada bat menda fresko. Menda txiki-txiki egingo dugu. Su motelean ipiniko dugu eltze bat, eta ura, menda eta eztia gehitu. Eragingo dugu, harik eta eztia erabat urtzen den arte. Bizpahiru minutuan irakiten utziko dugu. Ondoren, jalkitzen izango dugu minutu batzuetan eta estalki hermetikodun pote garbi batean gordeko dugu. Xarabea hozkailuan gordeko dugu. Xarabea tea gozatzeko erabili daiteke, entsaladak ontzeko, saltsetarako, koktelak eta irabiatuak egiteko, izozkiak, fruta-mazedoniak… Hau da, bururatzen zaigun guztirako erabili dezakegu. Gainera, eztia duenez, eztula arintzeko ere erabili dezakegu, koilarakada txiki bat hartuta.
Propietate sendagarriak
Menda lagungarria da digestioa hobetzeko eta haizeak botatzeko. Halaber, laguntzen du arnas arazoak eta eztula arintzen. Buruko mina ere arintzen du, goragaleak eta kolikoak. Infusioa egiteko, ur litro bakoitzeko 20-30 g menda erabiliko dugu. Egunean bi katilukada menda hartzea gomendatzen da, hobe delako gehiegi ez hartzea. Nahi izanez gero, infusioa beste landare batzuk ere erabilita egin dezakegu, esterako, garraiska, hilerri-lilia, erromeroa, kamamila, anis-belarra, ezkaia edo izpilikua. Buruko mina arintzeko, beste alde batetik, oihal batean ipini ahal ditugu infusioa egiteko erabilitako hostoak, eta kopetan jarri.
Ortuan
Baratzean landatutako mendak polinizatzaile-mota guztiak erakarriko ditu, adibidez, erleak eta tximeletak. Gainera, infusio kontzentratua egin dezakegu izurriteei aurre egiteko, kasurako, landare-zorriei aurre egiteko.
Bitxikeriak
Basoko menda ere badago eta askotan asunen inguruan hazten da. Asuna ukituz gero, menda erabili dezakegu mina arintzeko. Horri lotuta, Euskal Herriko herri batzuetan abesti hau kantatzen dute: “Menda menda / senda menda / osin gaiztoak / erre nau”.
Kontraindikazioak
Ezin dute menda hartu haurdun dauden emakumeek edo seme-alabei titia ematen dabiltzanek, bi urtetik beherako umeek eta gastritiserako botikak hartzen dituztenek.
Belarrak eta landareak batzeko aholkuak
Orokorrean: hartu ondo ezagutzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai dezaten; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli zaitezke, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan.
Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; INOIZ EZ areketan, fumigatutako landetan eta ibaiertz kutsatuetan.
Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean berean; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea.
Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…