Googleren bilaketek euskara diskriminatzen dutela ondorioztatu du PUNTUEUS Behatokiak

Aikor aldizkaria 2023ko uzt. 12a, 11:39

PUNTUEUS Behatokiak Interneten euskarak duen egoera ikertzea du helburu, baita .EUS domeinuaren egoera eta eboluzioa aztertzea ere. Azken txostena atzo jakinarazi zuten prentsaurrekoan, eta bertan Googleren bilaketa zerbitzuak euskara diskriminatzen duela adierazi zuten. “Euskal erabiltzaileen bilaketei gaztelaniazko emaitzekin erantzuten die Googlek. Horrek ondorio larriak ditu, erabiltzaileak euskara baztertzera eta gaztelaniaz nabigatzera bultzatzen dituelako, euskararen ikusgarritasuna murriztuz”, azaldu zuen Josu Waliño PUNTUEUS fundazioko zuzendariak.

Txostenaren abiapuntuetako bat Aliança per la Presència Digital del Català erankundeak egindako ikerketa izan da. Horrek emaitza bera lortu zuen, hau da, gaztelaniazko emaitzak lehenesten zirela eta katalanez zeudenak zigortzen zebilela ondorioztatu zuen. “2021. urtearen hasieratik 639 webgune eleaniztunen trafikoari buruzko datuak aztertu ondoren, Aliança per la Presència Digital del Catalàk zehaztu du hiru webgunetik bik bisitak galdu dituztela katalanez, eta, kasuen % 80an, gaztelaniazko bertsioak irabazi duela. Fenomeno horrek ez du zerikusirik erabiltzailearen hizkuntza-lehentasunekin, bilatzaileek ez baitute errespetatu”, esan zuen Albert Cuesta, Aliança per la Presència Digital del Català erakundearen koordinatzaileak.

Euskal Herrian, euskarazko Wikipediaren arduradunek ere antzeman dute Googleren algoritmoaren aldaketa. Bisita kopuruak gora egin arren, jaitsiera neurtu dute hainbat alorretan. Luistxo Fernandez Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen presidentearen hitzetan, “kezkatuta” daude; izan ere, “nahiz eta Euskarazko Wikipedia ondo elikatu, iaztik, alor zehatz batzuetan trafikoa galdu” dutelako. “Googletik bideratutako bilaketetan dago gakoa, oso argi daukagu”.

Datu baikorrak

Behatokiaren txostenak datu baikorrak ere jaso ditu. Erabiltzaileen hizkuntzari dagokionez, bikoiztu da euskaraz konfiguratuta dauden gailuak. Duela bost urte, % 2 zeuden euskaraz; eta aurten, % 4, oro har; eta % 15, erabiltzaile euskaldunen artean. Datua apala izan arren, goranzko joera “albiste ona dela” azpimarratu du Lorea Arakistain PUNTUEUS Fundazioko marketin zuzendariak. “Herritarrek gailuak eta nabigatzaileak euskaratzea sustatzeko ekintzek eragina dutela erakutsi dute datuek”.

PUNTUEUSen Behatokiak 2022an aztertutako gainerako datuei erreparatuta, Euskal Herriko webguneen % 14k dauka edukiren bat euskaraz. Horrez gain, .EUS domeinua erabiltzen duten webguneen artean, % 75ek euskarazko edukia argitaratzen du; beraz, .COM edo .ES bezalako domeinuekin alderatuz gero, euskararen presentzia askoz handiagoa da. Datu horiek kontuan izanda, “.EUS domeinua euskararen arnasgune digitala” dela adierazi du Waliñok, “.EUS domeinuak euskararen presentzia indartzen du Interneten”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).