Txorierriko alkateek eta udal-ordezkariek Kontseiluarekin bat egin, eta Konstituzionalaren ebazpena salatu dute

a: Kontseilua 2023ko uzt. 14a, 09:49

Kontseiluak deituta, Bilbon agerraldia egin zuten atzo Euskalgintzako eragileek, alkateek eta udal-ordezkariek, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak joan den astean udal-legearen aurka emandako ebazpena salatzeko eta euskararen normalizazioaren alde egiteko; haien artean, Txorierriko alkateak eta udal-ordezkariak izan ziren. Agerraldian bildutakoek deia egin diete herritarrei azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko.

Agerraldia EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean egin zuten. “Espainiako Konstituzio Auzitegiak Udal Legearen aurka, udalei euskara hutsez aritzeko aukera ezetsiz, emandako epaiak eragin digun kezka larriak ekarri gaitu agerraldi bateratu honetara”, adierazi zuten. “Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu sententzia euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza-politikak guztiz mugatzen baititu. Bide batez esan, herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzen dituzten hizkuntza-politikak direla atzera bota diren horiek, ezetsi den Udal Legearen 6.2 artikuluak berariaz jasotzen baitu berme hori. Finean, euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai honek, eta euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza-politikak indarrean jartzea eragozten du”.

Gogora ekarri duenez, “Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalez onartu zuen orain esku hartutako Udal Legea. Era berean, azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Beraz, epai hori euskararen biziberritzearen aurkakoa ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoa ere bada. Azken batean, herritarren eta udalen erabakimena jartzen ditu auzitan. Erabakimen horren defentsan hona hemen alkate eta udal ordezkariren presentzia”.

Euren ustez, “epai hau oldarraldi judizial zabalago baten parte da eta hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario batean kokatzen da. Euskalgintzako eragileok kezka horren berri hementxe bertan eman genuen joan den maiatzaren 10ean, eta herritarrei dei egin genien azaroaren 4an oldarraldi honen aurka, baina, batik bat, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde Bilbon egingo dugun manifestazioan parte hartzera. Epai honen ondoren, deialdia are eta irmoago egiten dugu: oldarraldiaren aurka, baina, batez ere, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).