"Erromeria da aisialdian euskara bermatzeko tresnarik erakargarriena gazteentzat"

Aikor aldizkaria 2023ko uzt. 24a, 14:07

Jon Gomez Garai I Oxabi taldearen abeslaria

Oxabi taldea aski ezaguna da Txorierrin. Aurten, besteak beste, Sondikako eta Loiuko jaietan izan dira, erromeria-doinuak gazteei gerturatzen. Gontzal Carrascok, Xabi Bengoak, Markel Arevalok, Jonmi Garciak, Eneko Arraibik, Jurgi Iraolak eta Jon Gomez Garaik osatzen dute taldea. Azken hori Oxabiren ahotsa da eta berak erantzun dio elkarrizketari.

 

Zelan hasi zen taldea?

Oxabi 2006an jarri genuen martxan. Gazteak eta musikazaleak ginen eta ikus­ten genuen gure inguruan ez zegoela gaz­teentzako erromeriarik. Amaiur taldea desagertzear zegoen eta gelditzen zirenak ez ziren gure ingurukoak, ezta gazteen gustu musikalekoak: Joselu anaiak, Egan, Drindots, Luhartz... Garai hartan, Jon Egus­kizak, Aritz Uriartek, Asier Balentziak, Urtzi Enrikezek eta bostok sortu genuen taldea.

Urteek aurrera egin ahala, taldea erabat aldatu da, ezta?

Bai. Jatorrizko talde horretatik ni bai­no ez naiz gelditzen. Taldeak hiru fase izan ditu: lehenengoan, 2006tik 2009ra ar­te, gure formatua erabat akustikoa zen, eta errepertorioa, tradizionala; 2009tik pandemiara bitartean, errepertorio tra­di­zionalari eutsi genion, baina formatua as­koz elektrikoagoa izan zen; eta pan­demiatik aurrera, kantuen zerrenda mo­dernoagoa izan da. Bigarren fasean sar­tu ginen, Gal­dakaoko Ibilaldian aritu ginelako. Plaza han­dia zenez, kide gehiago eta soinu elek­trikoagoak sartu genituen, eszena be­har bezala betetzeko. Garai hartan, Eneko eta Mar­kel ere sartu ziren taldean.

Zelango estiloa du Oxabik?

Erromeria egiten dugu, baina ber­tsioen taldea garela esango nuke. Jatorrizko bertsioak ahalik eta duinen eta gertuen jotzen saiatzen gara. 

"Erromeria egiten dugu, baina bertsioen taldea gara: jatorrizko bertsioak ahalik eta gertuen jotzen saiatzen gara"

Bakarrik euskaraz? 

% 90 euskaraz da. Beste hizkuntza batzuetan ere abestu du­gu: gaztelaniaz, katalanez, ingelesez... De­na dela, mi­kro­fonoan beti euskaraz egi­ten dut eta hori konbikzioz egiten dut. Uste dugu euskara eremu familiarretik eta akademikotik ateratzea inportantea de­la. Eta erromeria da aisialdian euskara ber­ma­tzeko tres­narik erakargarriena gaz­teen­tzat.

Oxabi izena, nondik dator?

Oxabi zen Anbotoko Mariren kobazu­loa zaintzen zuen suzko zezen gorria. Oso zaratatsua eta parranderoa omen zen; gainera, izena euskalduna da, laburra eta erraz gogoratzekoa. Beraz, oso apropos ikusi genuen.

Erromeriak tradizionala izan behar du?

Jende askok hala uste du. Gaur egun, aldiz, erromeria egiten dugun tal­deok bes­te gauza bat egiten dugu. Dan­tza­garriak egongo dira, bai, baina gaur egun­go kantak ere abesten ditugu. Eta guk soinu elektrikoak ere sartzen ditugu: san­plerrak, sintetizadoreak, teklatuak, per­kusioa... Asko aldatu da erromeriaren kon­tzeptua eta gazteek barneratuta dute.

Nolako kantek osatzen dute zuen erre­pertorioa?

Klasikoak baditugu –Bi­ko­te aldaketa, Ikusi mendizaleak, Alaitz eta Maiderren Txanpon baten truke...–, baina kanta arra­kastatsuak batzen saiatzen gara. Ho­rre­ta­ra­ko, gazteei galdetzen diegu gizarte sa­reen bidez, baita senideei eta lagunei ere. Horren arabera eta gure gustuen ara­bera erabakitzen dugu erre­per­torioa. Ore­kari eusten saia­tzen gara: batetik, gaur egungo gazteentzako kan­tak abes­ten ditugu; bestetik, betiko kan­tak. Erro­meria-taldeok betiko kantak Euskal He­rriko pla­zetan bizirik man­tentzeko ardura ere ba­dugu.

"Erromeria-taldeok betiko kantak Euskal Herriko plazetan bizirik man­tentzeko ardura ere badugu"

Bertsioak egiten dituzue, baina kan­ta propioren bat ere atera duzue...

Bai, 2009an Galdakaoko Gazte Egun­erako kanta bat egin genuen eta garai batean herrian oso arrakastatsua izan zen. Eta 2019an, Espero dena kanta grabatu genuen, ekoizpen prozesua ezagutu nahi genuelako: estudioa, grabazioa, bideo-klipa... Grabazioa oso esperientzia po­lita izan arren, oso gogorra ere izan zen. Eta kanta bakarra egin genuen! Beraz, mi­resmen eta errespetu osoa diegu gu­re mu­sika taldeei, disko bakoitzean izuga­rriz­ko lana egiten dutelako.

Zer da musika zuentzat?

Oxabi da ogibide bat bezala hartzen du­gun zaletasuna. Ez du ematen urte osoan bizi izateko. Bestetik, ni ez nintzateke musikatik bakarrik biziko, ahotsak ezin izango lukeelako jasan.

 

Komunikatzailea

Musika alde batera utzita, komunika­zioa da Jon Gómez Garairen (Galdakao, 1990) beste pasioa. Eta gazte-gaztea zela hasi zen hori lantzen. "15-16 urte nituela, ikasturte-amaierako jaia antolatu behar izan genuen ikastolan eta aurkezle bat behar genuenez, nik hartu nuen mikrofonoa (kar-kar). Beti izan naiz oso saltseroa eta berritsua". Harrezkero, Kazetaritza ikasi zuen eta hainbat eki­talditan ibili da hizlari; horietako ba­tzuk, Txorierrin: Izarren distira, Mihiluze, Zamudioko azoka... Gure bailararekin, be­raz, lotura berezia du. "Hainbat kon­tzertu eman ditugu hemen eta musika tradizionalari lotutako musikari txo­rie­rritarrekin harreman estua izan dut, eurekin herriz herri jo dudalako". Bu­katzeko, bikotekidea lezamarra da.

Jonek hedabideetan du eguneroko lana. Euskal Telebistan zenbait saio egin ditu eta gaur egun kolaborazioak egiten ditu astero Biba zuek saion. Dena dela, bere lan nagusia Bin­ke Galdakao eta Usansuloko he­rri aldizkaria da. "Zu­zendaria eta sor­tzaileetako bat naiz. Gure txi­ki­tasunetik tokian tokiko informazioa era duinean eta profesionalean ematen saia­tzen gara, besteak beste, Aikor! al­dizkariak Txo­rierrin egi­ten duen mo­duan. Poz-pozik na­go ber­tan".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).