Ondarearen Europako Jardunaldiak, Txorierrin

Aikor aldizkaria 2023ko ira. 19a, 10:28

“Ondarea bizirik, patrimonio vivo, patrimonio inmaterial” lelopean, urrian Ondarearen Europako Jardunaldiak izango dira 23. aldiz Bizkaian. Guztira, 150 kultura-jarduera baino gehiago egingo dira lurraldeko 70 udalerritan. Jarduerak Txorierrin ere izango dira, udalerri horien artean baitaude Derio, Loiu eta Zamudio.  

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, aurtengo edizioaren helburua da hurrengo hauei lotutako kultura-ondarearen balioa azpimarratzea: ohiturak, ahozko adierazpenak, usteak, jaiak, sukaldaritza, errituak, ogibideak, artisautza, dantzak, musika eta jolasak. “Lurraldearen nortasunaren parte baitira, eta bizirik iraun dezaten, zaindu eta babestu behar baitira”.

Derion, Bizkaiko Elizaren Histori Artxiboaren eskutik, ahozko historiari buruzko tailerra egingo dute urriaren 24an, 16:00etatik 18:00etara. Tailerrean galderak egiten ikasiko da, erantzunak biltzen, prozesatzen, gordetzen eta zabaltzen. Izena emateko, 944 062 493 telefono-zenbakira deitu daiteke, edo katalogo@aheb-beha.org helbide-elektronikora idatzi.

Loiuko Urdaneta ikastetxean, bestalde, “Munduari bira zuhaitzen bidez” bisita gidatua eta tailerra antolatu da urriaren 7rako eta 21erako. Ekintza 10:00etan hasiko da, eta Arboretumetan dauden espezietatik abiatuta, ibilbidea egingo dute kontinente guztietan zehar. Gainera, ekintza osagarriak egongo dira txikientzat, hala nola inurri-begiekin ikustea eta zuhaitzen taupadak entzutea. Landareetatik pigmentuak eta esentziak ere aterako dira. Informazio gehiagorako, irailaren 30etik aurrera idatzi behar da museo.ciencias@colegiourdaneta.com helbide elektronikora.

Zamudion, azkenik, Zamudioko baserriak argitalpenari buruzko hitzaldia egingo da urriaren 21ean, 11:00etatik 13:30era. Hitzaldian, herriko baserrien izenak emango dira ezagutzera, eta izen horien balioa nabarmendu. Era berean, baserrietako bizilagunek, hezkuntzako eta administrazioko erakundeek eta zamudioztar guztiek, ahoz zein idatziz, baserrien izenak zabaltzearen garrantzia azpimarratuko da. Izena ematea 944 060 990 telefono-zenbakira deituta egin daiteke.

Egitasmoan parte hartuko duten udalerrietako jarduerak Ondarearen Jardunaldien katalogoan jaso dira. Agenda www.ondareabizkaia.eus webgunean ere kontsultatu daiteke, eta erreserbak online egin.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).