Udako oporretan ohi baino askatasun handiagoa izan dute eta beranduago oheratu dira; horregatik, bi hilabeteko atsedenaren ondoren, askori kostatzen zaie lotara goiz joatea, hurrengo egunean, iratzargailuak jotzen duenean, “izarak itsatsi” ez dakizkien. Hori dela eta, ikasturtea hasi baino lehen errutina hastea gomendatzen da, ahalik eta jasangarriena izan dadin.
Motibatzea ere gomendagarria da, eta eskolara itzultzean topa ditzaketen ezezagunen aurrean antsietaterik ez transmititzea. Umeekin ikasturtearen hasierari buruz hitz egitean, ilusioz eta "modu positiboan" hitz egin behar dugu; bestela, eskolarekiko beldurra eta jarrera negatiboa agertzeko arriskua dugu. Gainera, garrantzitsua da ziklo edota ikastetxe berriari buruz izan ditzaketen kezkak aipatzea. Eguneroko errutinaren barruan, gomendagarria da uneak aurkitzea eguna nola joan den eta normaltasun berriak sor ditzakeen kezkak azaltzeko. Une horietan familia osoak parte hartzea da onena, baina eskatzen bada, modu indibidualagoan ere egin daiteke.
Oso garrantzitsua da errutina berria planifikatzea. Lehen egunetako urduritasuna txikiagotzea erraztuko dute, besteak beste, ikasturtea hasi baino lehen materiala garaiz prestatzeak, lasai gosaltzeko denboraz jaikitzeak eta eskolara garaiz eta korrika egin gabe iristeak. Gainera, ez ahaztu bizkar-zorroan pazientzia eta enpatia dosi bat sartzea. Izan ere, normaltasun berrira egokitu beharko da eta aldaketa asko egongo dira: ume bakoitza bere erritmora egokituko da aldaketa horietara eta batzuei beste batzuei baino gehiago kostatuko zaie. Hori guztia jakinda, enpatia izango da gure aliaturik handiena; umearen lekuan jartzen bagara, hobeto joango da dena.
Eskolara itzultzea arazo bihurtzen denean...
Aste batzuk igaro ondoren, umeak oraindik eskolara joan nahi ez badu, lo egiteko zailtasunak baditu, edota umore- eta portaera-aldaketak, psikologo batekin harremanetan jartzeko momentua izango da. Gure zentroan, Psikoneuro Txorierrin, prozesu honetan eta beste hainbatetan laguntzeko prest gaude.