Berbalagunek gogotsu ekingo diote ikasturte berriari

Aikor aldizkaria 2023ko ira. 29a, 11:58

Ikasturte berria hasi da, eta Txorierriko berbalagun-taldeak martxan dabiltza berriro. Egitasmoaren helburua da euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak eta euskaraz egin nahi duten pertsonak elkartzea, eta izena-ematea zabalik dago. Gainera, Berbagazte eta Gurasolagun programak ere abian ipintzeko asmoa dago, gazteek eta seme-alaba txikiak dituzten txorierritarrek ere euskaraz egin dezatela bultzatzeko.

Esan moduan, Berbalagun egitasmoak batzen ditu euskaraz egiten duten lagunak eta euskaraz egin nahi duten lagunak. Hainbat arrazoi daude horretarako: euskaraz bizi nahi izatea, euskara-maila hobetzea, aspaldian ikasitakoa freskatzea, mintzapraktika egitea… “Astean behin, ordubetez, elkartzen gara pasieran ibiltzeko, parkean hizketan egoteko, kafe bana hartzeko… Nahi dugun ekintza egiteko, baina euskaraz”, azaldu du Ane Lopez arduradunak. Egitasmoa Txorierriko herri guztietara dago zabalik eta herri batzuetan talde bat baino gehiago sortu dira. Berbalagunek komuneko ekintzak ere egiten dituzte, egitasmoa herri bakoitzetik harago eramateko eta Txorierriko berbalagunek elkar ezagutzeko. “Astero elkartzeaz gainera, hilabetero bizpahiru ekintza osagarri ere egiten dira. Txorierriko herri guztietako berbalagunak batzen gara eta irteerak, afariak, ikastaroak… egiten ditugu”. Datozen egunetan aurtengo ekintzen berri emango dute.

Aurtengo ikasturtean, Gurasolagun eta Berbagazte egitasmoak ere bultzatzen ahaleginduko dira. Gurasolagun egitasmoa da euskaraz hitz egiteko ohitura duten gurasoentzat eta euskaraz ibiltzeko zailtasunak dituztenentzat. Helburua da horiek astean ordubetez taldeetan elkartzea, haien artean zein seme-alabekin euskaraz egin dezaten eta, aldi berean, hainbat ekintza gozatu ditzaten, hala nola jolasak, kantak eta tailerrak. “Berbagazte, bestalde, Berbalagun programa Txorierri Instituko ikasleei eta Politeknika Txorierriko ikasleei zabaltzean datza; 16 urtetik gorako gazteei, hain zuzen. Hortaz, egitasmo oparoa izan daitekeelakoan, modu erakargarrian eta praktikoan diseinatu da: hainbat ekintza proposatu dizkiegu, eta euren proposamenak ere onartu dira”.

Lopezen esanetan, egitasmoetako edozeinetan parte hartzeak onura asko ekartzen ditu. “Euskararen alde ekarpena egitea, euskara ikasten dabilenari bere maila hobetzen laguntzea, euskaraz gehiago hitz egitea, lagunak egitea eta ondo pasatzea, ikasitakoa ez galtzea, euskaraz bizitzea… Era berean, lagungarria izan daiteke hizkuntza-eskakizunak lortzeko”. Beraz, hamaika arrazoi daude Berbalagun, Gurasolagun eta Berbagazte egitasmoekin bat egiteko.

Lopezekegitasmoak ezagutzeko gonbidapena egin du. “Interesa duzuenok, nahi duzuenean, talderen batera edota ekintza osagarriren batera etorri zaitezkete, edo gurekin harremanetan ipini, informazio gehiago jasotzeko”. Horrilotuta, egitasmoetan parte hartzeko izena ematea zabalik dago. “Euskara zure eguneroko hizkuntza bada, lagundu «euskaldun gehiago sortzen»; eta oraindik euskaraz hitz egitea kostatzen bazaizu, zatoz gurekin!”. 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).