Eskolaz kanpoko ekintzak, bai ala ez?

t: Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatea 2023ko urr. 5a, 09:47

Gehienoi oporrak amaitu zaizkigu, baita gurasoei eta umeei ere. Klaseak hasi dira, eta, urtero bezala, gure seme-alaben denbora antolatu nahi dugu. Goizetan eskolan izaten dira, baina arratsaldean, zer? Eskolaz kanpoko ekintzetan izena eman?

Gero eta joera handiagoa dago gure seme-alaben arratsaldeak ekintzaz betetzeko. Askok familia-kontziliazioagatik egiten dute, beste batzuek haien umeengan jarrera osasungarriak bultzatzeagatik, irakasgai batzuetan errefortzua izateko, edo ohiko irakasgaietan ikasten ez diren gaitasunak garatzeko... Gure seme-alabak eskolaz kanpoko ekintza batzuetan sartzea onuragarria izan daiteke, baina egokia al da gure seme-alabei denbora librerik ez uztea?

Denbora librean ere itota, gehiegizko estimulazioagatik

Gai al zara 30 minutuz ezer egin gabe egoteko? Edo telefonoa hartzeko beharra izaten duzu?

Kanpoko estimuluak etengabe jasotzera ohituta gaude, eta ezinezkoa egiten zaigu ezer egin gabe egotea. Gure seme-alabek ere, gero eta estimulu gehiago behar dituzte: Bazkaltzen duten bitartean telefono bidez hitz egiten dute; eta etxerako lanak egiten dituzten bitartean bideoak ikusten dituzte. Ezaguna egiten zaizu?

Gaur egungo gaztetxoak gainestimulazioaren garaian jaio dira, eta ez dakite zelan kudeatu estimulazio falta. Hori dela-eta eskolan gero eta bideo eta jolas interaktibo gehiago erabiltzen dira, eta denbora librean gero eta ekintza gehiago ematen dizkiegu aukeran. Ez zaie gustatzen aspertzea, eta ez diegu aspertzeko aukerarik ematen.

Asperdura baloratzeko beharra

Asperdura emozio bat da, eta, funtsean, betetzen ez den garun-estimulazioaren bilaketa bat da. Erakartzen zaituen zerbaiten bila bazabiltza eta ez baduzu lortzen, frustrazio horri asperdura esaten zaio. Baina, zergatik saihesten dugu? Hain kaltegarria al da?

Aspertzen garenean gure atentzioa askatzen dugu, eta aukera ematen diogu gure garunari ideia berriak sortzeko, hau da, sormena sustatzen du. Gainera, asperdurak introspekziorako aukera ezin hobea eskaintzen digu, gure emozioekin, beldurrekin eta desioekin harremanetan jartzeko aukera. Eta ez ahaztu, garunak atseden hartzeko, beharrezkoa dela egunerokotasuneko erritmoaz askatzea eta orainaldiaz gozatzea.

Goian aipatutakoak, asperduraren onura ugarietako batzuk baino ez dira, baina nahikoak asperduraren balioa begi-bistan uzteko, ezta? Beraz, aurten, eskolaz kanpoko ekintzak aukeratzean, utzi asperduraren kontrako borroka eta kontuan hartu aspertzeko uneak izatearen abantailak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).