Euskaraldian parte hartu zutenen bi herenek aldatu dituzte hizkuntza-ohitura batzuk

Aikor aldizkaria 2023ko urr. 20a, 13:39

Euskaraldia 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egin zen hirugarren aldiz, eta, egitasmoaren arduradunek jakinarazi dutenez, ariketa gizartean normalizatu, finkatu eta egonkortu da: Euskaraldia ezaguna da gizartean, rolak hizkuntza-jokaerekin lotzen dira eta ariguneen funtzionamendua ondo ulertu da. Gainera, azpimarratu dute egitasmoan parte hartu zutenen bi herenek hizkuntza-ohiturak aldatu dituztela, intentsitate ezberdinetan bada ere.

Iaz 158.440 lagunek eman zuten Euskaraldian izena: % 77,6k ahobizi-rola aukeratu zuten; eta % 22,4k, belarriprest-rola. Parte-hartzeari lotutako datuei dagokienez, beraz, % 11,1eko jaitsiera egon da, eta, azaldutakoaren arabera, bereziki gazteen izen-emateak egin du behera, eta gizon gutxiagok ere eman dute izena. Parte-hartzaileen adinari erreparatuta, Euskaraldiak 35 urtetik 64 urtera bitarteko pertsonengan izan du arrakasta handiena; eta lurraldeei erreparatuta, Gipuzkoan. Bestalde, parte-hartzaileen % 81,9k aurreko edizioaren rol bera aukeratu dute, eta aldatu duten gehienek belarriprest-rola aukeratu dute azken edizioan. Entitateei dagokienez, guztira 8.610 elkartek, lantegik eta bestelako erakundeek eman zuten Euskaraldian izena, aurreko edizioan baino % 3,6 gehiago; euskaldunenak diren gune soziolinguistikoetan handiagoa izan da izen-ematea.  

Esan moduan, egiaztatu da Euskaraldia ariketa eraginkorra dela; horrela, parte-hartzaileen bi herenek aldatu dituzte hizkuntza-ohiturak. Esaterako, % 44,7tik % 76,5era igo da bi hizkuntzetan izaten diren elkarrizketetan euskarari eusten diotenen portzentajea; hala ere, zailena izan da orain arte erderaz egiten ziren elkarrizketak euskaraz edo ele bitan izatea. Entitateek ere hizkuntza-ohiturak aldatu dituzte: % 10ek lortu dute euskara lehen hizkuntza izatea, eta % 21,3k gehiago erabiltzen dute euskara.

Etorkizunari buruz galdetuta, hiru entitatetik batek erantzun du Euskaraldiak ekarritako hizkuntza-ohiturak mantenduko direla uste duela, eta horretarako neurriak hartuko dituela. Era berean, norbanako gehienek adierazi dute Euskaraldiaren hurrengo edizioan parte hartzeko asmoa dutela.