Izaki bizidunak elementu kutsagarriak antzemateko erabiltzea ez da kontu berria. Egiaztatuta dagoenez, erromatarrek txoriak baliatzen zituzten ikatz-meategietan, eta XIX. mendean ere kanarioak erabiltzen ziren grisu gas arriskutsua garaiz detektatzeko. Japonian, bestalde, bazekiten katuek zoro moduan salto eginez gero merkurio metal pozoitsuagatik zela; biodetektoreen beste adibide bat.
Muxilak eta beste molusku bibalbo batzuk ura iragaziz elikatzen dira eta oso sentikorrak dira horren kutsadurarekiko. Hori dela eta, Vistula ibaian dagoen dorre batean, kutxa batean, zortzi muxila ipini dituzte, eta edateko ura handik pasatzen dute. Muxilek sentsore batzuk itsatsita dituzte oskola zabalik edo itxita duten antzemateko, eta haietako seik oskola lau minutuan baino gehiagoan itxita badute, hornidura eteten da analisiak egin eta egoera aztertzeko.
Estrategia biohibrido honek teknologia eta sistema biologikoak uztartzen ditu eta Grazeko Unibertsitatean garatu dute, euren ikerketa-lerroetako bat baino ez dela. Izan ere, sentsore berriak diseinatu beharrean, zergatik ez erabili naturan daudenak? Neurgailu hauek lehenengo pausoa baino ez dira eta dagoeneko hasi dira muxilen beste parametro batzuk neurtzen, adibidez, estresatuta dauden edo ez jakiteko, eta hortaz uraren kalitatea zein den zehatzago ezagutzeko.
Beste ikerketa-lerro bat da ur-arkakusoak erabiltzea. Arkakuso arruntekin zerikusi gutxi duten arren, euren jokabideagatik deitzen zaie horrela: uretan etengabe dabiltza mugimenduan eta saltoka; baina krustazeoak dira benetan, eta uraren kalitatearekiko oso sentikorrak. Kasu honetan, ur-arkakusoak kutxan sartzen dira eta euren jokabidea mikrokamera baten bidez jasotzen da: algoritmo adimentsu bat joango da mugimendua aztertuz eta patroiak identifikatuz, eta arriskurik badago alarma piztuko du.
Gai desberdinekiko sentikortasun desberdinak dituzten izakiak erabilita, sistemak zehaztasun osoz jakin dezake uraren kalitatea zein den, denbora errealean, eta ondorioz, beharrezko neurriak hartu ditzakete arduradunek. Gainera, metal bereziez eta metal urriez egindako sentsore elektronikoak erabiltzea ekidin daiteke; are gehiago, sentsore natural hauen sentsibilitate-maila handiagoa da kasu askotan. Beraz, badakizue, muxilarik jaten duzuen hurrengoan bere lana eskertu beharko diozue aurretik.