23. KORRIKAk herri oso baten harrotasuna erakutsiko du Irundik Baionara

i eta b: AEK 2023ko aza. 16a, 13:46

KORRIKAren 23. edizioa aurkeztu du gaur goizean AEK-k Donostiako San Telmo museoan. “Harro Herri” lelopean, KORRIKAk euskararen herria zeharkatuko du martxoaren 14tik 24ra, Irundik Baionara. Azaldu moduan, aurtengo leloa “euskal komunitateak euskararekiko sentitzen duen harrotasunaren adierazle eta erakusle da. Bestalde, omendua Azterketak Euskaraz kolektiboa izango da.  

Leloaz gainera, KORRIKAren 23. edizioaren mezua eta iruditeria erakutsi du AEK-k aurkezpen-ekitaldian. Bidelagunak ere bildu dira San Telmo museoan eta argazki jendetsua atera dute “euskal komunitatearen indarra eta harrotasuna erakusteko”, azaldu dute prentsa-ohar baten bidez.

Euskararen aldeko mobilizaziorik handiena Irunen hasiko da martxoaren 14an, eta hamar gauren eta hamaika egunen buruan Baionan amaituko da martxoaren 24an. Lekuko barruko mezu sekretua irakurriko da bertan, eta egun osoko jai-egitaraua gozatu.

AEK-k gogora ekarri duenez, “aurreko edizioko parte-hartze masiboak argi utzi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula. Oztopo guztiak gainditzeko gai den herri harroa, eta harro KORRIKAn”. Aitziber Balantzategi Ibargoitia AEK-ko Artezkaritza-kontseiluaren lehendakariaren eta KORRIKA batzordeko kidearen esanetan, “KORRIKAk herri-aldarri alai eta tinkoa izan nahi du, eta, oraindik ere, aurreko KORRIKAko indar-erakustaldia oso iltzatuta dugu begiradan”.

Hala ere, harrotasun hori konformismoarekin nahastu behar ez dela azpimarratu du, eta erakundeek euskararen normalizazioan duten ardura garrantzitsua gogorarazi du. “Herritarren ahaleginaz batera, hizkuntza-politika ausartagoa eta inbertsioak egin behar dituzte. Bien bitartean, orain arte bezala, KORRIKAk jasoko duen dirua euskararen normalizaziora bideratuko da Euskal Herri osoan”.

Esan moduan, aurtengo omendua bada herritarren ahalegin horren adierazlea: Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz kolektibo gaztea, zeinak, Frantziako Estatuko hizkuntza-legeari aurre eginda, bigarren hezkuntzaren lehen zikloaren amaieran egiten den azterketa eta bigarren hezkuntza amaituta egiten dena euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen duen. “Gazte hauek, beren ikasketen une oso erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egin dute, beren notak eta etorkizun akademikoa kaltetuak izango direla jakitun”, adierazi du Ane Elordi Alburquerque KORRIKA koordinatzaile nagusiak. KORRIKAk eskainiko dien omenaldia haien egoera ezagutzera emateko bozgorailu izateko esperantza aipatu du Elordik.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).