Zaintza-sistema publikoa eta komunitarioa aldarrikatuko du mugimendu feministak

Aikor aldizkaria 2023ko aza. 27a, 12:58

Euskal Herriko mugimendu feministak greba feminista orokorrera deitu du azaroaren 30erako. Grebaren erdigunean zaintza-lanak daude, eta besteak beste aldarrikatuko dira zaintza-sistema publikoa eta komunitarioa eta zaintzan dabiltzan langileen baldintzak duintzea. Grebara emakumeei ez ezik gizonei ere deitu diete, “zaintza guztioi dagokigun ardura delako”.

Txorierriko mugimendu feminista hurrengo talde hauek osatzen dute: Zutunik! (Larrabetzu), Moreak (Lezama), Zapata Gorriak (Zamudio), Koxak (Derio), Garrasia (Sondika) Iretargi betea (Loiu) eta Anpuluek neska gazteen taldea. Mugimenduak hilabeteak daramatza greba prestatzen, gaur egungo zaintza-sistema goitik behera eraldatzeko beharra eta aldarria kalera eramateko. “Instituzioak dena pribatizatzen dabiltza eta zaintza negozio bihurtu dute. Etxean zaintzak behar dituen nagusirik egonez gero, aukera bi daude: edo zahar-etxera eramatea eta bere pentsioaren zatia hartuko dute egoitza ordaintzeko; edo etxean bertan zaintzea, eta horretarako 300 euroko laguntza jasotzea. Gainera, azken horrek ekartzen du etxeetan dabiltzan zaintza-langileak egoera prekarioan egotea. Baina ez da bakarrik nagusien zaintzeekin gertatzen; umeen zaintzekin ere bai. Azken batean, pertsona guztiok zaintza behar dugu jaiotzen garenetik hiltzen garen arte: batzuetan guk zaindu beharko dugu, eta beste batzuetan gu zaindu beharko gaituzte. Eta hori denon ardura da, ez bakarrik emakumeena”.

“Pertsona guztiok zaintza behar dugu jaiotzen garenetik hiltzen garen arte, eta hori denon ardura da”

Horrela, merkantilizaziorik gabeko zaintza-sistema publikoa erreibindikatzen dute. “Administrazioak dena azpikontratatzen du; zaintza-sistema osoa dago enpresen eskuetan. Bestalde, sektore feminizatua da eta bertan dabiltzan emakumeak modu prekarioan lan egitera behartuta daude. Adibide Txorierriko etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileak ditugu”. Era berean, mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete gizonei. “Greba hau 2018ko martxoaren 8tik dator. Urte horretan lau orduko lanuzteak egin ziren, eta hurrengo urtean bakarrik emakumeei deitu zitzaien grebara. Baina oraingo honetan aurrerapausoa egiten da, zaintzaren erantzule guztiok garela aldarrikatzeko. Gainera, pandemian garbi eta garbi ikusi zen zaintza-lanen inguruko arazoa, eta horrek beste ikuspuntu bat eman digu aurrera egiteko eta ardura honetan gizonak ere nola edo hala inplikatzeko”. Horri lotuta, asanblada mistoak egin dira herrietan. “Gero eta gizon gehiago dira euren pribilegioez kontziente, eta gero eta gehiagok nahi dute hori ezereztatu. Prest eta gogotsu dabiltza pausoa egiteko, eta, era berean, argi dute honen lidergoa emakumeok hartzen dugula. Hala ere, oraindik lan handia egiteko dago gure artean, lagunekin, familian…”.

Merkantilizaziorik gabeko zaintza-sistema publikoa erreibindikatzen dute

Esan moduan, pandemiak agerian utzi zuen zaintza-sistemak ez zuela ondo funtzionatzen, eta Denon Bizitzak Erdigunean plataformaren baitan mamituz joan zen greba feminista orokorra. “Argi ikusi genuen gutxien baloratzen duguna, prekarioena dena, zein garrantzitsua den; eta zaintza-lan prekario horretan dabiltzanek zaintza egiteari utziz gero, dena jausiko litzatekeela”. Aspaldi honetan harremanetan egon dira taldeak eta ekintzak antolatu dira zaintza-lanetan dabiltzan langileen errealitatea hurbiletik ezagutzeko. Txorierriko talde feministek, esaterako, Mujeres No Domesticadas elkarteko kideak gonbidatu zituzten euren egoeraren berri ematera. Horrezaz gainera, talde feministek hainbat bilera egin dituzte, eta greba antolatzeri hainbat ordu eskaini, “greba hau benetan inportantea da eta”. Informazioa ere zabaldu dute herritarren artean, grebaren errebindikazio nagusiak azaltzeko eta txorierritarrak mobilizazioetan parte hartzera animatzeko.

“Pandemian argi ikusi genuen gutxien baloratzen duguna, prekarioena dena, zein garrantzitsua den”

 

Ekintzak

Nolanahi ere, badakite azaroaren 30ekoa ez dela greba normala izango, zeren eta, zaintza-lanak ardatz nagusia izanik, paradoxikoki zaintza-lanetan dabiltzan langile askok ezin izango baitute grebarik egin. “Alde batetik, zerbitzu minimoak ezarriko dira, eta beste aldetik, etxeetan egiten diren zaintzak ere hartu beharko dira kontuan. Hori jakinda, keinuak egingo zaizkie greban parte hartu ezingo duten pertsona horiei. Txorierrin, adibidez, auto-karabana izango da eta, nahiz eta zaintza-lanetan diharduten leku gehiago egon, bi geldialdi sinboliko egingo dira: bata, Sondikako zahar-etxean; eta bestea, Zamudioko zahar-etxean”. Ekintza gehiago ere antolatu dituzte egun horretarako. Goizean pikete informatiboak egongo dira, eta gosariak ere izango dira. Auto-karabana Loiutik irtengo da eta Txorierriko herri guztiak zeharkatuko ditu Larrabetzura ailegatu arte. Bertan elkarretaratzea egingo da, eta herrietan bazkariak prestatuko dituzte. “Arratsaldean manifestazioa izango da Bilbon. Hura 17:30ean irtengo da Jesusen Bihotza plazatik, eta herritar guztiak animatu nahi ditugu Lezamatik 16:30ak inguru aterako den trena hartu eta elkarrekin manifestaziora joatera”.

Zaintza ardaztzat hartuta, hainbat aldarrikapen eramango dira Euskal Herriko kaleetara, hala nola zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea; zaintza zerbitzuen pribatizazioa deuseztatzea; zaintza-sistema publikoa indartzea eta garatzea; zaintza-langileen baldintzak duintzea; etxebizitza-eskubidea bermatzea; eta pentsio duinak ezartzea. “Azken batean, alderdi asko daude zaintzari lotuta, esparru zabala hartzen du eta. Adibidez, pentsio txikia jasotzen dutenetatik asko emakumezkoak dira, zaintza-lanetan edo lan prekarioetan ibili direnak. Atzerritartasun legea bertan behera uztea ere ezinbestekoa da, etxeetan zaintza-lanetan dabiltzan gehienak kanpotik etorritakoak direlako. Asko oso egoera zaurgarrian daude eta gehiegikeriak jasotzen dituzte”.

“Alderdi asko daude zaintzari lotuta; horregatik, besteak beste, atzerritartasun legea bertan behera uztea ere eskatzen da”

Gogora ekarri dutenez, zaintza arazo larria izango da hemendik gutxira, “pertsonon bizi-itxaropena gero eta luzeagoa delako eta batez ere azken urteotan zaintzak behar direlako”. Azaroaren 30eko greba tresna izango da zaintza-sistema prekarioa mahai gainean jartzeko eta beste sistema baten beharra aldarrikatzeko.    

     

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).