“Sektoretik bizi izatea epikoa da”

a: Inaki Landa Fuentes 2023ko aza. 29a, 09:38

Leire Milikua, agroekologian aditua

Abadiñarrak Lur gainean, itzal azpian: emakume nekazariak eta parte-hartzea saiakera aurkeztu du Larrabetzun azaroan. Milikuak emakume nekazariei aitortza eta ikusgarritasuna eskaintzen die lan horretan, zeina erakusleihoa ez ezik emakume horien bozgorailua ere baita.

Gehienok lehen sektoreko emakumeei buruz dugun iruditeria ez da zuzena, beharbada; zein da haien erradiografia?

Askotarikoa, bai adin aldetik, bai jatorri zein formakuntza aldetik. Izan ere, lehen asko hala tokatzen zelako ziren nekazariak, baina gaur egun hala hautatu dutenak ere badaude. Hala ere, erradiografia hori testuinguru batean kokatu behar da, emakume nekazariak gaur egun gutxi dira eta. Gainera, administrazioak eta jendarteak ardurarik hartu ezean, arazo larri baten aurrean egongo gara; sektoretik bizi izatea ez litzateke epikoa izan beharko, eta gaur egun bada. Iruditeria hori apurtzen duten datu batzuk ematearren: landa-eremuen bizi diren emakumeen % 58k ez du harremanik nekazaritzarekin; % 30ek autokontsumorako ekoizten du; eta % 12k nekazaritzatik jasotzen ditu diru-sarrera denak, gehienak edo zati bat. 2020ko datuak dira horiek.

“Soilik landa-eremuko emakumeen % 12k jasotzen ditu nekazaritzatik diru-sarrera denak, gehienak edo zati bat”

2021eko  datuen arabera, EAEko nekazaritzako erakundeen % 77 tan botere-karguetan daudenen % 50 emakumezkoak dira. Liburuaren hizpideetako bat parte-hartzea dela kontuan hartuta, zer deritzozu datu horri?

Sektorearen erabakiguneetako parte-hartzea bertan dauden edo egon diren emakumeen bizipenetatik abiatuta aztertu dut; orduan, datu hori entzunda, burura datorkit estatistikak askotan tranpatiak direla, ze paperetako datuetan oinarritzen dira eta paperak dena aguantatzen du. Azken batean, duela gutxi arte datu-bilketek ez dute genero-ikuspegirik izan, eta, hortaz, oso zaila da emakumeei dagokien argazkia hortik egitea. Nik dakidanera arte, ez da benetako jarraipena egiten eta ez da horretarako baliabiderik jarri. Elkarteek beraiek bidalitako informazioa da oinarria, baina estatistiketako emakume horiek benetan hurbiltzen dira erabakiguneetara? Parte hartze-aktiborik badute? Euren ekarpenak hartzen dira kontuan? Guneak berrikusten ez badira eta erabakigune horietan duela 40 urte sortu zireneko funtzionamenduek eta dinamikek jarraitzen badute…

“Gutxi arte datu-bilketek ez dute genero-ikuspegirik izan, eta oso zaila da emakumeei dagokien argazkia hortik egitea”

EAEko 43 emakumeen ekarpenak batu dituzu liburuan. Zer nabarmenduko zenuke euren testigantzatik?

Haietako 21 banaka elkarrizketatu nituen, eta gainerakoak, talde-saioetan hartu zuten parte. Modu diferenteak erabili nituen informazioa jasotzeko, banakako elkarrizketetan azaltzen den informazioa ez delako talde-saioetan azaltzen, eta alderantziz. Nolanahi ere, emakume gehienak bat datoz sektorea mundu maskulinizatu moduan ulertu den ideiarekin, esfera publikoan gizonak egon direlako: ferietan, tratuetan, ordezkaritzan… Emakumeak, berriz, bigarren planoan egon dira, baina hori ez dator bat emakumeek egunerokoan egindako lanarekin, askotan jardueraren biziraupenerako giltzarria zena. 

Indarkeria sinbolikoaz ere bazabiltza liburuan.   

Indarkeria sinbolikoak gure jendartearen eremu guztiak zeharkatzen ditu, baita lehenengo sektorea ere. Azkenean, sistema heteropatriarkalean sozializatuak izan garen heinean, indarkeria moduan identifikatzen ez dugun indarkeria bat dago, eta hori hain zuzen da sistema heteropatriarkala iraunarazten duena eta emakumeei pentsamendu-kategoria negatiboak eta gizonei pentsamendu-kategoria positiboak ematen dizkiena; hau da, batzuk prestigioarekin lotzen ditu, eta beste batzuk, desprestigioarekin. Ulertu beharra dago sektorea zerbait osatuago baten parte dela.

“Indarkeria sinbolikoak gure jendartearen eremu guztiak zeharkatzen ditu, baita lehenengo sektorea ere”

Eta zein da eragile bakoitzaren erantzukizuna, emakume baserritarrari bere lekua aitortzeko orduan?

Hor denok dugu zer egin, baina bakoitzak beretik. Emakume horien beharrak eta aldarriak entzuteaz gain, erakunde publikoek, esaterako, ekintzetara pasatu behar dute, azken urteetan makina bat diagnostiko egin diren arren, ezer gutxi aldatu da eta. Ondorioz, emakume baserritarrengan kontrako efektua sortzen da: erakundeak haiengana hurbiltzen dira euren egoeraz jakiteko, baina hori diagnostikoan edo argazkian gelditzen bada, emakumeek ez dute sobera ez energiarik, ez denborarik gauza bera behin eta berriro errepikatzeko. Sektoreko eragileek, bestalde, berrikusi behar dituzte euren funtzionamendua eta egiturak, orain arteko profil hegemonikoaz gainera, bestelakoei ere lekua egiteko. Eta gizonei, azkenik, erantzukizuna eta aliantzak eskatu behar zaizkie, eta toki egin behar denean horretarako prest egon daitezela. 

“Emakume nekazarien beharrak eta aldarriak entzuteaz gain, erakunde publikoek ekintzetara pasatu behar dute”

Landa-eremuari begiratzen diogun modua aldatzea beharrezkoa dela azpimarratu duzu askotan, zergatik?

Begiradak nonbaitetik abiatzen direlako beti, nonbaitera; eta “nondik” horren kontzientzia hartzea beharrezkotzat jotzen dut. Adibidez, EAEko biztanleriaren ia % 90 landa-eremutik kanpo bizi da, baina landa-eremua EAEko azalaren ia % 90 da; hau da, biztanleriaren % 90 azalaren % 10ean bizi da, eta alderantziz. Hirigunetik edo herrigunetik abiatutako begirada izanda, % 90 horrek ez du landa-eremua bizitzeko edo lan egiteko leku moduan ikusten, euren aisialdia emateko, naturan izateko… leku moduan baizik. Eta harrigarriagoa dena: ez dute ikusten euren eguneroko elikagaiak sortzeko eremu bezala, baina bai, esaterako, energia- edo garraio-azpiegitura handiak jasotzeko eremu bezala. Hor badago zer hausnartu, nire ustez. 

Hurbiletik

Leire Milikua Larramendi (Abadiño, 1985) arkitektoa da, eta agroekologian eta genero-berdintasunean aditua. Ikerketa-lerro nagusitzat ditu, besteak beste, elikadura-sistemak, landa-eremua eta herritarren parte-hartzea. Lur gainean, itzal azpian saiakera bere azken lana da, Susa argitaletxeak Lisipe bilduma feministaren baitan argitara eman duena. Milikuak berak gaztelaniara itzuli du lana, eta hori consonni argitaletxeak kaleratu du El origen del mundo bildumaren barruan. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).