PSIKOLOGIA

Umeek euren burua defendatzen ikasteko gomendio batzuk

t: Ursula Tomas, psikologoa eta neuropsikologoa 2023ko abe. 13a, 09:40

“Umeari beti esan diogu ez duela jo behar, eta ondorioz, besteek bera jotzen dutenean ez du bere burua defendatzen. Zenbateraino da egokia gurasook esku hartzea? Zein modutan?”. Umeak hain egoera tamalgarrian sufritzen ikustea eta zuzenean esku hartu ezin izatea zaila da kudeatzen gurasoentzat. Zer egin dezakegu kasu horretan? Hurrengo lerroetan hainbat gomendio daude.

Egoera desatsegin horretan bagaude, garrantzitsuena da seme-alabei kontsolamendua eta laguntza eskaintzea, eta argi eta garbi adierazi ez dagoela bakarrik. Era berean, esan behar diegu egoera konponduko dela eta gu beti haien ondoan egongo garela. Indarkeriaz erantzun behar ez badu ere, jakitun egon behar du egoera errepikatu ez dadin jardun behar duela, konponbidearen zati bat bere esku dagoela eta hori barne-errefortzuko beste baliabide bat dela egoera behin betiko konpontzeko. Irakatsi behar diegu euren sentimenduak eta beharrizanak modu asertiboan adierazten, eraso fisikora jo gabe; indarkeria erabili barik, gatazkak elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez konpontzen. Horrela, lagundu behar diegu komunikazio-trebetasun eraginkorrak barneratzen eta emozioen erregulaziorako trebetasunak garatzen, haserre edo frustatuta badaude, indarkeria erabili ez dezaten.

Oso garrantzitsua da haien autokonfiantza eta autoestimua sustatzea, horrek lagundu diezaiekeelako indarkeria-egoerak saihesten. Mugak jartzen ere ikasi behar dute, EZETZ esanez eta euren burua baliaraziz. Aipatutako tresnak emateaz gainera, garrantzitsua da seme-alabei adieraztea laguntza eskatzeko zein bide erabili ahal duten eta beldurra alde batera utzi behar dutela, dena ondo aterako den usteak sendotasuna ematen du eta. Adibidez, laguntza eskatu ahal diote tutoreari, bere albotik pasatzen den heldu bati edo konfiantzazko lagunei.

Kasu hauetan funtsezkoa da tutorearekin biltzea, gure seme-alabekin eta erasoa egiten dietenekin lan egin dezaten. Izan ere, gehienetan ahazten zaigu “erasotzaileek” ere laguntza behar dutela. Ikastetxeek jarduketa-protokoloak dituzte eskola-jazarpenari eta -indarkeriari aurre egiteko, eta zentroarekin etengabeko harremanetan egon behar dugu, prozesua nola garatzen den ikusteko.

Gogoratu: umeei euren burua defendatzen irakasteak ez du esan nahi indarkeria sustatu behar denik, baizik eta euren burua babesteko eta gatazkak modu baketsuan konpontzeko trebetasunen eta tresnen bidez ahaldundu behar dutela. 

Zure galderei erantzuteko lekua  

  • Hau zuk ere parte hartzeko lekua izatea nahi dut. Horregatik, umeen jarrerari lotutako kezkak, zalantzak eta galderak bidali ahal dizkidazu, eta datozen artikuluetan emango diet erantzuna.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).