Tabakaleran batu dira Euskaraldiko koordinazio-mahai kideak: Irati Iciar, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria; Javier Arakama, Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari kudeatzailea; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea. Euskaraldia eraginkorra dela esan dute, eta aldaketak ekartzen dituela. Eraginkortasun horretan sakontzeko asmoz, aldatu dute ariketa udaberrira, “izan ere, urte-sasoi horretan kaleetan jende gehiago ibili ohi da eta bizitasun sozial handiagoa izaten da kalean”. Goiatz Urkijoren hitzetan, “Euskaraldia ariketa soziala den heinean, jendearen arteko interakzioa beharrezkoa da, eta eguraldiak eta aldarteak laguntzen du horretan”.
Garai-aldaketak txaparen erabileran eta ikusgarritasunean eragitea nahi dute antolatzaileek. “Txapa ezinbesteko elementua da ariketan: ariketa bera ahalbideratzen du, euskaraz hitz egiteko edo entzuteko jarrera erakusten badu, eta horrek nabarmen murrizten du estres linguistikoa, ariketa modu erosoan egiteko ezinbestekoa dena”. Gainera, 2025ean eginda, “Korrikarekin urtez urte txandakatzen joango da ariketa. Bi ekintza erraldoi horiei esker euskararen gaia Euskal Herri osoko kaleetara zabaltzea lortu da”.
Bestalde, laugarren edizioa 11 egunean egingo da. “Uste dugu ariketa modu eraginkorragoan egitea ahalbidetuko duela; sakonago egiteko aukera emango du. Bi asteburu hartuko ditu, eta, hortaz, herrietan mugimendua sortzeko aukera emango du”. Euskaraldiaren hurrengo edizioa ontzeko bideak ikerketako datuak eta jarraibideak kontuan hartu badira ere, gizartearen hainbat eragileren eta norbanakoren ekarpenak ere jaso ditu lantaldeak.