Eta ez naiz bakarra. Zenbait ikerketaren arabera, ume eta nerabe gehienek beldur hori dute, eta helduen % 60k baino gehiagok, beste baten arabera. Baina dentistarenean minik izan nahi ez badugu, edo polioaren, elgorriaren edo COVIDaren aurkako txertoa hartu nahi badugu, oraingoz ez da beste biderik.
Ez dakit Oxford Unibertsitateko Ingenieria Biomedikoaren Institutuko Darcy Dunn-Lavless doktoregaia gure taldekoa den; hori bai, beldur horri aurre egiteko ikerketan dihardu. Bere metodoa kabitazio deritzon efektu akustikoan datza; soinu uhinen bidez burbuilak sortzean hain zuzen ere. Hasteko, ultrasoinuen bidez sortutako burbuila horiek azalaren zelula hiletan pasabide batzuk zabaltzen dituzte; burbuilek horien zehar sartu nahi ditugun molekulak garraiatuko dituzte; eta bukatzeko, zelula bizien kanpoko mintzak zeharkatuko dituzte.
Prozedura horri esker, posible izango litzateke, adibidez, nahi dugun molekula, sendagaia edo DNA txertoa orratzik erabili barik zeluletara sartzea. Eta dagoeneko, hasi dira in vivo testak egiten (organismo bizidun baten ehun bizian edo barruan egindako esperimentazioari deritzo; organismo partzial edo hil baten ehunean, ordea, in vitro izango litzateke). Lehenengo emaitzen arabera, ohiko injekzio bidez 700 aldiz txerto-molekula gutxiago sartu arren, erantzun immunologikoa nabarmen handiagoa da.
Teknika guztiekin gertatzen den bezala, honek ere bere alde txarra dauka: kabitazioan energia larregi erabiliz gero, zelula eta egiturak apurtzeko arriskua dago. Horregatik, segurtasun muga non dagoen kalkulatzen ari dira orain. Energia gutxiegi erabilita, ultrasoinuek eragindako kabitazioa ez litzake eraginkorra izango. Larregi erabilita, kalteak eragingo lituzke.
Ultrasoinu bidezko kabitazioa, bereziki aproposa da DNA bidezko txertoetarako, baina ez digu odola ematean orratzetatik libratuko. Horrela izanda ere, emaile izatera gonbidatzen zaituztet, beldurrak beldur, denon onerako izango baita.
https://labur.eus/aikor_orratzak1 Orenius T, LicPsych, Säilä H, Mikola K, Ristolainen L. Fear of Injections and Needle Phobia Among Children and Adolescents: An Overview of Psychological, Behavioral, and Contextual Factors. SAGE Open Nurs. 2018 Mar 14;4:2377960818759442. doi: 10.1177/2377960818759442. PMID: 33415191; PMCID: PMC7774419.
https://labur.eus/aikor_orratzak2 Alsbrooks K, Hoerauf K. Prevalence, causes, impacts, and management of needle phobia: An international survey of a general adult population. PLoS One. 2022 Nov 21;17(11):e0276814. doi: 10.1371/journal.pone.0276814. PMID: 36409734; PMCID: PMC9678288.
https://labur.eus/aikor_orratzak3 , Wendyu Beatty, Needle-free ultrasound vaccine delivery, EurekAlert, 2023/12/03