Zerbitzuak informazioa eta aholkularitza ematen du telefonoz eta online, egunean 24 orduz eta astean zazpi egunetan. Arreta jasotzeko, 900 840 977 telefono-zenbakira deitu daiteke, edo atencionviolenciasexual@bizkaia.eus helbide elektronikora idatzi. Halaber, www.bizkaia.eus/eu/arreta-zerbitzuak) webgunean txat bat gaitu da; webguneak berehala irteteko botoia du, biktimei zerbitzura isilpean sartzea errazteko.
Krisi-egoerako arreta-zentroa sexu-indarkeriaren aurkako estrategiaren baitan dago. Horrela, helburua da “errealitate horri modu integralean heltzea, biktimei arreta jarraitua emanez, dibulgazio-, kontzientziazio- eta sentsibilizazio-lanak eginez, eta dinamizazio komunitarioa eta prestakuntza egokia duten profesionalak txertatuz”, azaldu zuen prentsa-aurrekoan Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak. “Guztiz beharrezkoa den krisi-egoeretarako erreta-zentroa irekitzeaz gainera, indarkeria sexualaren ondorioen aurkako estrategia diseinatu nahi dugu, emakumeek esperientzia traumatikoaren ondoren euren bizitzarekin jarraitu ahal izateko”. Estrategia diseinatzeko, Laespadaren esanetan, hausnarketa-prozesua egin da Bizkaiko erakundeekin eta adituekin, eta kontraste-saioak, polizia-kidegoetako arduradunekin, gizarte-zerbitzu publikoekin, hezkuntza- eta osasun-zerbitzuekin eta epaileekin.
Foru-zerbitzua martxan ipintzeko, 2.5 milioi euroko inbertsioa egin da: 1,5 milioi euro Next Generation funtsetatik jaso dira; eta gainerakoa, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren aurrekontutik. Ezin da zentroa non dagoen esan, erabiltzaileen babesa eta segurtasuna bermatzeko. Hala ere, azaldutakoaren arabera, uda baino lehen sexu-indarkeriaren biktimentzako arreta arrunterako gunea irekiko da Bilboko Ledesma kalean, krisi-egoerako arreta-zerbitzutik pasatu ostean emakumeei eta haien ingurukoei informazioa eta arreta soziala, juridikoa eta psikologikoa ematen jarraitzeko.
Bizkaiko Indarkeria Matxistaren Behatokiaren datuen arabera, 2022an sexu-askatasunaren kontrako 274 delitu erregistratu ziren gure lurraldean; aurreko urtean baino % 22,3 gehiago. Bestalde, 2023ko urtarriletik azaroaren bitartean 291 delitu erregistratu ziren, 2022ko denboraldi berean baino % 17,81 gehiago.