Umeek bikotekide ohia eta biok berriro elkartzea nahi dute…

a: Freepik 2024ko urt. 29a, 11:26

Zalantzarik gabe, seme-alabak dituen bikotea banatzen denean, aurre egin behar dioten egoera konplexuenetako bat hau da: umeek gurasoak berriro adiskidetzea nahi izatea, berriro lehen ziren familia izateko. Haurren zintzotasunak eta errugabetasunak sakon ukitu dezakete gure bihotza, baina, era berean, erronka emozional esanguratsuak ekarri ditzakete. Jarraian, egoerari modu sentikorrean eta eraikitzailean heltzeko iradokizun batzuk topatuko dituzue.

Komunikazio irekia. Gaiari gardentasunez eta enpatiaz heltzea funtsezkoa da. Umeek ulertzeko moduko hizkera erabili behar dugu, haiei azaltzeko helduen arteko maitasuna aldatu daitekeela, baina seme-alabekiko maitasuna eta zaintza ez direla inoiz aldatuko. Halaber, garrantzitsua da umeei azaltzea, gurasoen arteko harreman erromantikoa amaitu den arren, biek dutela seme-alabei maitasuna eta babesa emateko konpromisoa.

Umeen sentimenduak aintzat hartzea. Hori, gainera, itxaropen faltsuak ekarri gabe egin behar da. Azaldu behar diegu ulertzen dugula gurasoak berriro elkarrekin egotea nahi dutela, baina helduen arteko harremanak konplexuak direla adierazi behar diegu, eta batzuetan ezinezkoa dela gurasoak berriro elkarrekin egotea. Horren ondorioz, triste edo nahastuta egotea ondo dagoela esan behar diegu, eta gurekin haien emozioak partekatu ditzaten animatu.

Arreta familian ipintzea. Ezinbestekoa da familiaren garrantziaz hitz egitea, eta, nahiz eta haien artean harreman erromantikorik ez egon, azaltzea guraso biek ingurune egonkorra eta maitasunezkoa eskaintzen lagundu ahal dutela. Era berean, nabarmendu behar dugu guraso biek elkarrekin lan egin dezaketela, seme-alabak ahalik eta ondoen hazteko. Bestalde, hainbat familia-eredu daudela azaldu diezaiekegu, eta ondo erreparatuz gero, inguruan ikusiko ditugula: familian bertan, lagunen edo auzokideen artean, eskolan…

Laguntza profesionala. Familia-terapian eta haurtzaroan aditua den psikologo batengana jo daiteke orientazio bila, familiako kide guztiei emozioak ulertzen eta kudeatzen laguntzeko. Terapeuta batek tresna praktikoak emango dizkigu, familiako kideen arteko komunikazioa hobetzeko eta aldaketara egokitzen laguntzeko.

Gogoratu behar dugu naturala dela haurrek familia-unitatea nahi izatea, baina funtsezkoa da haiei azaltzea maitasuna hainbat modutan agertu daitekeela, eta familiaren ongizatea lehentasuna dela ulertzen laguntzea. Maitasunez, pazientziaz eta komunikazio ona sustatuz, modu osasungarrian eta positiboan gidatu ahalko ditugu seme-alabak prozesuan. 

 

Liburu lagungarri batzuk:

Familien liburu handia, Mary Hoffman eta Ros Asquin
Ni ez naiz seme hautsi bat,  Mati Morata
Eta bat-batean izar bat, Pilar Pascual.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).