Iñigo Zarate Madariaga: “Datuak ez dira dogma bat, beste euskarri bat baizik”

Aikor aldizkaria 2024ko ots. 9a, 11:47

Larrabetzun bizi den lezamarrak Athletic Klubean lan egiten du jokalarien jokoari buruzko datuak aztertzen. Milaka aldagai eta testuinguru kontuan hartzen ditu, eta horrela, datu objektiboak eskaintzen dizkio zuzendaritza-taldeari, erabakiak hartzen laguntzeko. Egunaren ordu gehien datuen eta estatistiken artean ematen badu ere, pozik dabil, lana eta zaletasuna –futbola– uztartzeko aukera du eta.

Zein da datu-analistaren lana?

Futbol-partida batean milaka datu gertatzen dira: alde batetik, zenbat pase, baloia kontrolatzea, balioa berreskuratzea…; eta beste aldetik, datu fisikoak, hau da, futbolari batek zenbat metro egin dituen, zein erritmotan eta abiaduratan, zein egoeratan… Horiek guztiak datu objektiboak dira eta testuinguruan ipini behar ditugu. Adibidez, erabili ahal ditugu partida osteko analisia egiteko, aurkariaren analisia egiteko edo scoutingerako. Demagun klubak jokalari bat fitxatu nahi duela, bere jokatzeko modua gustatzen zaiolako; bada, hori zerbait subjektiboa da, eta datuak lagungarri izango ditu bere asmoa indartzeko edo datu objektiboek beste gauza bat esaten dutela kontuan hartzeko.

Beraz, datu-analisiak egiten dion ekarpena ukaezina da

Gu ez gara etorri lehendik eginda dauden analisi subjektiboak aldatzera, indartzera baizik; are gehiago, nire ustez, alde subjektiboa eta datuen analisia guztiz osagarriak dira. Adibidea ipiniko dut azaltzeko. Jokalari batek 20 gol sartu ditu, baina galdera hau da: 20 golak sartzeko aukerarik izan du? Bere errendimenduaren gainetik dago? Hori estatistikaren bidez jakin dezakegu: zenbakien arabera, 15 gol sartu behar zituen, baina 20 sartu ditu; beraz, bere errendimenduaren gainetik dago. Datuen analisiak gero eta zutabe garrantzitsuagoa du futbolean, aurkakoak ere badituen arren…

“Futbol-partida batean milaka datu objektibo sortzen dira eta testuinguruan ipini behar ditugu”

Aurkakoak?

Bai, izan ere, futbol-partida batean kanpoko faktore askok dute eragina: fisikoek, psikologikoek, beste futbol-talde baten aur-ka jokatzen dela, kanporaketarik egon daitekeela… Hortaz, konparaketak egiteko edo analisiak egiteko orduan, aldagai horiek ere kontuan hartu behar dira.

Zein datu hartzen duzue kontuan gehienbat?

Taldearen datuak baliagarriak dira taldeak alderatzeko edo gure metrikaren araberako sailkapena egiteko; adibidez, gerta daiteke paseen gaineko informazioa nahi izatea, baina testuinguru jakin batean. Datuak batez ere oso baliagarriak dira jokalariei jarraipena egiteko, gure jokalariei zein merkatuan dauden beste jokalariei, eta ikusteko gure jokatzeko modura hobekien nor egokitu daitekeen. Datu fisikoei lotutako informazio handia ere sortzen da…

Partiduetan txaleko bat jantzita ikusi ditzakegu jokalari asko, zertarako da?

Txaleko horrek errendimendu-datuak ematen ditu: jokalariak zenbat me tro egin dituen, zein abiaduratan, egin dituen esfortzu maximoak, azelerazio ak, dezelerazioak.... Gaur egun, ohikoa da jokalariek txaleko hori janztea, bai jokatzeko, bai entrenatzeko.

Hasieran esan duzu futbol-partida batean milaka datu sortzen direla.

Ezin da zenbat diren zehaztu. Neurtzen dira jokalari guztien paseak, tack lingak, baloi berreskurapenak... Baita euren errendimenduarekin zerikusia dutenak ere, eta horiek, gainera, konta- ezinak dira. Bestalde, futbol-munduan ate berri bat zabaltzen ari da: trackinga. Zer da? Segundo bakoitzean, zati bakoitzean, jokalari guztiak non dauden jakitea. Ondorioz, ezin da zifra zehatzik eman.

Gaur egun, zein alderdiri egiten zaio kasu handiago: subjektiboari ala datuen analisiari?

Lehenengo eta behin, argi utzi behar da alde subjektiboa ezin dela inoiz aldatu. Talde baten jarraipenaren ondorioz dator, eta, beraz, pisu handia du. Gure lana da hori sendotzea; hau da, ikuspegi subjektiboa datuekin kontrastatzea eta, horren arabera, analisi sendo bat egitea. Azkenean, talde ba-koitzak bere jokatzeko era du, eta metrika egokienak aurkitu behar ditu horretarako. Metrikei garrantzi handia ematen zaien arren, bi alderdiak hartu behar dira kontuan.

“Helburua da ikuspegi subjektiboa datuekin kontrastatzea eta, horren arabera, analisi sendo bat egitea”

Aurkakoen datuak ere aztertzen dituzue?

Hori ez da nire eginkizun nagusia, baina bai, lantalde batzuek aurkakoen datuak ere aztertzen dituzte. Nolanahi ere, datuak bakarrik goi-mailetan daude eskuragarri.

Eta interpretatu beharko dira.

Hori da garrantzitsuena, nire ustez. Talde guztietan, edo gehienetan, bi profil topa daitezke: alde batetik, datuak fidelki interpretatzen dituztenak eta, hortaz, bakarrik datuek esaten dutenari erreparatzen dietenak; eta beste aldetik, futbolari buruzko ezagutza handiagoa dutenak eta datuetatik haratago joaten direnak. Nik azken profil horretan kokatzen dut nire burua, izan ere, futbol-analisiari buruzko ikastaro asko egin ditut; asko gustatzen zait futbola ikustea eta aztertzea. Nire iritziz, bi profilak bateragarriak dira, eta uztartu beharrekoak.

Txostenik, grafikorik… egiten da?

Bai, txostenak beti egiten dira, eta haietan grafikoak sartu. Hala ere, niri grafikoak beste modu batzuetan adieraztea gustatzen zait; esate baterako, zelaia bera grafikotzat hartuta. Nik futbol-analisia eta datuak batera erabil tzen ditut, eta, ohiko grafikoez gainera, adierazle bisualak ipintzea gustuko dut –atea edo zelaia erabilita–, pentsatzen dudalako horrela datuak futbolaren testuinguruan errazago ulertzen eta barneratzen direla.

Datuak edozein gauzatarako erabili ohi dira? Partidaren estrategia definitzeko? Nortzuek jokatuko duten erabakitzeko? Entrenatzailea kontratatzeko?

Zaila da horri erantzutea. Nire lana ez da analisiak egitea, baizik eta zuzendaritzaren eragiketei datuen bitartez erantzuna ematea. Behin Monchi kirol-zuzendari ospetsu bati hau entzun nion: “Nik ez dut datuek esaten didatelako fitxaketarik egingo, baina ez dut datuak begiratu barik fitxaketarik egingo”. Big data futbolaren etorkizuna da: ez jokalari hau edo bestea datuen arabera fitxatuko duzulako, baizik eta arriskua murrizten duelako eta erabakiak hartzen laguntzen digulako. Nire ustez, hori da jarraitu beharreko filosofia; datuak ez dira dogma bat, beste euskarri bat baizik. Edozein erabaki hartzeko, alde subjektiboaz zein objektiboaz baliatu behar dugu.

Noiztik erabiltzen da datuen analisia futbolean?

Analista taktikoak aspalditik dabil tza, baina duela bospasei urtetik hona oso industria indartsua sortu da datuen inguruan. Partida batean taktikari lotutako 30.000 datu inguru sortzen dira, baina azken hamarkadan gainerako arloei lotutako datuak aztertzen hasi, eta askoz datu gehiago sortzen dira. Eta adimen artifizialaren eta trackingaren eskutik bilakaera izugarria izango da eta askoz aldagai gehiago ezagutu eta aztertu ahalko dira.

"Adimen artifizialaren eta trackingaren eskutik bilakaera izugarria izango da eta askoz aldagai gehiago ezagutu eta aztertu ahalko dira"

Big data gelditzeko ailegatu da futbol-mundura?

Bai. Izan ere, lehen esan dudanez, oso zutabe subjektibo garrantzitsu bat dugu futbolean, eta datuek hura sendotu edo zalantzan jarriko dute. Erabakiak hartzeko orduan, zenbat eta ziurgabetasun gutxiago eduki, askoz hobeto.

Kirol guztietan erabiltzen da datuen analisia?

Bai, kirol nagusi guztietan erabiltzen da. Estatu Batuetan, adibidez, kirol guztietan erabiltzen dute aspalditik, eta, bestalde, munduko futbol-klub batzuek –Toulouse, Brentfrod…– eredu aurreratuak dituzte eta ez doakie txarto. Tenisean erabiltzen da, txirrindularitzan ere bai…

Hortaz, inportantea da pertsonak arlo honetan trebatzea.

Bai, eta pentsatzen dut jende asko horretaz ohartu garela. Hori dela eta, lagun asko dabiltza arlo honetan trebatzen, hainbat profil beharrezkoak dira eta: algoritmo matematikoetan trebeak diren pertsonak behar dira, datuak zelan gorde eta zelan berreskuratu dakitenak, hornitzaileekin harremanetan daudenak…

 

Ametsari eutsi nahi

Hogeita hamahiru urteko lezamarra da Iñigo Zarate Madariaga, Larrabetzun bizi dena. Ingeniari in- formatikoa da, eta oso futbol-zalea, Athletic-zalea. “Futbola ikustea be tidanik gustatzen zait, edozein partida ikustea, gainera. Izan ere, partidetan sortzen diren mugimenduek atentzioa ematen didate: az ken finean, futbol-partidak eta xake-partidak antzekoak dira”. Futbol-analista moduan trebatu zen, eta informatika arloan lanean hasi bazen ere, laster konturatu zen bes te pausu bat eman zezakeela. “Ma tematika asko gustatzen zait, eta ohartu nintzen datuen mundua ere asko gustatzen zaidala. Beraz, pentsatu nuen horren inguruan zerbait egitea eta animatu nintzen big data, adimen artifiziala eta kirola batzen zituen master bat egitera. Pitika-pitika industria hau ezagutuz joan nintzen, eta nire aukera zela erabaki nuen: informatika arloko ezagutza dut, futbol-ezagutza ere bai, eta datuen munduan hobetuz joango naiz, mundu berria da eta”.

Zamudion entrenatzaile eta laguntzaile ere ibili da. “Ez nuen eguneroko lana hain atsegin, iruditzen zitzaidalako gauza eta pertsona asko kontrolatu behar direla. Esan moduan, niri benetan gustatzen zaidana da partidak aztertzea, eta konturatu nintzen ibilbidea beste bide batetik egiten saiatu behar nuela. Eta beitu, non eta Athleticen instalazioetan gaude momentu honetan. Garai hartan ez nuen pentsatzen hemen izango ninetzenik… Hara!”.

Masterreko praktikak Athleticen egin zituen Zaratek. Aitortu digu Athleticen lan egitea dela egia bihurtutako ametsa. “Zaletasuna eta lana batu ditut eta gustatuko litzaidake hemen ibilbide polita egin ahal izatea. Honi eustea ametsa izango litzateke”. Euskalduna eta euskaltzalea ere bada, eta esan digu Lezamako instalazioetan euskara asko entzuten dela eta horrek asko pozten duela. “Nire egunerokotasunaren zati handi bat euskaraz egitea sano inportantea da. Harritu nauen gauza ere izan da, pentsatzen nuelako ekosistema honetan gaztelania nagusi izango zela. Euskara asko egiten dut lanean eta nortasuna mantentzeko modua da”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).