Ikasgelara sartu, eta zein da erradiografia?
Gaur egun, ohikoa da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lehen mailako ikasle guztiek –edo ia guztiek– telefono mugikorra izatea. Hala ere, ume askok Lehen Hezkuntzako (LH) 4. mailan dute euren lehen mugikorra edo erloju digitala, azken urteetan “opari izarra” bihurtu direlako, adibidez, jaunartzeetarako edo Gabonetarako; hortaz, LHko 5. eta 6. mailetako ikasleen erdiak badu mugikorra.
9-10 urteko ume bati mugikorra oparitzen diogunean, zer oparitzen diogu?
Arma bat; gurasoei esan ohi diedanez, arma kargatu bat. Adin horretan umeek ez dute kontrolik. Nagusioi ere askotan gertatzen zaigu konturatu orduko luze eman dugula telefonoari begira; bada, pentsa ezazue umeen kasuan! Bestalde, gurasoek badakite seme-alabek Tik Tok ikusten dutela, YouTube, gamerrak…, baina benetan ez dakite gizarte-sare horiek zer diren eta bertan umeek zer ikusten duten; askoz jota Facebook ezagutzen dute. Nik beti esaten diet euren lana dela umeek erabiltzen dituzten gizarte-sareak deskargatzea eta bertako edukiak ikustea. Eta bideo-jokoei dagokienez ere, seme-alabekin jokatu behar dutela, eta bideokontsola leku komun batean ipini behar dutela.
“Gurasoen lana da umeek erabiltzen dituzten gizarte-sareak deskargatzea eta bertako edukiak ikustea”
Ikerketen arabera, gaztetxoek egunean lau ordu inguru ematen dute gizarte-sareetan.
Nik denbora gehiago dela esango nuke. Gaur egungo mugikorrak hain dira modernoak, ezen esaten baitigute aplikazio bakoitzean zenbat denbora eman dugun. Guk hori baliatzen dugu tailerretan eta emaitza izaten da gizarte-sareetan, egunean ,7-8 ordu ematen dituztela. Eskolan ez dute mugikorra erabiltzen, baina eskolatik kanpo erabiltzen dute musika entzuteko, bideoak ikusteko… Ikasleek askotan esaten dizkigute halakoak: “Lo egin beharrean, Tik Tokek harrapatu nau eta hiru orduan izan naiz telefonoari begira”.
Arazoa ez da teknologia berriak erabiltzea, horiek txarto erabiltzea baizik. Zeintzuk dira arriskuak?
Eskola-errendimendua jaistearekin erabat lotuta dago. Atsedena ezinbestekoa da gaztetxoentzat, eta askotan nabaritzen da gauean telefonoarekin edo tabletarekin egon direla, goizean umore txarra izaten dutelako, buruko mina… Bestalde, pantaila baten aurrean luzeegi ematen badute, modu sedentarioan biziko dira eta horrek ekarriko die obesitatea, bihotz-arazoak… Atzerapenak ere ikusten dira. Adibidez, ohikoa da ume txikiak orgatxoan mugikorra eskuan dutela ikustea; bada, antzeman da lau urtetik sei urtera bitarteko ume batzuek hitz egiteko arazoak dituztela, eta mugikorraren erabilera goiztiar horri pandemia garaia gehitu behar zaio, gainera. Are gehiago, beharrizan fisiologikoei ere eragiten die; izan ere, mugikorrarekin egoteagatik txiza egitea, jatea, edatea… ahaztu zaien umeen kasuak ezagutu dira; ondorioz, ume horiek deshidratatu dira. Era berean, eduki desegokiak ikusteko arriskua ere badago, eta gehiegizko erabilerak mendekotasun itzela sortuko du azkenean.
“Askotan nabaritzen da gauean telefonoarekin egon direla, goizean umore txarra izaten dutelako, buruko mina…”
Ciberbullinga da beste arrisku bat; zein adin-tartetan ematen da?
Ciberbullinga eta sextinga gazte nagusien artean gertatzen direla pentsatzen da, baina, ikerketek berretsi dutenez, LHko 5. maila eta DBHko 2. maila artean gertatu ohi dira. Delitu asko daude, eta zoritxarrez umeek ezagutzen dituzte, institutuan kasuren bat egon delako edo umeek eurek bizi izan dituztelako. Eskoletan badago protokoloa eta irakasleek derrigorrean ezarri behar dute kasuak antzematen direnean; hala ere, askotan ez da ezartzen. Ezinbestekoa da irakasleen aldetik inplikazioa egotea. Izan ere, tailerretan ikasleek esaten digute gauza asko ikusten dituztela, eta tutoreari zergatik ez dioten kontatzen galdetzen diegunean, erantzuten digute ez dutela inoiz gauza horiei buruz hitz egiteko denborarik.
“Ciberbullinga eta sextinga LHko 5. maila eta DBHko 2. maila artean gertatu ohi dira”
Eskolaren jarrera ez ezik familiarena ere ezinbestekoa da.
Jakina! Nik gomendio errazak ematen dizkiet beti, benetan funtzionatzen dutenak. Esaterako, telefono mugikorra ez dela Olentzerok ekartzen duen oparia: urteko edozein egunetan umeari azaldu ahal diogu mugikorra erosi dugula eta erabiltzen utziko dugula, baina guk erosi dugunez eta fakturak guk ordainduko ditugunez, gurea dela eta arauak ipini behar ditugula. Gurasoen kontrola ahalbidetzen duten aplikazioak instalatzea ere ideia ona da, eta batez ere adibide ona izatea. Gurasoentzako tailerretan askotan ipintzen dut Olvido Hormigosen kasua. Sextinga egin zioten argi eta garbi, baina gizarteak bera epaitu zuen: ezkonduta dago, seme-alabak ditu…, eta inork ez zuen pentsatu delitua beste aldeak egin zuela. Hortaz, kontuz ibili behar dugu esaten dugunarekin. Era berean, azaldu behar diegu lehentasunak hauek direla: ikasketak, kirola, lagunak eta azkenik bideo jokoak eta gizarte-sareak. Alternatibak ere eskaini behar dizkiegu, esate baterako, asteburuan mendira joatea. Eta esan behar diegu inoiz ciberbulling-kasurik ezagutzen badute isiltasunaren legea apurtu behar dutela, eta enpatikoak izan.
“Alternatibak eskaini behar dizkiegu umeei, esate baterako, asteburuan mendira joatea”
Hezkuntzaren garrantzia
“Duela 10 urte, tailerrekin hasi ginean, esaten genuen teknologia hauek guztiak berriak zirela eta, hortaz, urte batzuk behar zirela gauzak azaltzeko eta normalizatzeko. Bada, esan moduan, 10 urte pasatu dira eta arazoa gero eta larriagoa da”, aipatu digu Zuberogoitiak. “Familiak ere konturatu dira eta mugitzen hasi dira. Adibidez, Katalunian sortutako “16 urtera arte mugikorrik gabe” mugimendua hainbat lekutara zabaldu da. Tolosako “Altxa burua” egitasmoa ere sustatu da; are gehiago, herri osoa inplikatu da horretan, eta umeek eta nerabeek establezimenduetako eta eraikin publikoetako telefonoa erabili dezakete, beharrizanik izanez gero”. Psikopedagogoak badaki familiek presio handia dutela. “Askok aipatzen dute umeari 16 urte bete arte telefono mugikorra erosten ez badiete, lagun-taldetik kanpo gelditzeko arriskua dagoela. Beraz, konponbidea ez da debekatzea, baizik eta beste alternatiba batzuk ematea; esaterako, Tolosako ekimena”. Nolanahi ere, hezkuntzaren garrantzian ipini du azpimarra. “Umeek teknologia berriak ondo erabiltzen ikasteko tailerretan parte hartu behar dute txikitatik. Txorierrin duela hainbat urtetatik hona egiten ditugu: LHko 4. mailan hasten gara eta jarraipena egiten dugu LHko 6. mailan eta DBHn, hainbat gai lantzeko. Azkenik, komunikazio handiagoa egon beharko luke familiaren eta eskolaren artean, gaiari egoki heltzeko”.