Ikusmen artifiziala

t: Xabier Diaz 2024ko mai. 7a, 12:51

a: Freepik / javi_indy

Mariak (izen fiktizioa) 57 urte zituen saiakera hasi zenean. Hamasei urtez itsu egon eta gero, Eduardo Fernández Joverrek Miguel Hernández unibertsitatean zuzentzen zuen ikerketa taldearen eskuetan jarri zen. Horiek inplante bat jarri zioten burmuinean, eta harrezkero zenbait letra eta forma bereizteko gai da. Ez, ez diote ikusmena berreskuratu, baina 2021ean hasitako lan honek atea ireki zion etorkizuneko ikusmen artifizialari.

Objektu bat ikusteko, hark islatzen edo igortzen duen argia gure begian sartzen da, eta horren atzeko partean, erretinan, dauden zelula batzuek (konoek eta bastoiek) argi hori kinada elektrikoak bihurtzen dituzte. Nerbio optikoak jaso, eta interpretatu egingo dituen burmuinera bidaltzen ditu.

Mariari bertan, ikusmenaren kortexean, inplante bat jarri zioten, giza hari bat baino meheagoak ziren 96 elektrodo zituena. Elektrodoak estimulatzerakoan fosfenoak antzematen dira. Horrela deitzen zaie estimulu mekaniko, elektriko edo magnetiko baten iturria duten eta ikusten ditugun argiak, gure begiaren ikusmen “normalaren” bidezkoak ez direnak.

Betaurreko batzuetan txertatutako kamerak erabili ziren inplanteari informazioa bidaltzeko, eta sei hilabetean egindako ikerketan, Maria letra batzuk eta forma sinpleak identifikatzeko gai izan zen.

Alde batetik, begia eta nerbio optikoari bypass egiten diegunez, ez du inporta ikusmena galtzeko arazoa non izan den. Bestetik, horrela izanik, burmuinera helduko den informazioa ikusmen biologikotik oso desberdina izango da. Horregatik, ez da hainbeste ikusmen biologiko hori berreskuratzea, baizik eta ikusmen artifizial berri bat irudikatu, asmatu eta gauzatzeko lehenengo pausoak egiten.

Oraindik badago bidea egiteko. Alde batetik, kinaden intentsitatea ondo doitu behar da. Eragina izateko moduko intentsitatea izan beharko dute, baina ez burmuina kaltetzeko beste. Ez hori bakarrik, zenbatekoa izango da inplanteen iraungipena? Doitasuna handitzeko, elektrodo gehiago beharko dira, txikiagoak eta gertuago daudenak, baina larregi hurbilduz gero, seinaleen arteko zarata handiagoa izango litzateke. Beste alde batetik, oraingoz ikusmena galdutako pertsonekin egin dira ikerketak, hau da, ikusmen kortexa “trebatuta” izan dutenekin. Funtzionatuko ote du jaiotzetik itsuak diren eta, beraz, trebatu barik dutenekin?

Zenbait ikerketa martxan dira dagoeneko. Illinoiseko Unibertsitatea, adibidez, 400 elektrodo dituen inplante batekin saiakerak egiten hasia da, eta Neuralink, Elon Musk famatuaren neuroteknologia enpresak ere tximinoekin proba batzuk egin ditu jada. Hasiera baino ez bada ere, itsumenaren tunelean argia antzematen hasiak gara.

Gehiago jakiteko: Visual percepts evoked with an intracortical 96-channel microelectrode array inserted in human occipital cortex, https://www.jci.org/articles/view/151331

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).