Carmen Artola - Emagin ohia

“Oso zoriontsua izan naiz Txorierrin lanean”

Aikor aldizkaria 2024ko eka. 4a, 13:47

Martxoaren 1ean kontsultategiko atea azken aldiz itxi zuen Mari Carmen Artola emaginak. Atea egindako lanarekin pozik egoteak dakarren lasaitasunaz itxi zuen, eta aurrean zuen etapa berriari begira. Sondikako, Loiuko, Derioko, Zamudioko eta Lezamako emakumeen emagina izan da Artola, mende laurdenean, eta berarekin batera badaroa Txorierriko zati bat.

Zelan zabiltza bizitzaren etapa berrian?

Bada, egia esan, oso ondo. Zegokidana baino urte bat beranduago hartu dut erretiroa, mentalki ondo prestatuta egon nahi nuelako lan-ibilbidea amaitzeko. Bokazioz egin dut lan eta asko gozatu dut lanean, batez ere bailara honetan. Txorierriko emakumeekin eta beren familiekin egin behar nuena eginda nuen sentsazioaz itxi nuen kontsultako atea. Oso amaiera polita izan zen, herritar askok esker ona eta maitasuna erakutsi zidatelako, eta ni ere oso eskertuta nago, erreferente sentitu naizelako.

Txorierrin, 25 urtean ibili zara emagin; zer etortzen zaizu burura?

Txorierrira ailegatu nintzen eguna; badirudi atzo izan zela… Ni bilbotarra naiz, baina landa-ingurune batean lan egin nahi nuen, pentsatzen nuelako herri batean errazagoa izango zela pazienteekin konektatzea eta gure eginkizun guztien berri ematea. Oposizioak gainditu nituen eta Derioko osasun-etxeko plaza hartzeko aukera izan nuen. Bestalde, herritarrekin partekatu ditudan momentu eta sentimendu horiek guztiak ere datozkit burura… Urte asko dira, eta historia asko… Oso zoriontsua izan naiz Txorierrin lanean.

Zergatik emagina izan?

Bueno, ni erizain sentitzen naiz, emaginok erizainak gara eta. Zaintzea gustatzen zait, eta gaixorik dagoenari konforta ematea. Era berean, osasun-hezkuntza gustuko dut, eta bizitza osasuntsua izateko jarraibideak ematea; izan ere, nire ustez, pazienteak ez dira bakarrik gaixorik daudenak. Gainera, asko gustatzen zaizkit obstetrizia eta ginekologia, eta horregatik, erizaintza-ikasketak amaituta, erabaki nuen espezializazioa egitea. Gogora ekarri, eta uste dut beti izan dudan nahia dela: Erregeetarako erizain mozorroa eskatu nuen behin; eta beste behin, barraskilo hori bat eta beste beltz bat sartu nituen oinetako kutxa batean, lurra ipini, kutxa itxi, eta barraskilo hori eta beltz txikiak agertu ziren… Argi zegoen, beraz, zertan ibiliko nintzen (kar-kar).

Emagina hitza entzutean, batez ere erditzeetan pentsatzen dugu gehienok, baina zuen lana askoz haratago doa…

Emakume gazteak 14 urte dituztela ateratzen dira pediatria-kontsultatik, eta emaginok momentu horretatik artatzen ditugu, aldi ugalkorrean zein ez ugalkorrean. Antisorgailuen gaineko informazioa ematen dugu, arrisku-praktikei buruz, umetoki-lepoko minbizia detektatzeko baheketak egiten ditugu, haurdunaldia eta erditu ondorengoa ikuskatu, klimaterioa, zoru pelbikoa… Guk hainbat talde sortu ditugu osasun-etxean, emakumeari lotutako hainbat gaitan sakontzeko, eta gazteekin ere egin dugu lan. Paziente bakoitza modu integralean artatzen ahalegindu naiz beti, eta kontsultara etorri den zergatitik apur bat harago joan, hobeto ezagutzeko eta bere nahien arabera egin beharreko hurrengo pausoak jakinarazteko. Emagin egoiliarrei ere irakatsi diet horrela egiten, ezinbestekoa delako, nire ustez.

Zure pazienteetako batzuek kontatu digute haiekin oso errespetutsua izan zarela beti.

Ni tratatzea gustatuko litzaidaken moduan tratatu ditut beti emakumeak eta beren familiak, eta horregatik itxi dut kontsultategia bakean. Begirunez, zin- tzotasunez, enpatiaz eta hurbiltasunez lan ahalegindu naiz. Erabaki bat hartzerakoan, emakume batek alde onak eta alde txarrak ezagutu behar ditu, eta erabakitzen duena erabakitzen duela, guk errespetatu behar dugu, eta lagundu.

Kontsultategitik ateratzeko presarik ere ez zenuen…

Nik banekien goizeko 8etan sartzen nintzela, baina atera… Pazienteen txostenak birpasatzea gustuko nuen, eta ez zitzaidan inporta nire laguntza behar nuena azken momentuan artatzea. Izan ere, eta adibidea ipintzearren, ama batek titia emateko arazoak zituela esanez deitzen bazidan, nola utziko nuen hurrengo egunerako edo, barikua bazen, astelehenerako? Bada, gelditzen nintzen, nire lana zelako, baina nire bokazioa ere bazelako.

Asko aldatu da emakumeak artatzeko modua?

Bai, asko. Esate baterako, lehen, emakumea menopausia-aldian sartzen zenean, guztiei ematen zitzaien hormonen ordezko tratamendua, sintomak-edo arin- tzeko. Hala ere, gaur egun ikusi dugu klimaterioa eta menopausia eramangarriagoak direla, besteak beste, ariketa fisikoa egiten bada, dieta orekatua hartzen bada eta hidratazio egokia izaten bada. Hormonen ordezko tratamendua eman behar da, bakarrik emakumeak bizi-kalitaterik ez badu. Erditzeei dagokienez ere asko aldatu dira gauzak. Orain dela urte batzuk, protokolo zehatz bati jarraitzen zitzaion kasu guztietan, baina orain emakumeek erabaki ahal dute zer-nolako erditze nahi duten, eta profesionalok lagundu behar diegu horretan.

Esango zenuke ginekologia gaur egun adeitsua dela emakumeekiko?

Bai, baina aitortu behar da oraindik apur bat falta zaigula erabat errespetutsuak izateko. Ni bikaintasunean lan egiten ahalegindu naiz beti, ahalik eta ondoen eta pazienteari ahalik eta aukera onenak emanez. Hobekuntzak izan dira ginekologian, baina gehiago hobetu behar da, oraindik ez garelako bikaintasunera ailegatu. Pazienteak pertsonak dira eta begirunez tratatu behar ditugu. Erditze batean, esaterako, konplikaziorik badago, osasun-langileek hartu beharreko erabakiak hartu beharko dituzte, jakina, baina emakumeari momentu guztian eman behar diote informazioa, eta batzuetan ez da horrela.

Osasun-sistema ona dugu?

Nik baietz erantzungo nuke. Osakidetzaren langilea izateaz pozik egon naiz beti, osasun publikoan sinesten dudalako. Nire iritziz, osasun publikoaren onena dira langileak, eta zaindu behar ditugu; euren balioa azpimarratu. Izan ere, paziente-ratioak oso altuak dira gaur egun; gure eginkizunez gainera, lan burokratiko handia egin behar dugu… Baina pandemiaren hasieran egon garenean, baliabide gutxi genituela, mundu guztia ibili da jo ta ke lanean, euren bizitza arriskuan jarrita. Beste alde batetik, uste dut herritarrei osasun-baliabide publikoak ondo erabiltzen irakatsi behar diegu, batzuetan ez direlako ondo erabiltzen; larrialdietako zerbitzuak kasu. Guztiok borrokatu behar dugu, osasun publikoa guztiontzat bikaina izateko.

Askotan entzun dugu profesional nahikorik ez dagoela edo kanpora joatea nahiago dutela.

Aurreko lerroetan aipatutakoaz gainera, esan beharra dago, lan-kontratuak ez direla onak: lan-kontratu laburrak dira, pertsona berak urtean hainbat lan-kontratu izaten ditu… Orduan, ikasketak amaitzen dituzu eta ez duzu sentitzen leku egonkorrean zaudenik. Ni ez naiz kudeatzailea, baina uste dut modua topatu beharko genukeela fakultatetik atera berriko bizigarriaz elikatzeko eta pozik egon daitezela lortzeko.

Zelan dator bizitza?

Bada, nire ustez, denbora da oparia. Kontsultategiko atea poztasun handiz itxi dut, eta orain beste ate batzuk zabaltzen nabil: inguruan ditudanak eta nire burua zaindu nahi ditut, irakurri, idatzi, euskara ikasten jarraitu, ingelesa ikasten hasi, oparitu didaten txakurtxoa hazi, semeekin bidaia bat egin… Eta nire espezialitateari lotutako azken berriak jakin, jakina!, zeren eta erretiroa hartu dudan arren erizaina eta emagina izaten jarraitzen baitut.

 

GUTUNA

Ez adiorik, Txorierriko emakumeak eta familiak!

Txorierrin emagin 25 urtean ibili ondoren, agur esateko ordua ailegatu da. Lehenengo eta behin, atzera begiratu dut eta egiaztatu dut denbora zein iragankorra den. Gogora oroitzapen asko etorri zaizkit, eta haiekin batera hainbat emozio. Emozio horiek Txorierrin egindako lan-ibilbidearen historia osatzen dute, Lehen Arretan emagin-plaza eskuratu nuenetik.

Lanean hasi nintzenetik, 1999ko azarotik, nire azken lanegun arte, aurtengo martxoaren 1era arte hain zuzen, emakume asko ezagutzeko aukera izan dut, eta haien bitartez, euren familiak. Emaginon eginkizunak abiapuntutzat hartuta, nire eguneroko lana izan da emakumeen eta familien beharrizanak artatzea, aldi ugalkorrean zein hura amaituta, eta pertsonak laguntzea.

Zintzotasunez, zorroztasunez eta enpatiaz lan egiten ahalegindu naiz beti, egoera bakoitzak eskatzen zuen laguntza emanez eta nire kontsultategia erreferentziazko leku bihurtuz. Era berean, kontsultategira etortzea errazten saiatu naiz beti, programatutako hitzordua nahiz bat-bateko hitzordua izan. Kontsultategira sartzen zen per- tsona bakoitza garrantzitsua zen nire- tzat.

Bestalde, ezinbestekoa izan da taldean egindako lana, hala nola gurasoen trebakuntza, erditzearen osteko taldeak, hazkuntza-taldeak, klimaterio-taldeak eta nerabeen taldeak. Horiek guztiek osasunerako hezkuntza integrala emateko aukera ekarri didate, gizartearentzat hain garrantzitsua dena. Izan ere, prebentziorako eta osasuna bultzatzeko tresnak emateaz gainera, gizabanakook osasunari eusteko erantzukizuna ere azpimarratzen du.

Edoskitzea bultzatu dut beti. Umeari bularra emateak ez du ordutegirik. Hasiera zaila izan daiteke, eta horregatik eman behar da aparteko denbora, kontsultategian edo etxean bertan emakumeei laguntzeko, batez ere elikatze-modu honekin duten lehen esperientzia bada.

Esanak esan, lan-ibilbidea poz-pozik amaitu dut, eta, jakina, oso eskertuta, maitasun eta esker on handia jaso dudalako. Kontsultategiko atea itxi dut jakinda beti lanbidea sentitu dudan moduan lagundu eta zaindu egin dudala. Gainera, Osakidetzako bikaintasunean lan egiten saiatu naiz, eta hasieratik benetako bokaziotzat izan dudan diziplina anitzeko lantalde bateko partaidea izan naiz.

Eskerrik asko hainbestegatik eta adiorik ez! Bihotzean betiko eramango zaituztet Txorierriko emakumeak eta familiak!

 

Carmen Artola

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).