Pantailak loaren etsai?

Aikor aldizkaria 2024ko uzt. 1a, 13:34

Urte batzuk dira modan jarri zirela argi urdinaz babesteko filtro eta betaurrekoak. Telefono eta tablet gehienetan, kolore beroak erabiltzen zituzten “gau moduak” ere agertu ziren. Dena, gure erretina eta loa argi horretaz babesteko.

Pantailetako puntu bakoitzean hiru “lanparatxo” daude: bat gorria, bestea urdina eta azkenekoa berdea. Horietako bakoitzari intentsitate konkretu bat emanez lortzen da puntuaren kolorea, eta puntu guztiak hartuta, pantailan irudi bat agertuko da. Hiru kolore horien artean, urdinak dauka uhin-luzera txikiena, beraz, energiarik handiena, eta hortik dator erretina kaltetu ote zezakeen kezka.

Beste alde batetik, izakion loaren kudeaketan, badakigu argi urdinak melatoninaren –loaren hormona– ekoizpenean eragina duela, eta hori da filtro urdinak erabiltzeko aholkuaren atzean dagoen beste arrazoi bat.

Egindako ikerketen berrikuspen sistematiko batek (1) erakusten du balitekeela harremana egotea loaren kalitatearen eta argi urdinaren artean, baina ikerketek badituzte gabezia batzuk ere, hala nola blokeatzen den uhin-luzera zein den eta argiarekiko esposizioaren neurketa.

Beste alde batetik, hainbeste ikerketa aztertzen dituen beste berrikuspen batek (2) ez du antzematen argi urdinak begiari kalte berezirik egiten dionik. Egia da 2018an zelulak argi urdinean jartzen zituen esperimentu batek (3) ondorio hori atera zuela, baina honezkero garbi gelditu da oinarrizko ikerketa bat baino ez zela eta hori ondorioztatzeko goiz zela: alde batetik, ikerketan erabilitako zelulak ez ziren erretinaren zeluletatik eratorriak; eta bestetik, jasotako argi urdina ez zuten normalean begietan jasotzen den moduan jaso.

Zoritxarrez, oinarri ahul hori hartuta, hainbestek pagotxa topatu zuten. Eta hortik etorri ziren filtroak, betaurrekoak... Gainera, filtro horiek seguru gauden sen- tsazioa sorrarazi diezagukete, eta, hori bai, ikerlan guztien arabera begiek pantailekin sufritu egiten dute. Horren arrazoi nagusia da kliskatzeari uzten diogula: begia ez da horregatik behar den moduan hidratatzen eta sikatu egiten da. Oftalmologoek 20-20-20 araua gomendatzen dute: hogei minutuero begiak pantailetatik aldendu eta 20 oinera (oin bakoitza 30 cm inguru) dagoen objektu batera begiratzea 20 segundoz.

Eta, zure loaz kezkatuta bazaude, bidea beste bat da: lo errutina bat hartu. Batetik, egunero ordu beretsuenetan esnatu eta lotara joatea. Bestetik, ohera joatea logura zarenean, eta logura ez bazara, ohetik jaiki (gabez irakurtzeko ohitura badaukazu, adibidez, hobe da besaulkian irakurtzea eta logura zarenean ohera joatea). Azkenik, duten argitasuna dela eta, saiatu lotara joan aurretik pantailak ekiditen, baina ez hainbeste kezkatu argia urdina edo arrunta den.

 

(1) https://labur.eus/aikorurdin1, Hester L, Dang D, Barker CJ, Heath M, Mesiya S, Tienabeso T, Watson K. Evening wear of blue-blocking glasses for sleep and mood disorders: a systematic review. Chronobiol Int. 2021 Oct;38(10):1375-1383. doi: 10.1080/07420528.2021.1930029. Epub 2021 May 24. PMID: 34030534.

(2) https://labur.eus/aikorurdin2 Singh S, Keller PR, Busija L, McMillan P, Makrai E, Lawrenson JG, Hull CC, Downie LE. Blue‐light filtering spectacle lenses for visual performance, sleep, and macular health in adults. Cochrane Database of Systematic Reviews 2023, Issue 8. Art. No.: CD013244. DOI: 10.1002/14651858.CD013244.pub2. Accessed 16 June 2024.

(3) https://labur.eus/aikorurdin3 Ratnayake, K., Payton, J.L., Lakmal, O.H. et al. Blue light excited retinal intercepts cellular signaling. Sci Rep 8, 10207 (2018). https://doi.org/10.1038/s41598-018-28254-8

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).