Arkaitz Ducay eta Patxi Barrutia sondikoztarrak eta Xabier Zubieta derioztarra dira Sakaturen Txorierriko partaideetako batzuk. Hamargarren urteurrenera sasoian heldu diren galdetu diegu, eta erantzun dute galdera hori urtero egiten diotela euren buruari. “Urtea amaitzen denean, sasoitsu eta gogotsu gauden hausnartzen dugu. Denetarik izan dugu: batzuetan, oso ondo joan da, eta beste batzuetan, ez hain ondo; baina azkenean lortu dugu hona heltzea (kar-kar). Lagunak gara eta hona familia bezala ailegatu gara”.
Parranda-giroan gozatzeko musika-egitasmoa da Sakatu, eta, jakina, festa-giroan sortu zen. “Parrandan geundela, elektrotxaranga bat ikusi genuen. Oso txarrak ziren eta otu zitzaigun guk ez genuela okerrago egingo (kar-kar). Egia esan, oso ideia ona da; azken batean jairik jai joaten zara gehien gustatzen zaizuna egiten: musika eta parranda (kar-kar). Gainera, beste talde batzuen abestiak jotzen zituzten talde pare batean genbiltzan garai hartan: batu genituen, formatua egokitu, eta kalera irten ginen”. Taldea 2014ko irailean osatu bazen ere, hurrengo urtera arte ez zuten kontzerturik egin. “Abestiak prestatu behar izan genituen, furgoneta, materiala lortu… Lehenengo bira 2015ean egin genuen”.
Elektrotxaranga bat zer den kontatu digute. “Festa da kalean. Jendea kontzertura joan beharrean, kontzertua jendearengana eramatea. Horrek ekartzen du ezin direla beti kanta berberak bota eta kale-girora hobeto egokitzen den estiloa topatu behar dela”. Publikoaren jarrera ezinbesteko dute. “Hasieran beti kostatzen da apur bat: jendea atzean-edo kokatzen da, baina kontzertuak aurrera egin ahala hasten dira motibatzen, eta ondorioz, gu ere motibatuago izaten gara”. Beharbada, kalean bertan egoteak errazten du musikarien eta publikoaren arteko interrelazioa. “Jende artean egonda, errazagoa izan daiteke jende hori erakartzea eta elektrotxarangaren giroan nahastea. Hala ere, jendea nola harrapatu ere jakin behar da, eta horretarako modua topatu. Ordua eta trago-kopurua ere baliagarriak izaten dira (kar-kar)”. Hiru orduko musika-saioak egiten dituzte, baina askotan lau ordu ere ematen dituzte jotzen. “Luzatzen gara, ze gu ere gustura eta ondo pasatzen izaten gara; lanean, baina disfrutatzen”.
Publikoa erakartzeko, behar-beharrezkoa da abesti-errepertorioa ondo aukeratzea. “Aurten gehiegi aldatu da; pentsa ezazue, reggaeton abesti bat ere sartu dugu… (kar-kar). Gauza da urterik urte publikoa gero eta gazteagoa dela, eta, hortaz, abestiak aldatu behar dira. Guk astero testatzen dugu zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, eta hurrengo denboraldiari begira erabaki ahal dugu zein abesti kendu eta zein ez. Gure estiloa batez ere ska-punk da, eta gaur egun entzuten dena estilo horretara moldatzen dugu”. Euren abestiak sortzea ez dute aukeratzat jotzen. “Ez luke formatu honetan funtzionatuko. Azken batean, abesti ezagunak entzun nahi ditu jendeak… Gezurra badirudi ere, Sarri, Sarri oraindik da gehien eskatzen diren abestietako bat”. Ohikoa da publikoak abesti bat edo bestea jotzeko esatea, baina eskaerak onartzen dituzte, abestiak errepertorioan badituzte. “Abestien ordena aldatzen dugu kasu horietan; bestela, ez dugu jotzen. Beti dago norbait esaten duena «Jo Cicatriz!; bada, ez, ez dugu errepertorioan (kar-kar)”.
Euskal giroa
Sakaturen kideak martxotik urrira bitartean ibiltzen dira herriz herri, jairik jai, ia asteburu guztietan. “Duela urte batzuk ahalegintzen ginen deitzen ziguten leku guztietara joaten, eta asteburu batean bizpahiru kontzertu egin dugu askotan. Hala ere, hausnarketa egin dugu eta erabaki dugu hobe dela kontzertu gutxiago egin eta apur bat deskantsatzea. Izan ere, gu ez gara Sakatutik bizi; bakoitzak bere lana du eta atsedena ere hartu behar da”. Euskal giroko jaietan mugitzen dira Sakatukoak, eta 10 urtean 500 kontzertu inguru egin dituzte. “Batzuetan sorpresak daude, ze herri batera joaten zara eta pentsatzen duzu ez dela ezer egongo, baina bat-batean kontzertu itzela ateratzen da; eta, berriz, gerta daiteke Bilboko Aste Nagusira joan eta ez egotea pentsatzen zenuen giroa”. Egoera bitxiak ere gertatzen dira, hurrengo adibide honetan birus batek eraginda izan arren. “Urte eta erdian kontzerturik egin gabe izan ostean, bi musika-saio egin genituen deskonfinamenduan eta publikoa eserita zegoen, bakoitza bere aulkian eta bata bestearengandik urrun… Bitxia izan zen”.
Euskal Herritik kanpo ere egin dituzte kontzertuak. “Erroman izan gara. Taldekide bat bertan bizi zen eta sorpresa eman genion bere neska-lagunaren laguntzaz. Bi kontzertu egin genituen: bata, gaztetxe moduko leku batean, eta hangoek bazuten apur bat euskal kultura ezagutzen; eta bestea, areto batean”. Bartzelonako Ordal herriko bazterrak ere girotu dituzte. “Hango txaranga bat ezagutu genuen Bilboko jaietan, eta gonbidatu gintuzten euren herrian jotzera. Han arrunta da txaranga herritik jotzen ibiltzea, eta gure formatua ezberdina bada ere, pozik hartu gintuzten; gainera, abesti batzuk espresuki prestatu genituen Ordalen jotzeko”. Azaldu dutenez, ez da erraza Euskal Herritik kanpo ateratzea. “Teruelen, adibidez, Tamborile musika-jaialdia egiten da eta inoiz Euskal Herriko txaranga bati deitu diote, baina arraroa da halako irteerak ateratzea. Behin, Leonetik deitu ziguten guri, random batera gonbidatzeko, baina uste dugu ez zekitela oso ondo zer egiten dugun… (kar-kar). Abestiak gaztelaniaz jo behar genituela esan ziguten, nahiz eta baten bat euskaraz jo ahal genituen; ez zigun merezi eta ez ginen joan”.
Musika-ikuskizunean guztiz bat egiten dute Sakatuko kideek, eta ikuskizunetik kanpo ere ondo moldatzen dira elkarrekin. “Familia bat bezala gara azken batean: batzuetan, in love gaude, eta beste batzuetan… elkar hil nahi dugu! (kar-kar). Normala da, elkarrekin ordu asko ematen ditugu eta”. Atsotitzak dioenez, zenbat buru, hainbat aburu. Gainera, elektrotxarangan hainbeste partaide egoteak logistika-kontuak ere ondo antolatu behar izatea ekartzen die. “Furgonetan nola joan eta nola etorri, esaterako; ez gara inoiz guztiok furgoneta berean sartzen… Ez da erraza, ze guztiok ezin gara ordu berean leku berberera joan; batzuk beranduago ailegatzen dira; beste batzuk, ezin joan… Emanaldiak antolatzea ez da erraza, ze gauza nekea da ororen gogara egitea. Nolanahi ere, egia ere bada elektrotxarangak asko batzen gaituela. Kide berria sartzen denean, apur bat gogorra da berarentzat, nukleo gogorra eginda dagoelako (kar-kar). Ez, ez; erraz hartzen dugu pertsona hori, jatorrak gara eta! (kar-kar)”.
Hasieran esan moduan, Sakatuko kideek urtero hartzen diote pultsua elektrotxarangari, eta hausnartzen dute sasoian dagoen edo ez. Aurten ere horrela egingo dute. “Eta gero, gerokoak”. Bien bitartean, 10. urteurrena nola ospatu pentsatzen dabiltza. “Hurrengoan kontatuko dizugu (kar-kar)”. Gizarte-sareei adi egon beharko dugu, jaiaz eta Sakatuz gozatu ahal izateko.