Teresa Laespada ahaldun nagusiordeak eta Enplegua, Gizarte Kohesio eta Berdintasuna sustatzeko foru diputatuak dei egin dio gizarte osoari, batez ere mutil gazteei, jai libre, alai, errespetuzko eta dibertigarriak eraikitzeko. Ildo horretan, gizonezkoak "indarkeriazko eta jazarpeneko jarreren aurkako gaitzespenean aliatuak izatera gonbidatu ditu", "sexu-erasoen aurreko gaitzespen-adierazpenekin bat etorriz, beste mutil batzuei erakusteko indarkeriaz dibertsiorik ez dagoela".
Hondartzako erreskate-torpedo bat simulatzen duen 3D pieza bat duen ibilgailu bat gure lurralde historikoko hondartza, jai eta kontzertuetan ibiliko da uda honetan. Gainera, une horietan kanpainaren informazio-materiala banatuko da.
Bizkaiko Indarkeria Matxistaren Behatokiak jasotako datuen arabera, 2023an sexu-askatasunaren aurkako 325 biktimizazio zenbatu ziren Bizkaian, hau da, % 18,61 gehiago 2022an baino. 2022an % 22,32 igo ziren aurreko urtearekin alderatuta. Bestela esanda, bi urtean, 2021etik 2023ra bitartean, Bizkaian zenbatutako sexu-askatasunaren aurkako biktimizazioak 224tik 325era igaro ziren, hau da, % 45,08ko igoera izan da. Datuen arabera, sexu-askatasunaren aurkako biktimizazioen % 64,61 ostiralean, larunbatean edo igandean gertatzen dira, eta ia hirutik bat gaueko hamarrak eta goizaldeko ordu biak bitartean gertatzen da ( % 30,15).
Erasotzaile gehienak 30 eta 49 urte bitartekoak dira (erasotzaile guztien % 42,85, 2023an), baina biktima gehienek 21 urte baino gutxiago dituzte (biktima guztien % 55,93, 2023an). Adingabeak izan dira biktimen % 42,81, eta erasotzaileen % 12,08.