“Euskal kultura altxor moduan gorde, erakutsi eta zaindu behar dugu”

Aikor aldizkaria 2024ko uzt. 19a, 13:52

Unai Etxebarria, Etxebarria Aita-seme Trikitilariak

Agenda beteta dute Etxebarria aita-seme trikitilariek, eta udako emanaldietako bi egin dituzte Larrabetzun eta Goitioltza Lezamako auzoan hurrenez hurren. Trikitiaren eta panderoaren soinuaz gain, euren umorea eta izaera aparta ekarri dute Txorierrira.

Emanaldiz beteta duzue uda, eta egun batzuetan ere bi saio… Nola ateratzen da bizirik halakoetatik?

Bada, bizirik atera behar da nahitaez (kar-kar). Emanaldi guztietara berdin joaten ahalegintzen gara, nekea kenduta eta gogo berberarekin, baina batzuetan kostatzen da. Adibidez, uda amaieran saio asko izaten ditugu eginda eta deskantsatzeko beharra sumatzen da… Nolanahi ere, gure bizitza beti izan da horrela eta ohituta gaude: txikitan aita abenduan, urtarrilean eta otsailean ikusten nuen, eta martxotik aurrera, tantaka. Hortaz, berarekin lanean hasi nintzenean banekien zer zegoen: hau gure lana da eta horrela hartu behar dugu.

Herriko jaietan ez ezik gizarte-sareetan ere bazarete biralak. Asko lagundu dizuete azken horiek?

Aurretik ere gauza pilo bat egiten genituen gure inguruan, baina gure burua kanpoan ezagutzera ematen lagundu digute. Azken batean, zure lana eta izaera grabatu eta eskegitzen duzu, eta jendeak ikusten du ez zarela gizarte-sareetan eskaintzen den betikoa. Gure arrakasta izan da gehienbat etxekoa eta nolakoak garen erakustea eta naturaltasuna. Dena dela, gizarte-sareak ez dira eguneroko gauza, erremienta baizik, gaur egungo bizitzan inportantea dena, baina ez dira buru-belarri ibili behar den gauza.

Adibidez, lerro hauek idaztean 41.000 jarraitzaile baino gehiago dituzue Instagramen, eta haien artean Europako beste herri batzuetakoak, Estatu Batuetakoak eta Hego Amerikakoak ere badaude.

Euskal kultura ikusten dutenean flipa egiten dute. Hura da azken batean altxor moduan gorde, erakutsi eta zaindu behar duguna. Nortzuk garen, nolakoak… hori gustatzen zaio kanpoko jendeari. Turistentzako pisuak alokairuan ipintzeak dirua emango du epe laburrean, baina gure nortasuna da Euskal Herria salbatuko duena.

Naturaltasuna aipatu duzu lehen. Inprobisatutako bideoak dira zuenak?

Bideoen % 90 bai. Jotzen gabiltzala edo zerbait ikusten dudanean grabatutako bideoak dira. Geroago editatu, eta gizarte-sareetara igotzen ditut. Gainerako %10a –esaterako, pertsonaiak egiten ditudanean– apur bat gehiago pentsatuta daude, baina ez asko: buruan apur bat irudikatzen dut, aitari esaten diot eta egiten dugu.

Umorea badu aitak…

Duela urte batzuk esan zidan jubilatzeko gogoa zuela eta neuk paperak hartzeko eta nahi nuena egiteko. Ados nengoela erantzun nion, baina horren truke gizarte-sareetan egon behar zuela. Hasieran, “Bueno… Bale…” esan zidan, baina bigarren bideoa ikusi zuenean “Joder, me veo hasta guapo!” bota zuen (kar-kar). Gustua sartu zaio barruraino.

Bi disko dituzue kalean, Lau belaunaldi eta Familia gara, eta bertan euskal ohiko kantak ez ezik, abesti modernoagoak ere sartu dituzue; adibidez, Loquilloren El ritmo del garaje

Aitaren gauza da hori, izan ere, esaten diodan moduan, “el viejo rockero nunca muere” (kar-kar). Rock-abestiak gustatzen zaizkio eta abesti horietan ere erakusten du trikitiarekin duen abilezia.

Emanaldiak Euskal Herritik kanpo ere egiten dituzue, esaterako, Kantabrian eta Burgosen. Zelan hartzen zaituztete bertan?

Gu, beharbada, aspertuta gaude trikitia eta panderoa entzuteaz, baina kanpoan flipa egiten dute bi musika-tresna hauekin bakarrik zer sortu daiteken ikusita. Behin, esate baterako, Valladolidera joan ginen J.J. Vaquero umoregilearekin grabatzera, eta poteoan eta jotzen ibili ginen handik. Jakina, abesti ezagunak jo genituen hangoek ere kantatu ahal izateko, eta flipa egiten zuten trikitiak eta panderoak sortzen duten poztasuna dela eta. Gizarte-sareetan bideoei buruz egindako aipamenetan ere ikusi daiteke hori, ze askotan halakoak idazten dituzte: ez dut ezer ulertzen, baina izugarri gustatzen zait.

Uda gelditu barik ibiliko zarete, baina baduzue epe laburreko proiekturik?

Bada, disko berria aterako dugu Durangoko Azokarako. Gure abestiak zein kanta batzuen bertsioak batuko ditugu bertan, eta dagoeneko hasi gara gure abesti batzuk grabatzen. Gainera, uste dugu udan gure abestiren baten aurrerapena egiteko moduan egongo garela.

 

Saga

Koldo Etxebarria (1960) eta Unai Etxebarria (1993) aita-seme basauriarrek osatzen dute Etxebarria Aita-seme Trikitilariak bikotea. Musikarien saga bateko kideak dira, Koldoren aitite eta aita ere trikitilariak izan ziren eta: Eduardo Etxebarria Piti (1900-1993) eta Luis Etxebarria (1928-2005). Unaik aitaren pausoei jarraitzea erabaki zuen gaztetxoa zela. “Beste garai batzuk ziren orain dela 20 urtekoak, eta nik ikusten nuen aita eta aitite joaten zirela batera jotzen. Baina aitite gaixotu zen eta aita beste batekin jotzen hasi zen. Behin, 10 urte-edo nituela, panderoa oparitu zidaten, eta, egia esateko, ez dakit oparitu zidaten zer egiten nuen ikusteko edo panderoa gozatzeko. Izan ere, nik ez nekien ezer jotzen. Gauza da bilduma-disko bat ere oparitu zidatela, eta konturatu nintzen hango abestiak errepikatzeko gauza nintzela, eta soinu berberak atera. Aitari erakutsi nion, eta nahi izanez gero hurrengo hilabetean berarekin jotzeko esan zidan. Bada, Sukarrietan egin nuen lehendabiziko emanaldia 11-12 urte nituela”. Harrezkero, aitarekin ibiltzen da herririk herri, Euskal Herriko eta inguruko jaiak euren doinuez girotzen eta alaitzen. Era berean, mundu birtualera eraman dituzte trikitia eta panderoa, eta euren musika eta umorea biral bihurtu dira gizarte-sareetan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).