Azalak memoria dauka, zaindu ezazu!

t: Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatea 2024ko uzt. 26a, 14:27

Urteko hilabeterik beroenetan gaude, eta, gainera, egun eguzkitsuenetan. Eguzkitan ordu luzeak ematen baditugu neurriak hartu ezean, ondorio larriak izan ditzakegu osasunean. Larruazala organo liluragarria da, eta bizitzan zehar bizi izan ditugun esperientzien metatze-ondorioak gogorarazteko eta erakusteko gaitasuna du. Azalaren memoria ez da mito bat.

Eguzkiaren eraginpean egoteak gure azalean inpaktua du

Larruazalak memoria duela esateko arrazoi nagusietako bat gure bizitzan zehar eguzkitan egoteak duen metatze-efektua da.

Eguzkiaren erradiazio ultramorea azaleko geruza sakonenetan sartzen da, eta larruazaleko zelulak kaltetu ditzake, zahartze goiztiarra, zimurrak, eguzki-orbanak eta, muturreko kasuetan, azaleko minbizia eraginez.

Eguzkiak eragindako kalteak metagarriak dira eta denboran zehar batzen dira. Nahiz eta gure ohiturak aldatu eta larruazala bizitzaren ondorengo etapetan babestu, aurreko eguzki-esposizioaren ondorioak ager daitezke.

Gaztaroa, gure azalerako funtsezko etapa da

Gaztaroan, gure larruazala gogorragoa da, eta errazago susper daiteke kalteetatik. Hala ere, etapa horretan hartzen ditugun erabakiek epe luzerako eragina izan dezakete.

Eguzkipean babesik gabe luzaro egoteak, erretzeak edo osasungarriak ez diren ohiturak izateak larruazalaren zahartze-prozesua bizkortu eta larruazaleko gaixotasunak garatzeko arriskua areagotu dezakete.

Larruazala zaintzeko funtsezkoa da ohitura onak hartzea adin goiztiarretik, kalteak minimizatzeko eta epe luzera larruazalaren osasunari eusteko.

Hortaz, hona hemen azala zaintzeko hainbat gomendio:

  1. Ezinbestekoa da eguzki-krema erabiltzea, baita eguna lainotuta dagoenean ere. Zalantzarik gabe, gure armarik onera da eguzki-erradiazio kaltegarrietatik babesteko. Eguzki-krema on bat aukeratzerako orduan, zenbait alderdi kontuan izan behar ditugu. Espektro zabalekoa izan behar du, urarekiko erresistentea eta babes-faktore altua izan behar du, 30 SPF (Sun Protection Factor) edo handiagoa. Horrez gain, beste hainbat gomendio izan behar ditugu kontuan:
    • Garrantzitsua da aurpegirako eguzki krema erabiltzea. Zergatik? Aurpegiko larruazala gorputzekoa baino finagoa eta delikatuagoa denez, komeni da babes-krema berezi bat erabiltzea, testura atseginagoak eta egokiagoak dituena.
    • Garrantzitsua da bi ordutik behin berriz ere krema ematea, edo 40 minututik behin, bainua hartzen bada.
    • Krema, eguzkitan jarri baino 30 minutu lehenago eman behar da.
    • Kontu handiz ibili behar gara egun lainotsuetan edota haizedunetan, eguzki-erradiazioa berdina baita, baina bero-sentsazio baxuaren ondorioz, ez dugu pentsatzen eguzki beteko egun batean bezala babestu behar garenik.
  2. Egunaren erdiko orduak saihestu, 12:00etatik 16:00etara ez zaitez eguzkitan jarri.
  3. Ez zaitez eguzkiz ase. Hondartzara joateko irrikan zaude, erlaxatzeko, udako egun horietaz gozatzeko, azken finean. Baina ez da gomendagarria hondartzan edo igerilekuan egun luzez eguzkitan egotea. Gogoan izan eguzkitan jartzeak progresiboa izan behar duela beti.
  4. Osagarri batzuk aliatu bikainak dira, hala nola hegal zabaleko kapelak edo txapelak, eguzkiak aurpegian zuzenean ez emateko.
  5. Eguzkia hartu aurretik kontuz ibili kosmetikoak, koloniak, lurrinak edo konposizioan alkohola duten produktuak erabiltzearekin. Fotosentikorrak izan daitezke eta erredurak eragin ditzakete.
  6. Eta ez kosmetikoak bakarrik. Arreta berezia jarri behar da sendagai fotosentsibilizatzaileekin, hala nola antibiotikoekin, hanturaren aurkakoekin, ahotik hartzen diren antisorgailuekin eta abarrekin. Horregatik, tratamenduan egonez gero, garrantzitsua da medikuarekin kontsultatzea.
  7. Esposizioaren aurretik funtsezkoa da larruazala zaintzea. Horrela, etxean eguneroko edertasun-errutina jarraitu behar da: esfoliatu + garbitu + hidratatu. Zer lortzen dugu horrekin? Larruazala osasuntsuago egongo da eta, ondorioz, beltzarantzea uniformeagoa eta iraunkorragoa izango da.
  8. Dieta ere garrantzitsua da. Jaten duzunak zure larruazalaren osasunean eta egoeran eragiten du. Horrela, elikadura orekatua izatea ere ezinbestekoa da larruazal osasuntsu eta fotobabestu baterako. Adituek fruta eta barazki gehiago hartzea gomendatzen dute.
  9. Eta edan ura. Kanpotik bakarrik ez gara hidratatu behar, barrutik ere bai. Funtsezkoa da larruazala hidratatuta edukitzeko behar adina ur edatea. Egunero bi litro inguru edatea gomendatzen da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).